TXAPELA BURUAN. Mirari Narbarte. Bogotan den atarrabiarra

«Bueltatzea asko gustatuko litzaidake»

Narbartek ez zuen uste Kolonbiako hiriburuko jendetzara ohitu zitekeenik. Hala ere, egonaldia disfrutatzen ari dela adierazi du. Plan asko bertan behera geratu zaizkio birusa dela eta.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Mirari Narbarte (Atarrabia, Nafarroa, 1997) Pedagogia ikaslea da Granadako Unibertsitatean (Andaluzia, Espainia). Aurten, berriz, Kolonbiako hiriburuan ari da ikasten, unibertsitate arteko mugikortasun beka bati esker. Ikasturte erdian pandemiak harrapatu du, eta egin nahi zituen bidaia eta plan asko bertan behera geratu dira.

Zegatik hautatu zenuen Kolonbia?

Ez nuen asko pentsatu. Argi nuen Latinoamerikara etorri nahi nuela, nire begiz ikusteko hemengo bizimodua. Beste herrialde batzuk nituen buruan. Azken momentuan, Bogotan egondako beste ikasle bati galdetu nion, eta, erreferentzia onak eman zizkidanez, bitan pentsatu gabe Kolonbia jarri nuen nire lehen aukera bezala.

Kultura erabat desberdin batean murgildu zinen. Talka egin al zizun?

Bai. Iritsi nintzen egunean asko harritu ninduen hemen zenbat trafiko zegoen. Ikaragarria da. Fruta pila bat dago, eta asko gustatzen zait. Beste jakiekin kostatu zait; zopa asko hartzen dituzte, eta ni pixka bat berezia naiz zentzu horretan. Klaseko ordutegia egin zitzaidan zailena. Goizeko seietan hasten dira eskolak, eta eskerrak unibertsitatetik gertu bizi naizela. Ikaskide batzuek klasera heltzeko hiru ordu behar baitituzte...

Atarrabia, Granada, Bogota... oso bestelako hiru hiri.

Atarrabia familia hitzaren sinonimoa da. Bertatik ateratzea gustatzen zait, baina beti itzultzen naiz pozarren. Txikia da, eta bere xarma hori du. Granada oso polita da, eta eskaintza handia du. Ikasle giro ederra dauka, gainera. Aldaketa izan zen Granadara joatea, baina onerako. Eta Bogota erabat desberdina da. Jendetza eta zarata daude, baina,aldi berean, kultur eskaintza pila bat. Zaila egin zitzaidan hasieran jendetzara egokitzea, baina oso adeitsuak izan dira nirekin hasieratik.

Pedagogiari dagokionez, zer ekarpen egin dizu Kolonbiak?

Hemengo unibertsitatean ez dago Pedagogia gradurik, eta, horregatik, gizarte zientzietako ikasgaiak egiten ari naiz. Hasieran ez zen erraza izan nire ikasketekin zerikusi handirik ez zuten gaiak ikastea, baina aldi berean asko ikasi dut. Gainera, nire fakultatean ikasle mugimendu handia dago, eta ikasleek duten indarra eta aldaketarako gogoa ere irakaspen handia izan dira.

Erasmusek, ikasteko ez ezik, parrandarako eta gozamenerako tartea ere utziko zizun, ezta?

Noski. Lehen seihilekoan talde polita sortu genuen, eta ikasketek uzten ziguten heinean bidaiatzeko aprobetxatu dugu: Medellinen, Kariben, Amazonas inguruan-eta ibili gara. Eta parrandarik ez da falta. Euskaldunoi bezainbeste gustatzen zaie hemen gauetan ateratzea.

Pandemiarekin, baina, plan guztiak zapuztuko zitzaizkizuen...

Perun dagoen lagun bat bisitatzeko asmoa nuen, baina orain ezinezkoa da. Hala ere, gurasoekin ezin bidaiatzeak izorratu ninduen gehien. Nire urtebetetzerako, gurasoak etorri ziren bisitan. Cartagena aldera joateko asmoa genuen, baina iritsi eta lehendabiziko egunean dena ixten hasi ziren. Gurasoen bueltako hegaldia ere bertan behera geratu zen, eta nolabait moldatu behar izan zuten Euskal Herrira bueltatzeko. Pena handia eman zidan. Gainera, orain bakarrik nago, gure taldeko gehienak etxera bueltatu direlako.

Karrera bukatzeko gutxi falta zaizu. Zer asmo duzu etorkizunean?

Ez dut ideiarik ere. Segur aski Atarrabiara bueltatuko naiz denboraldi baterako. Idealena litzateke lanen bat topatu, eta aurreztutakoarekin berriz Latinoamerikara etortzea. Bueltatzea asko gustatuko litzaidake. Baina oraintxe bertan etorkizuna ez da batere ziurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.