ATZEKOZ AURRERA. Maite Perurena Zubitur. 301K proiektuaren sortzailea

«Estereotipoak apurtu nahi ditut»

Harriari tiraka ateratako haria da Perurenarena. Harri jasotzaileen txalekoak josten ditu, baina lehiarako ez ezik, kalerako ere izatea nahi du, materialez eta kolorez berrituta. «Ez, ez da inolaz ere harrikada bat».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Leitza
2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Harriak aldatzen ari dira Leitzako (Nafarroa) plazan. Ez da metafora bat. Galtzada harrizko zola ari dira moldatzen. Bere harri tokitik gertu. Bere hari tokitik bertan. Hantxe egin du txokoa Maite Perurena Zubiturrek (Leitza, 1982). Eta jantzi du dotore tokia: txalekoak manikietan, argazkiak paretetan, harriak oinetan, eta gorria ezpainetan. «Nik ere aitaren harriak eta amaren hariak jantzi nahi ditut, eta horretarako sortu dut 301K marka».

Iñaki Perurenak alaba zuenik ere...

Askok ez dakite. Eta zaharrena naiz, gainera. Jendea harrituta gelditzen da. Hurrengo galdera izaten da: «Harri jasotzen zergatik ez zara aritzen?».

38 urterekin altxatu dituzu lehen aldiz 50 kilo. Non egon zara?

Pentsa zer-nolako pisua neraman nire gain abizen honekin, ez naizela ausartu. 38 urte kosta zait hori ikustea, lanketa pertsonal bat egin ondoren. 1982an mutila jaio banintz, harri jasotzailea izango nintzateke. Edo nire bizitzako uneren batean harriren bat jarriko zidaten aurrean. Baina aita 1956an jaio zen, ez dago gehiago eskatzerik. Itxaron zuen Inaxio jaio arte, hari erakusteko.

Ez zinen inoiz saiatu ?

Neskato bizkorra nintzen, baina ez nintzen harrietara askorik gerturatu. Hurbiltzen nintzenean lupaz begiratzen zidaten. Perurena bat nintzen. Eraiki nuen ideia izan zen: «Ez dut indarrik horretarako». Hori erantzuten nuen beti. Baina 38 urterekin, bizitza apur bat eginda, ama izanda, ohartzen zara baduzula indarra. Orduan hasten zara harriak jasotzen, baina beste modu batera.

Banketxean horren ondo zeunden, eta...

[Barrez] Jende askok esan dit hori. Aritu nintzen lanean Beasainen, Donezteben... 18 urterekin gauza bakarra nuen argi: ez nuela etxeko negozioan lan egin nahi. Hainbeste maite ditudanez nire familiakoak, ohartzen nintzen haserrea etor zitekeela hortik, eta esan nien ikasi nahi nuela. Kosta zitzaidan konbentzitzea, baina Administrazioa eta Finantzak ikasi nituen Donostian. Banketxe batean egin nituen praktikak, eta gurpil hartan sartu nintzen, hamabi urtez, neure buruari galdetu gabe zer izan nahi nuen.

Eta zer gertatu zen?

Enpresak berregituraketa batzuk egin zituen. Erregulazio espedienteak iritsi ziren, eta hura izan zen nire bizitzako aukera. Utzi egin nuen.

Alegia, hau ez da harrikada bat?

Hau ez da inolaz ere harrikada bat, ongi pentsatutako zerbait da. Harriarekin zerikusia duen guztia ez da harrikada bat. Zenbakiei buruz gehiago dakit oihalei buruz baino, baina bidea egin dut ikasiz. Banekien zertan sartzen nintzen. Horrek ez du esan nahi ongi aterako denik.

301K? Zergatik ez 321K?

Harri jasotzaileen artean 300 kiloko muga mitikoa zen. Duda eragiten zuen zenbaki bat zen. Posible ote zen gizaki batek 300 kilo jasotzea? Aita izan zen lehenengoa: 1987ko martxoaren 6an, Euskadiko Sei Orduetan. Galdetu zioten: «Eta orain zer?». Eta erantzun zuen: «Orain 301». Bat hori gainditze baten zifra da. Zero hutsa da; bat, berriz, dena da. Gainditze bat adierazten du: kilo bat gehiago, pauso bat gehiago.

Esan izan duzu harri jasotzaile jantzita eta dotore joan nahi duzula alabaren bila ikastetxera.

Hori da. Ikusten dudalako beste kultura eta kirol jakin batzuk badutela euren kaleko bertsioa. Arrantzaleek badute haiengan inspiratutako kaleko arropa. Futbol jokalariek ere bai eurena. Harri jasotzearen estereotipoak apurtu nahi ditut.

Elegantzia? Baina harri jasotzea ez al da zakar eta handientzat?

Ez dut hala ikusten. Aita, Inaxio anaia edo beste harri jasotzaileak ikusten ditudanean plazan, dotore daude, eta indarra transmititzen dute. Beste kultura batzuetan toreatzailearen figura da oso erakargarria; nik ez diot deus kentzen horri, baina ez dut gustuko. Niri hiru zifrako gizonak gustatzen zaizkit. Harri jasotzaileek gladiatore itxura dute. Aita eta Inaxio dotoreago ikusten ditut txalekoarekin kaleko arroparekin baino. Horregatik nahi dut nik ere hala joan: posible delako.

Kutsu modernoa eman harri jasotzeari. Ez al da lan handia?

Bilakaera bat egon da. Jende batek oraindik uste du harri jasotzailea goizean jaiki, kilo eta erdiko txuleta eder bat jan, eta plazara joaten dela. Ea. Gure kirolariak oraingoak dira. Herri kirola jatorrian lana zen, eta orain kirola da, federazioak daude, legeak daude, dopinaren aurkako kontrolak daude. Gure kirolariak gimnasioetara joaten dira; ez dira plazara astoan joaten. Dudarik gabe da herri kirola modernoa, eta estetikoki ere moderno, eta gaur egungo bihurtzeko aukera dago orain material berriekin. Txirrindulariek euren maillot biziak dituzte, pilotan ere pentsa nola sartu den kolorea, Ronaldoren zapatilak begira nolakoak diren... Plazara doazen herri kirolariak ere erakargarri egin behar ditugu. Plazara doaz. Plazan erakutsi beharrekoa erakuts dezatela txukun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.