ATZEKOZ AURRERA. Carla Peirano. Zapata diseinatzailea

«Oinetakoak dira gure sustraiak»

Peiranok Libertad Avenue proiektua jarri du martxan. Hiriko txirrindularientzako zapatak saltzen ditu, jasangarritasuna, segurtasuna eta diseinua uztartuz. Zapatok erraz konpon daitezke.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Carla Peiranok (Viña del Mar, Txile, 1975) 6 urte zituenean ikasi zuen bizikletan ibiltzen, eta ordutik, ez da inoiz bizikletatik jaitsi. Behin, bizikletan ibiltzen ari zela, erosi berri zituen zapata dotore batzuk puskatu egin zitzaizkion. Urte erdi iraun zuten zapatek, eta ez zegoen konpontzeko modurik. Anekdota hura ogibide eta proiektu bihurtu du. Libertad Avenue proiektua sortu du Bilbon, eta hiriko txirrindularientzako zapatak saltzen ditu. Modu jasangarrian ekoiztu, txirrindularien segurtasuna eta erosotasuna bermatu, diseinu erakargarria duten oinetakoak egin eta konpondu daitezkeen zapatak egin: osagai horien guztien emaitza da proiektua.

Hiriko txirrindularientzako zapata marka bat sortu duzu. Zer da zehazki hiriko txirrindularitza?

Eguneroko ohiko mugimendu guztiak bizikletan egitean datza: lanera, lagunekin elkartzera, erosketak egitera... dena bizikletaz. Orokorrean, txirrindulari horiek egunean hamar kilometro inguru egiten dituzte.

Horrelako ibilbideak kontuan hartuz, zer ezaugarri dituzte diseinatzen dituzun oinetakoek?

Hasteko, zola erraz aldatzeko aukera izan behar dute. Urradura handiak jasaten dituzten materialak bilatu behar dira. Nire kasuan, ahalegindu naiz hori material birziklagarrietan bilatzen. Dena inguruan ekoitzita egotea ere garrantzitsua da niretzat, eta ingurumena kaltetzen ez duten tindagaiak bilatu ditut.

Zenbat denbora iraun dezakete zure zapatek?

Nire asmoa da, konponketak barne, hamar urte irautea.

Eta zerk egiten ditu egoki bizikletan hirian ibiltzeko?

Hirietan bizikletan mugitzeko traba nagusia segurtasuna da. Horregatik, nik egindako oinetako guztiek islatzaileak dituzte. Material distiratsuak segurtasuna ematen die txirrindulariei, batez ere neguan, ordu asko pasatzen baitituzte errepidean gau ilunetan. Beste urrats bat ere egin nahi dugu; atzean, argitxo bat jarri nahi diegu, oinetakoa, egoeraren arabera, piztu eta itzali ahal izango dena. Horrez gain, diseinuaren eta erosotasunaren arteko oreka dago. Ergonomikoak dira, barrutik kirol oinetakoen antzekoak dira. Kanpotik, berriz, mozorro itxura ekiditen saiatu naiz, gehiegikeriarik gabe.

Ikerketa aipatu duzu zapatak diseinatu eta ekoizteko oinarri gisa.

Modan, ikerketa ezinbestekoa da gizartearen joerak aztertzeko eta koloreak hautatzeko, adibidez. Baina horrelako proiektu bat sustraitu ahal izateko, ezinbestekoa da materialen inguruko ikerketa bat egitea, eta non eta nola ekoitziko duzun ondo zehaztea. Zaila izan da oinarrizkoak diren baldintzak betetzen dituzten materialak topatzea.

Zer ikuspegi duzu modarekiko?

Nik neuk aspaldi egin nuen moda kritikoaren aldeko hautua, baina jendartean ez dago ikuspuntu hori errotuta. Adibidez, tearekin tindatutako oinetakoak detergente arruntarekin garbitzen badituzu, margoa segituan joango zaio. Egitura korapilatsua da, luzea da katea. Egunerokoan erabiltzen ditugun produktuen inguruko kontzientzia eta moda ekologikoaren aldeko hautua batera joan behar dira. Horrela bakarrik izango da posible aldaketa erradikala.

Libertad Avenue aldaketaren aldeko hautu gisa jaio da?

Erabat. Bizikleta erabili eta oinetako ekologikoak erabiltzen dituen norbaitek piztuta dauka argi berdea. Munduko bi industria kutsakorrenak garraioa eta ehungintza dira.

Kutsaduraz gain, modaren industrian, langileen baldintzen inguruko gertakari larri ugari azaleratu dira...

Bai, tranpak egiten dira. Askotan, adibidez, ez dizute zure produktuak ekoitzi dituen benetako lantegia erakusten; eta, nahi barik bada ere, egoeraren konplize bihurtzen zara. Halere, iruditzen zait ezkortasunean bizi garela. Uste dugu ez dugula ezer lortu, denak berdin dirauela, eta ez da egia. Multinazional handietako fabriketako langileak duela hogei urte baino askoz hobeto daude, eta hori ez da izan jabeek hala nahi izan dutelako: kontsumitzaileen presioari esker lortu da.

Zuretzat, zer da modaren xarma?

Ezberdintasunean datza modaren xarmak. Marka handiek arropa uniforme bilakatu dute. Interesgarriena da norberak bere jantziak hautatzea. Estilo propioa garatzea eta bere balioak islatzea, ez kanpotik inposatu zaizkionak.

Modaren barruan, zapatak hautatu dituzu; garrantzitsuak al dira?

Nire birraitonak gizonentzako zapatak egiten zituen, eta etxean beti oso presente eduki dugu kalitatezko zapaten garrantzia. Birraitonengandik jaso dudan legatua da. Oinetakoak dira gure sustraiak. Gorputza eta lurra oinen bidez lotzen dira, eta ondo zaindu behar dira. Egonkortu eta orekan mantentzen gaituen gorputz atala dira, eta zapata onak ezinbestekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.