ATZEKOZ AURRERA. Oscar Gomez. Aktorea eta antzerki zuzendaria

«Kultur politikek mota guztietako interesei eman behar diete jaten»

Antzerkitik bizi ahal izateko, Euskal Herria utzi eta Suitzara joan zen Gomez, aukera hobeak aurkitu nahian. Hainbat urteren ostean, 'Makers' antzezlanarekin itzuli da. Gaur eta bihar Bilbon arituko da.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ia 30 urte dira Oscar Gomez aktore eta antzerki zuzendaria (Donostia, 1963) sorterria utzita Suitzara joan zela lan egin eta bizitzera. Aukera berrien bila abiatu zen, eta herrialde hartako antzerkiaren sari nazionala eman zioten 2018an, ibilbide oparoaren erakusle. Aitortu du, hala ere, haurra zela antzerkiak erreparoa ematen ziola. Agintariek antzerkiarekiko zuten jarreragatik, «oso haserre» utzi zuen Euskal Herria. Kritiko agertu da gaur egungo kultur politikekin ere. Zenbait urteren ostean, baina, etxera itzuli da lan berri bat aurkeztera. Juan Lorienterekin batera Makers antzezlana estreinatuko du gaur, Bilboko Azkuna zentroan.

Argiari, denborari eta maitasunari buruzko obra bat da. Nondik sortu da Makers?

Asko erakartzen ninduen Agustin Fernandez Mayoren testu batetik abiatzeak; [Jorge Luis] Borgesen El hacedor testuaren bertsio bat egin zuen Fernandez Mayok. Hain zuzen, Borgesek makers hitzean oinarrituta jarri zuen El hacedor izenburua. Makers, antzinako ingelesean, zerbait egiten dutenei ez ezik, poetei ere deitzen zitzaien. Nire ustez, Juan Loriente eta biok defini gaitzakeen zerbait baldin badago, hori da ikuskizun poetiko bat egiteko gogoa dugun bi egile garela.

Eta zer egingo duzue oholtzaren gainean?

Antzerki ikuskizun hau asko oinarritzen da gure bizitzan. Egiaren eta gauzen fikzioaren inguruan arituko gara. Makers direnek beti bilatzen dute sentiberaren azpian sentibera dena. Ikuskizun honetan bada funtsezko zerbait: konfiantza itzultzea.

Nork? Nori?

Bizitzarekiko konfiantza berreskuratzea, egunerokoan, hain zuzen. Are gehiago, gaur egungo egoera honetan. Arteak bizitzarako ariketa izan behar du. Hots, arteak egiten du bizitza artea bera baino garrantzitsuagoa.

Lan komikoa da Makers. Oro har, umorea iradoki izan duzu zure aurreko lanetan ere. Zer helbururekin?

Barrea modu egokia da ezagutzara eta kontzientziara iristeko. Barreak, prozesu fisiko gisa, pertzepzio-kanalak irekitzen laguntzen du. Nik beti erabili izan dut zentzu horretan. Atsegin dut barrearen bidez beste leku batera eraman nazaten, pentsatu gabeko gauzetara, eta, aldi berean, dibertitu nazaten.

Zergatik erabaki zenuen beste herrialde batean lan egitea?

1990eko hamarkadaren hasiera oso garai zaila izan zen orduko sorkuntzarentzat. Krisi baten erdian, antzerki garaikideko konpainia gehienek laguntzak jasotzeari utzi zioten. Izugarria izan zen. Kultur politiken arintasun horrek asko haserretu ninduen. Aurreko hamarkadatik egiten ari ziren lan ugari ezerezean utzi zituzten. Iruditzen zitzaidan Genevan [Suitza] lan serio bat egiten banuen, hemen egiten ari ginena bezalakoa, agian oihartzun desberdina izango zuela eta egonkorragoa izango zela.

Gauzak aldatu al dira denborarekin?

Aldatzen ari dira, baina beharrezkoa da gehiago, azkarrago eta leku gehiagotan aldatzea. Kultur politika on batek maila guztietarako balio behar du, herritar guztientzako. Laguntzak askoz gehiago dibertsifikatu beharko lirateke, eta aukera gehiago planteatu. Kultur politikek mota guztietako interesei eman behar diete jaten.

Non izan zenuen lehen harremana antzerkiarekin?

Nire patua ez zen antzerkia; beste zerbaitetara bideratua nindoan: maisu izatera, zehazki. Antzerkiak asko erakartzen ninduen, baina oso urrun ikusten nuen. Lagun batek bultzatuta, antzerki ikastaro bat egin nuen Donostian, salbazio bila nenbilelako. Zerbait desberdina egin behar nuen, nengoen zulotik ateratzeko. Jende talde batekin konektatzeko zortea izan nuen. Hortik atera zen Legaleon-T: esperientzia kolektibo ikaragarria. Bizitza pixka bat aldatu zidan jolastu ahal izateak eta neure buruarekin fikzioa egiteak.

Gaur egun, zer sentitzen duzu oholtza batera igotzean?

Urdaileko korapiloak, hasierako emozioak, hor egoten dira oraindik ere. Gaur gauean [asteartean] hainbatetan esnatu naiz Makers-en estreinaldian pentsatuz.

Zure lana sorkuntza garaikide gisa definitzen duzu.

Sortzaileok bizi dugun garaian egon behar dugu, eta horrek esan nahi du egiteko eta pentsatzeko moduak uneoro berrikusi behar direla. Obra bakoitzak inkontziente ezberdin bat du; guk, sortzaile garen aldetik, obraren inkontziente hori zein den aurkitu behar dugu. Arte garaikidea gaur egun bizi dugunari lotuta dago, eta hori funtsezkoa da jarrera gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.