ATZEKOZ AURRERA. Patxo Telleria. Aktorea, gidoigilea eta zuzendaria

«Zilegi da norberaz astakeriak esatea»

Mikel Martinezekin batera, 'Ez dok ero' antzezlana aurkezten ari da Telleria. Bikotearen ohiko formulari eutsiz, euskal kultura eta antzerkia jartzen ditu jomugan umorezko ikuskizunak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Mikeloteren eta Pantxoren azalean jarri dira Mikel Martinez eta Patxo Telleria (Bilbo, 1960) Ez dok ero antzezlanean. Euskal kultura eta antzerkia ardatz hartzen ditu obrak, eta norbere buruaz barre egiten dute, «inolako gupidarik gabe». Tartean konpainiak sortu eta ekoitzi du lana, eta burua galtzen duten bi aktore dira protagonista. Donostiako Antzoki Zaharrean egongo dira bihar eta etzi.

Autoparodia bat da Ez dok ero?

Neurri handi batean, bai. Euskal kulturaz eta Euskal Herriko egoera kulturalaz hitz egiten da, baina fokua gugan jarriz. Hau da, obraren abiapuntua nahiko autobiografikoa dela esan daiteke, baina, horrez gain, gure estiloaz ere barre egiten dugu. Hortaz, alde horretatik, nahiko krudelak gara geure buruarekin. Izan ere, erabiltzen dugun estiloa hutsala eta azalekoa dela esaten dugu, komedian jarduten dugunok sarritan jasotzen dugun kritika izaten baita hori.

Baina ez da horrela.

Gure ustez, barrearen bitartez gauza serioak eta sakonak transmititu daitezke. Hau da, antzezlan honetan, komediaz haratago, mezu bat luzatu nahi dugu: gure estiloaz barre egiten dugun heinean, gure estiloa aldarrikatzen ari garelako.

Umorezko ikuskizuna izanda, zeri egiten diozue barre?

Lehenik eta behin, geure buruari. Obraren hasieran, gure porrotaren berri ematen dugu, eta hori da barre egiteko erabiltzen dugun lehen argudioa. Izan ere, baimena dugu geure buruaz gupidarik gabe barre egiteko, ez? Hau da, norberaz astakeriak esatea zilegi da. Bestalde, Euskal Herrian kulturarekin zerikusia duten hainbat toki eta egoeratatik igaroko gara, eta, elementu eta ikur horiek kolokan jarriz, horien inguruan barre egingo dugu.

Nondik dator obraren ideia?

Urte asko daramatzagu estilo eta marka hau jorratzen. Sortzaile naizen aldetik, ikuskizun honetan barne begirada bat egiten saiatu naiz, eta guk lantzen dugun estiloa hutsala ez dela erakutsi nahi izan dut. Alegia, zentzuzko gaiak plazaratzen ditugula, ikuspuntu zorrotz batetik. Horretarako, erotasunaren kontzeptua hartu dut oinarri, kulturan edo antzerkian lan egiten duen edonork eromen puntua duelako, eta hortik tiraka sortu zen.

Euskal kulturan zehar ibilbide bat egiten duen road movie bat da.

Hori da. On Kixote eta Santxo Panzaren arketipoari jarraituz, Euskal Herrian barrena bidaia bat egin nahi izan dugu, euskal antzerkia berregituratzeko asmoz.

Aurreko antzezlanen formatu berari eutsi diozue oraingoan ere, baina ba al du berritasunik?

Nire obsesioa beti izan da ikuskizun bakoitzean zerbait berria eskaintzea eta ez errepikatzea. Egia da formatua bera dela, baina beti saiatzen gara ikuskizun bakoitza besteengandik ezberdin egiten. Orain arte, obra guztiek oso harreman estua izan dute euskararekin, baina, oraingoan, hori alde batera utzi dugu, eta euskal kulturan eta euskal antzerkian zentratu gara. Orduan, egindako planteamendua erabat desberdina da, eta publikoa ere zerbait berria ikusi izanaren pertzepzioarekin ateratzen da, oro har.

Euskararekin eta euskal kulturarekin lotuta egoten dira sarritan zure antzezlanak. Zergatik?

Egia esan, ez da nahita hartutako erabaki bat. Euskara sencilloaren manifestua izan zen saga honen lehenengo obra, eta nahi gabe atera zitzaigun zerbait izan zen. Izan ere, konturatu ginen pertsonaia horiek joko handia ematen zutela, eta, ondorioz, espero gabe sortu zen, aurrez planifikatu gabe. Publikoak oso ondo hartu zuen, eta ildo horretatik jarraitzea erabaki genuen.

Mikel Martinez duzu bidaide. Nolakoa da berarekin lan egitea?

Mikel proiektu honen ezinbesteko elementua da. Hobeto esanda, ezin dezaket imajinatu umore mota hau Mikel gabe. Testua idazterakoan, haren ahotsa eta antzezteko modua izaten ditut buruan, haren keinuak, jarrerak... Azken finean, urte asko daramatzagulako elkarrekin, eta oso ondo ezagutzen dugulako elkar.

Euskarazko komedia egitea kontzienteki hartutako erabakia da?

Dena ez da kontzientea izaten, baina, denboran zehar bide bat egin duzula ikusten duzunean, konturatzen zara zure borondatea ere hor egon dela. Antzerkia egiten hasi nintzenean, euskal antzerkian aurkitu nuen nire lekua, eta, beharbada, hasiera hartan ez nekien hori izango zela nire oinarrizko lekuetako bat. Ortega y Gasset filosofoak esaten zuen bezala, gu gara gu eta gure baldintzak. Hortaz, nik eta nire baldintzek ekarri naute nagoen lekura.

Egiten duzun lana baloratuta dagoela uste duzu?

Gu oso maitatuak eta estimatuak sentitzen gara, eta jende askok baloratzen du egiten dugun lana. Hala ere, egia da inguru eta baldintza jakin batzuetan gure jarduna pixka bat gaitzetsia dagoela. Baina, orokorrean, gu behintzat, ezin gara kexatu jasotzen dugun babesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.