TXAPELA BURUAN. Larraitz Ariznabarreta. AEBetan bizi den zarauztarra

«Politikoki zuzena izateak duen garrantzi horrekin harritzen naiz»

Ariznabarretak uste du eremu askotan politikoki zuzena izan beharrak estatubatuar asko nekatu dituela. Donald Trump presidenteak pertsona horiekin guztiekin konektatu duela azaldu du.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
AEBetako Renoko Unibertsitatean euskal gaiak irakasten eta ikertzen ditu Larraitz Ariznabarretak (Bilbo, 1968). Euskal Herrian abiatutako karrera akademikoari jarraipena emateko joan zen AEBetara duela lau urte, eta Boiseko Unibertsitatean aritu ostean, Nevadara lekualdatu zen. Hango ikasleek euskal gaiekiko erakusten duten interesak poztu egin duela dio. Bilbon jaio zen, baina urte luzez Zarautzen (Gipuzkoa) bizi izan da, eta bere burua zarauztartzat duela dio.

Euskal diasporaren inguruko ikerketa ugari eginak dituzu. Orain diaspora horren kide bihurtu zarela esan daiteke?

Hala da, bai. Tesia egin nuenean asko teorizatu nuen gaiaren inguruan, eta diasporak ekartzen duen askatasunaz.

Askatasun horretaz aprobetxatzen ari zara, beraz?

Diasporak ekartzen du askatasuna, baina beste lotura batzuk ere sortzen ditu. Euskal Herritik apur bat urruntzeak zure herriarekiko beste ikuspegi bat ematen dizu, eta bertan zaudenean ez da hainbeste sumatzen.

Zertan sumatu duzu ikuspegi aldaketa hori?

Euskal gaiei buruz ikertu behar duzunean, esaterako, ikerketa objektuari beste modu batean begiratzen diozu. Horrez gain, igartzen dut hango ohitura batzuk arrotzak egiten hasi zaizkidala.

Adibidez?

Renon oso aparte bizi gara, eta orain ezin dut jasan tabernetan egon ohi den giroa. Beti gustatu izan zait, baina orain gehiegizkoa egiten zait. Esan daiteke gorputza ohitu egiten dela jendetza ikaragarri horietatik aparte egotera. Euskal Herrian nagoenean joaten naiz halakoetara, noski, baina, egia esan, kosta egiten zait.

Renoko Unibertsitatean euskal arteari buruzko irakasgai bat ematen duzu. Zer esaten dute ikasleek euskal kulturari buruz?

Orain arteko ikasleek interes handiarekin begiratzen diote euskal kulturari, eta horietako gehienak ez dira euskaldunak izatez. Halako interes batek erakartzen ditu, eta konturatzen dira oso metafora interesgarria dela beste gauza batzuk ulertzeko.

Zein zentzutan?

Ikustea estatu bat ez daukan komunitate batek nola iraun duen ehunka urtetan, hori oso interesgarria da aztertzeko. Iraupen horrek zein ezaugarri izan dituen ikustea, hori oso interesgarria da eurentzat. Interesgarria egiten zaien beste gai bat ere badago: ikustea euskaldunentzat hizkuntzak zein garrantzi duen identitatea eraikitzeko garaian. Haiek identitatearekin daukaten harremana oso indibiduala baita, eta ez dute pentsatzen identitate sozialak zein garrantzi daukan euren eraikuntzan. Ez badira gutxiengo bateko partaide, hau da, AEBetako beltza edo emakumea, gizon zuri anglosaxoiek ez dituzte hausnarketa horiek egiten, eta oso ondo etortzen zaie.

Zerk erakarri zuen zure arreta gehien AEBetara joan zinenean?

Indibidualismoak eta politikoki zuzena izan behar erraldoiak. Diskurtso asko dago hemen, eta kontu handia izan behar da mikroerasoekin, etnia ezberdinetako jendea minduko ote duzun kontuan izan behar da. Unibertsitatean, esaterako, ikastaro ugari ematen dituzte mikroeraso horiek saihesteko. Askotan politikoki zuzena izateak duen garrantzi horrekin harritu egiten naiz.

Ezin esan daiteke, ordea, Donald Trump AEBetako presidentea zuzentasun politiko horren lekuko argiena denik...

Aldaketa bat egon da alde horretatik, eta nik uste dut politikoki zuzentasunarekin kokoteraino zegoen jende askorekin konektatu duela. Aurretik bazegoen humus bat izate horren aurkakoa, eta horrek eman dio arrakasta. Zuzentasun hori akademian dago, baina gero AEBetan ez dago hori. Bestelakoa da errealitatea, eta orduan horrekin konektatu du.

Orain egiten ari den koronabirusaren kudeaketa nola ikusten duzu handik? Hasiera batean gutxietsi egin zuen gaitza, eta, orain, kutsatu gehien duen munduko herrialdea bilakatu da...

Europan gurasokeria handia dago AEBekiko, baina AEBak hori baino konplikatuagoa dira. Hemen, Espainian ez bezala, estatuek, hau da, administrazio hurbilekoek eskumen handiak dauzkate koronabirusa nola kudeatu erabakitzeko. Gauza bat da Trump, eta bestea zein eskumen dituzten estatuek koronabirusari aurre egiteko. Askotan baita presidenteari berari aurre eginda ere! Bitxia da ikustea nola Europan AEBetako kudeaketa aipatzen den, eta hemengo hedabideek etengabe esaten duten Espainia dela munduko herrialde lotsagarriena kudeaketa aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.