ATZEKOZ AURRERA. Aritza Saenz del Castillo. Ikerlaria

«Karten industriaren eboluzioak emakumeen egoera islatzen du»

Saenz del Castillok liburu batean aztertu du Heraclio Fournier karta inprentako emakume kartagileen historia. Emakume horien historia ikusarazteak daukan garrantziaz ohartarazi du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Iragan urtean 150 urte bete ziren Heraclio Fournierrek Gasteizko Plaza Berrian lehen inprenta zabaldu zuenetik. Han sortu ziren gaur egun 70 herrialdetara banatzen diren kartak. Urteurrenaren harira, urte luzez enpresako protagonista izan direnak omendu nahi izan dituzte: emakume kartagileak. Bibat museoan erakusketa bat egongo da ikusgai, eta, horrez gain, emakume horien historiari buruzko liburu bat idatzi du Aritza Saenz del Castillo ikerlariak (Gasteiz, 1980): La historia de las naiperas de Heraclio Fournier (Heraclio Fournierreko emakume kartagileen historia).

Ze funtzio zeukaten emakumeek karta lantegian?

Heraclio Fournier fabrikako langile nagusiak ziren, eta prozesu guztia beraiek egiten zuten. Kartoiak prestatu eta garbitu, makinetan sartzeko pleguak alde batetik bestera eraman, eta, behin inprimatuta zeudenean ere, haiek moztu eta eta berrikusten zituzten.

Nolakoa zen emakume haien soslaia?

14 urterekin sartzen ziren lanera, eta 25 urte ingururekin uzten zuten lana, ezkontzen zirenean. XX. mendeko 70eko hamarkadan hasi zen hori aldatzen, eta jardunaldi bikoitza esaten dioguna sortu zen: emakumeek etxe barruan eta etxetik kanpo lan egiten zuten.

Emakume langileen aristokrazia gisa definitu dituzu emakume kartagileak. Nolako bizi baldintzak zituzten?

Lehenik, gainerako emakumeek baino soldata handiagoa zeukaten. Neskameekin edo oihalgintzan aritzen ziren emakumeekin alderatuta, gehiago kobratzen zuten. Eta bigarrenik, Gasteizko gizarteak iritzi hobea zuen emakume horien inguruan, beste gauza batzuetan lan egiten zuten emakumeen inguruanbaino. Emakume kartagileak Gasteizko bizitza sozial eta kulturaleko ikur bat bilakatu ziren.

Borrokaren bat eraman zuten aurrera?

XX. mende hasieran, zakuak egiten zituzten emakumeek baldintza hobeak eskatu zituzten behin baino gehiagotan, eta Fournierreko emakume batzuek elkartasuna agertu zieten, baina ez denek. Horrez gain, ez dugu mobilizazio berezirik aurkitu. Argi dago 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan parte hartu zutela: enpresa gehienek erakutsi zieten elkartasuna besteei, eta haiek ere bai.

Esan izan duzu emakume haiek lan esparruan izan zuten bilakaera aztertzeak harreman sozialak aztertzeko aukera ere ematen duela. Zergatik?

Industria haren bilakaerak oso argi islatzen du emakumeek izandako prozesua eta nolakoak izan diren genero arauak. Nola emakumezkoek jada ez duten beraien bizitza mugatzen etxeko eta familiako esparrura, eta nola 1960ko hamarkadatik aurrera langile izateko eskubidea aldarrikatzen duten. Bestalde, argi ikus dezakegu 150 urte hauetan, emakumeek beste ogibide batzuetara salto egiten dutela. Batez ere 1960ko hamarkada horretan, administrazio lanetan ere hasten dira Fournierren, eta, mendearen erdialdetik aurrera, tintak egiteko laborategietan ere sartzen dira. Kartetan ageri diren marrazkien diseinuan ere agertzen hasten dira, gainera.

Ordu hartan ez zegoen ondo ikusita emakumeek etxetik kanpora lan egitea. Zergatik erabaki zuen Heraclio Fournier enpresak emakumeak kontratatzen hastea?

Bi hipotesi nabarmen daude: batetik, uste zen emakumezkoekeskuekin abilezia handiagoa zeukatela kartak manipulatzeko. Eta, bestetik, enpresari errentagarriagoa zitzaion gutxiago kobratuko zuten langileak kontratatzea.

Emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala hori deuseztatzeko ahaleginik egin zuten?

Karten produkziorako gauzatzen zituzten lanei emakumeen ofizio osagarriak deitzen zitzaien. Hau da, bigarren mailako lan batzuk ziren, eta horrek ere soldatan eragina zeukan. 1960ko eta 1970ekohamarkadetan langile kontzientzia eta kontzientzia feminista bat garatu zuten, eta beraien lanari balio handiagoa ematea eta soldatahandiagoa jasotzea eskatzen hasi ziren.

Zergatik da garrantzitsua gaur egun emakume haien istorioa kontatzea?

Gasteizko memorian bazegoen, baina ez du errekonozimendu ofizialik eduki orain arte. Emakumeen historia beti izan da bigarren mailako historia bat, eta, gizarteak izan duen bilakaera ulertzeko, ezinbestekoa da subjektu horiek kontuan hartzea. Bestela, gizartearen erdiabaino gehiago kanpoan uzten da. Horrez gainera, emakume kartagileen kasuan, Gasteizko emakume langileen 150 urteko historia berreraiki dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.