ATZEKOZ AURRERA. Ander Lizarralde eta Unai Muñoa. Bertsolariak

«Noraezean, galduta gabiltza gizonak»

Harremanei buruz ari dira Lizarralde eta Muñoa 'Erik eta Win' euren ikuskizunean. Hartu eta emanei buruz bai, baina arrez eta emeez ere bai. Gizontasunaz bai, baina «arkeriaz» ere bai. Maskararik gabe. Umorez.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Lasarte-Oria
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Ez galdetu nor den Erik eta nor den Win. Ander Lizarraldek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1984) eta Unai Muñoak (Berrobi, Gipuzkoa, 1982) ez dute argitzen. Bi errefuxiatu omen zirela bai, egon behar izan zutenak erbestean, herbeheretar batzuen rolean. Eta euren burua hala aurkeztu beharraren aurkeztu beharraz, iritsi zela une bat non jada ez zekiten nor zen Erik eta nor zen Win. Haien gisara dabiltza Ander eta Unai ere, «sinbiosian».

Kontrara zabiltzate: maskara kentzen, jarrita eduki behar denean.

UNAI MUÑOA: Maskara kentzea ez da bakarrik besteei erakustea, bada ere norberak bere burua onartzea. Niri balio izan dit neure buruari antzerkiaren karikaturatik umorez begiratzeko, eta zenbait alderdi barkatzeko. Neure burua ahulduntzen erakutsi dit. Nire ahuldadeak erakusteak, nire ahuldadeen gaineko kontrola ematen dit.

ANDER LIZARRALDE: Maskara kentzea maskara entregatzea da. Behin zeure buruaz barre egiteko gai zarenean, hori gertatzen da.

Terapia egin duzue: aurretik, bitartean, ondoren...

A. L.: Aurretik egin dugu ordaindutako terapia [barrez]. Baina emanaldi bakoitza da terapia bat, elkarrekin egoten garen bakoitzeko da terapia bat, baina, batez ere, honek islatu nahi duena da harreman bati begiratzeko era bat.

U. M.: Maskararen kontuarekin oso lotuta dator hori. Maskara kentzeko, lehendabizi norberak ezagutu behar du maskara azpian zer dagoen. Zeren askotan maskara hori guk geuk sinetsi egiten dugu. Nik urteak pasatu ditut maskara horrekin identifikatzen, eta sinesten hori bakarrik nintzela. Terapia prozesuak lagundu dit, batez ere, ikusten ez naizela maskara hori bakarrik.

Noraezean gabiltza gizonak?

U. M.: Baietz uste dut. Eredu zaharrak zaharkituta gelditu zaizkigulako eta ez digutelako balio, eta eredu berriak sortzeko zailtasunak ditugulako. Gizonezkook badaukagu beldur bat garbi posizionatzeko. Sentsazioa daukat erdi ezkutuan gabiltzala. Erresistentzian ez dagoena konplazientzian dago. Egongo dira hau guztia sanoki bizitzen ari direnak, baina nik ez ditut hainbeste sentitzen, eta nik neuk ere sentitzen dut neure burua leku bat topatu nahian hemen. Eta emanaldi honek laguntzen dit horretan. Baina noraezean gabiltzala, hori seguru.

A. L.: Irabazten duen taldeak autokritikarako bide gutxi izaten du. Galtzaileak hausnartzeko gaitasun handiagoa izaten du. Botere pelikula honetan gizonezkoa izan da ikusiena, protagonistena... deitu irabazlea. Eta akaso gu sistema horretan ez gaude horren eroso, baina ezta horren deseroso ere. Ez dugu ikasi geure buruari begiratzen. Irabazleak izateak ez du kentzen galduak ez gaudenik. Emanaldian erakusten dugu guk gizonok, emakumeek bezala, ikasi dugula maskara batzuk janzten. Eta maskara horiek erori ez zaizkigunez, ez gara oraindik hasi begiratzen horren atzean nor dagoen. Maskara hori janzteak nola baldintzatzen du ni izatea? Gizonaren posizio indartsu horretatik ez gara oraindik behartuta sentitu esatera: «Maskara kendu behar dugu, eta ikusi honek zer traba eta zer ezintasun dakarzkigun». Emakumeek egin dute, eta guk jarraitzen dugu oraindik irabazlearen garaikurrarekin, baina ez digu balio.

Gizonek ez dute negarrik egiten.

U. M: Hori da maskararen parte bat. Eta hori da momentu honetan feminismoak egin duen lan handiena: gizonezkoak ataka honetan jartzea. Orain ikusi beharko dena da nola konpontzen dugun. Adibidez, guk emanaldian elkarri besarkada handi bat ematea zenbaiten begietan zerbait berezia da. Batzuek gure sexualitatea ere zalantzan jarri izan dute. «Hauek atera dituk armairutik!». Oraindik, gizontasun horretan, emozioak, ahuldadeak, erakusteak... konnotazio horiek ditu.

A. L.: Adibide ona da negarrarena. Nik nire bizitza guztian ikasi dut gogorra izatearena, eta aitortuko dizut negar egiten ahaztu egin zaidala. Bai, ahaztu. Oso une jakinetan, oso egoera berezietan, eta oso pertsona gertukoekin ateratzen zait bakarrik. Horrek zer esan nahi du? Ez dakidala negar egiten? Ez. Nire barrenean dagoen horrek egin nahi du negar, baina kanpoan dagoen horrek, hartu behar izan dudan paper horrek, ez dio uzten.

Harremanei buruz ari zarete zuek. Alegia, hartu eta eman. Baina zuekar eta emeez ere ari zarete.

A. L.: Amaierako abestian esaten dugu ematen ez dakienak ez dakiela hartzen, eta hartzen ez dakienak ez dakiela ematen. Oso gatazkan gaude gure alderdi femeninoarekin. Zikiratuta dugu bai alderdi femeninoa, baina baita alderdi maskulinoa ere. Ez dakigu nor garen ere.

U. M: Gizonon erresistentzia dago alde femenino hori integratzean. Hartu eta eman, ar eta eme, dena da integrazioa, eta gu horri ihesi gabiltza.

A. L.: Zure alderdi femeninoa integratu ezean, gizontasun eraikitzaile eta onuragarri bat eratzea ezinezkoa da. Gizontasuna eta arkeria ez da gauza bera. Eta askotan ez ditugu bereizten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.