ATZEKOZ AURRERA. Jakoba Errekondo. Paisajista

«Etxea etxeago da landareak edukita»

Etxean, balkoian eta lorategian haz daitezkeen 91 landare espezie bildu ditu Errekondok 'Etxeko landareak' liburuan. Mota bakoitzaren beharrak eta zaintza irizpideak zehaztu ditu egileak.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Landareak badirela nor. Ideia horren bueltan ondu du Jakoba Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1961) Etxeko landareak liburua. Etxean edo etxe inguruetan landa daitezkeen espezie ugari zaintzeko trikimailu eta oinarriak esplikatu ditu liburuan.

Etxeko Landareak liburua berria da, baina denbora asko daramazu landareen bueltan idazten, 25 urte inguru. Zertan aldatu da landareen mundua?

Saltoa izugarria da. 25 urtean askoz landare gehiago dauzkagu. Are, guk hemen etxe barruan dauzkagun landareak urrutiko landareak dira. Euskal Herrian etxe barruan ditugun baldintzak zona tropikaletako baldintzak dira. Beti tenperatura berdina 20 gradu inguru,argi asko... Beste toki batzuetan kanpo baldintzak direnak barruko baldintzak bihurtzen dira hemen. Horrez gain, egun landareen zaintzaz askoz gehiago dakigu.

Egungo ikuspegitik, zeri esaten zaio etxeko landarea?

Liburuan 100 bat landare azaltzen dira, baina etxearen bueltan askoz gehiago daude. Aukeraketa bat egin behar izan dut, eta hiru esparrutan banatu: etxe barruan erabiltzen ditugunak, balkoian erabiltzen ditugun batzuk eta, azkenik, lorategian landatzekoak. Landare bakoitzaren fitxak daude, eta esaten den lehenengo gauza da norako moduko landarea den: bakarrik barruan erabiltzeko modukoa, barruan eta kanpoan, edo kanpoan.

Etxe bakoitzeko baldintzak kontuan hartu behar dira landareak aukeratzerakoan. Zein faktorehartu behar dira kontuan?

Lehenengo gauza jakin behar duguna da gure etxean zer baldintza dauzkagun; hau da, landare bat non jar daitekeen. Hiru maila markatu ditut: argiztatuta dauden leiho eta beirate handidun etxean, erdipurdiko argia duten etxeak eta ilunpe dezenteko tokiak. Hiruretarako daude landareak. Beste faktore bat da landare bakoitzarekin zenbaterainoko lana hartzeko prest gauden. Landare batzuk erdi utzita ere ondo bizitzen dira, eta beste batzuk askoz ere mokofinagoak dira, eta zaintza zorrotzagoa eskatzen dute.

Ez dago aitzakia posiblerik, beraz. Edonon eta edonork haz dezake landare bat.

Bai, bai. Edonork, zalantzarik gabe. Denok dauzkagu txokoak; mugak gure barruan daude. Horretarako, garrantzitsuena saiatzea da.

Batzuei, baina, kaktusak ere hil egiten zaizkie...

Jendeak edukitzen ditu landareak eskultura bat edukiko balu bezala. Askok pentsatzen dute landare bat hor jarrita, besterik gabe, ekarri bezalaxe iraungo duela betiko. Ez da horrela. Landareak badira nor, gu bezalaxe. Jan behar dute, loratzeko, ondo bizitzeko eta hazteko inguru egokia behar dute, zaintza ona behar dute... Zuk ematen badiozu landareari, bueltan hartuko duzu. Hartu-eman bat da.

Landare bat zaintzeko eskema orokorra zein da?

Ezagutu egin behar dugu. Ezagutza minimo horretatik etorriko da jakitea zer egin behar den kasu bakoitzean. Pertsonekin bezalaxe da; guk elkar ezagutzen dugu, eta badakigu besteari zer gustatzen zaion eta zer egin behar dugun. Behar duena ematen ez badiogu, landarea gaizki biziko da. Adibidez, kaktusei eta ileak dituzten landareei ez zaizkie busti behar hostoak. Hosto distiratsuak dituzten landareei,berriz, ikaragarri gustatzen zaie.

Zein da ondo zaintzeko gakoa?

Gako nagusia gogoa jartzea da. Gogo horren arabera ezagutuko du norberak landarea, eta ezagutza horren arabera edertuko da landarea.

Zer ematen dute landareek?

Landareek ematen dute bizipoza. Etxea etxeago da landareak edukita. Etxe bateko balkoia lorez josita ikusten duzunean, badakizu etxe horretako pertsona nolakoa den. Landareek jendeari buruzko informazioa ematen dute. Orokorrean begiratuta, baita gure jendarteari buruzkoa ere.

Landare batzuek, gainera, propietate onak dituzte. Kozinatzeko, gaixotasunak arintzeko...

Mundu asko abiatzen dira landare batetik. Eta ez hori bakarrik, guk inguruan dugun guztia landareetan oinarrituta dago.

Landare baten zaintza balio igorle ere izan daiteke. Zer balio irakasten dute landareek?

Landareen zaintzak ematen duen balio garrantzitsuena denbora da. Landare bat hartu, zaindu; egunero begiratu zer moduz dagoen; arazoren bat baldin badu, ikusi zer gertatzen ote zaion; beste toki batera aldatzea komeni ote den… zaintza horrek ematen duena da denboraren beste kontzeptu bat. Ziklo naturaletara bueltatzea da.

Inoiz landare bat zaindu ez duenari zer esango zenioke?

Unibertsoaren erdia ez duela ezagutzen. Norbera nolakoa den ezagutzeko bide garrantzitsua dira landareak, eta bizi kalitatea ematen digute. Edertasunerako bidea landareak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.