TXAPELA BURUAN. Ander Txurruka. Italian dagoen gasteiztarra

«Doktoretzak oso gogorrak dira; bai Euskal Herrian, bai hemen»

Biologo zelularra da Txurruka, eta doktoretza egiteko aukera baten bitartez heldu zen Bresciara. Italiarrek bizimodu antzekoa dutela adierazi du, eta horregatik uste du «erraz» moldatu dela bertara.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ander Txurrukak (Gasteiz, 1991) urteak daramatza atzerrian bizitzen. Mexikon eta Frantzian egon izan da, eta azken urtea, berriz, Italiako iparraldeko Brescia hirian egin du. Biriketako minbiziaren kontrako ikerketa batean ari da doktoretza egiten. Momentuz han geratzeko asmoa duela adierazi du.

Zerk eraman zintuen Bresciara?

Karrera Mexikon bukatu nuen, eta masterra ere han egin nuen. Lau urte luze egon ondoren, doktoretza egiteko aukera sortu zitzaidan hemen, Brescian, eta Europara itzuli nintzen.

Denboratxo bat daramazu han. Italiar bihurtzen hasi zara?

Oso azkar egokitu naizela uste dut. Ez da batere exotikoa, eta italierarekin oso ongi moldatzen naiz. Askotan, ohartu gabe, italieraz pentsatzen dudala jabetzen naiz... Eta hori urte eta piko baino ez daramadala hemen! Gurasoekin hitz egiten dudanean, nahi gabe italierazko hitzak sartzen ditut, edo italiarrek egiten dituzten esku-mugimenduak ere bai; oso frustragarria da. Aperitiboa eta spritz-a hartzeko ohitura badut, noski, eta gustura hartzen ditut.

Betetzen al dira italiarren inguruko estereotipoak?

Bai. Esku mugimenduarena, erlijioarena... Hemen, Lombardian, oso katolikoak dira, eta, nik zientzian egiten dudala lana, gauza batzuk ez dituzte esaten laborategian... Orokorrean, italiarraren irudia bat dator italiarren izaerarekin. Autoen mitoa ere asko betetzen da: Brescia hiri txikia da, Gasteiz baino txikiagoa, eta kirol auto asko ikusten da. Dotoreak dira, eta presio handia da hori niretzat, nik lehenengo harrapatzen dudana janzten dudalako, eta hori Italian ez da erraza.

Gasteizen zenuen bizimoduarenoso desberdina al da hangoa?

Bizimodu desberdina dut, baina esango nuke lanaren araberakoa dela. Gasteizen bizi nintzenean unibertsitatean nengoen, eta lasaiagoa zen nire bizitza. Baina doktoretzak oso gogorrak dira; bai Euskal Herrian, bai hemen. Baina ez nago Oslon edo Stockholmen; bizitza ez da oso desberdina Italian. Eguzki gehiago dago hemen, hori bai. Baina jendea oso soziala da, eta tabernetako giroa antzekoa da.

Zeren falta sumatzen duzu han?

Familiarena, lagunena eta betiko gauza horiena, noski. Baita janariarena ere. Italian barrualdeko hirietan ez da arrain asko jaten; Euskal Herrian gehiago jaten dugu. Pil-pila eta marmitakoa faltan sumatzen ditut, adibidez. Dena den, hegaldi zuzena daukat Bergamotik Gasteizera, eta herrialde antzekoak izanik ez dut horrenbesteko falta sumatzen. Han nagoenean, hemengo gauzak faltan ditut: spritz-a, pizzak...

Zer eskaintzen du Bresciak?

Oso hiri polita da, eta txoko asko ditu asko gustatzen zaizkidanak: gaztelua, foro erromatarraren inguruko kaleak eta elizak. Ni oso ateoa naiz, baina elizak asko gustatzen zaizkit.

COVID-19ak gogor jo zuen Italiako iparraldea. Nola bizi izan zenuen?

Hasiera oso kaotikoa izan zen. Inork ez zuen ezer ulertzen, eta, Europako lehen herrialdea izanik, ez zuten erreferenterik ere. Lombardia itxi zutenean, jendeak trenak hartu zituen hegoaldera joateko... Psycho thriller bat ematen zuen. Niri kultura eman dit pandemiak eta konfinamenduak, liburu asko irakurri ditudalako eta film asko ikusi ditudalako.

Etorkizunean Gasteizera bueltatu nahi zenuke?

Etorkizuna ez dut batere argi. Doktoretza bukatzen dudanean, agian doktoretza osteko ikerketa baterako geratuko naiz hemengo akademian, baina ez dakit. Lehenik, oraingoa bukatu beharko dut. Euskal Herrira ez naiz bueltatuko, nik uste, baina oso urrun ere ez naiz joango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.