ATZEKOZ AURRERA. Mikel Aiestaran. Kazetaria

«Zatiketen hiria da Jerusalem»

Sei urte daramatza familiarekin Jerusalemen bizitzen, eta hiriari buruzko liburu bat idazteko garaia dela sentitu du. Orain arte lan gehien eman dion liburua izan da, ez baita erraza Jerusalem azaltzea.

QUIQUE KIERSZENBAUM.
jakes goikoetxea
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Jerusalemi buruz guztia idatzita dagoela dio Mikel Aiestaran kazetariak (Beasain, 1975), baina hiriari buruzko liburu batekin itxi du Ekialde Hurbilari buruzko trilogia: Jerusalen, santa y cautiva (Jerusalem, santua eta gatibua), Peninsula argitaletxearekin. Hiri Zaharrean oinarritu du, eta ikuspegi pertsonala eman, pertsonaien aukeraketatik—komunikabideetan agertu ohi ez direnak—, bere bizimoduari buruzko zertzeladetaraino.

Zaila da liburua definitzea: kronika bat, historiaz jantzia, bizipen pertsonalekin eta informazio praktikoarekin osatuta. Poliedrikoa da.

Jerusalem poliedrikoa da, eta liburu batean jaso nahi nuen. Jerusalemdik beti gauza paranormalak, harrigarriak, ezohikoak etortzen dira, bai politikatik, bai erlijiotik; baina Jerusalemen gauza arruntak eta toki arruntak ere badaude, jendea bizi da, eta horiek ere sartu ditut.

Kairoren eta Beiruten artean zalantza egin, eta Jerusalemera joan zineten?

Familiarekin bizitzeko lehentasuna segurtasuna zen, toki segurua izatea, eta Jerusalem oso segurua da, nahiz eta kanpoan beste irudi bat duen. Jerusalem, gainera, herri bat bezalakoa da: eskolara oinez joaten gara, eta guztia daukagu bertatik bertara. Gainera, bai juduak, bai arabiarrak oso umezaleak dira. Profesionalki, gainera, gatazka barrutik ezagutu nahi nuen.

Herrialde nagusietako hiriak kenduta, Jerusalem da munduko hiririk ezagunena?

Mendebaldean bai. Gure heziketa judu-kristaua izan da, eta txiki-txikitatik beti azaltzen zaigu Jerusalem. Asiako lankideentzat, heziketa judu-kristaua jaso ez dutenentzat, ordea, ez da hain ezaguna.

Erlijioagatik ez ezik, gatazkagatik ere bada ezaguna.

Bai, sortu zenetik kontrolatu nahi izan dute kristauek, musulmanek eta, orain, juduek.

Azaltzeko hiri zailenetakoa da?

Azaltzeko oso zaila da. Kanpotik ikusita, hiria taldeetan banatuta dago: juduak hemen, kristauak hor, musulmanak han... Baina, pixka bat gerturatzen zarenean, talde bakoitza ere zatituta dago. Inon ez dut ikusi halako zatiketarik. Zatiketa amaigabeen hiria da. Konturatzen zara guztiak batera bizi direla, baina ez nahastuta: bakoitza bere munduan bizi da. Egutegi ezberdinak dituzte, ate ezberdinak erabiltzen dituzte Hiri Zaharrean sartzeko, denda ezberdinetan egiten dituzte erosketak... Kalean etiketa batekin joatea bakarrik falta zaigu.

Amos Oz idazle eta kazetariak esan zizun Jerusalem «zorigaiztoko lekua» dela guztientzat; Meir Margalit judu ezkertiarrak, berriz, «ezinezko hiria» dela. Egia dira?

Hiri hau ezin da menderatu, kontakizunen arteko talka oso indartsua delako. Ohiturei eustea da lehentasuna kristauentzat, musulmanentzat eta juduentzat. Horri arazo politikoa gehitu behar zaio, gero eta potoloagoa.

Sei urteren ondoren ere, atzerritar sentiarazten zaituzte?

Bai. Ez gara juduak eta ez gara musulmanak.

Burbuila batean bizi zarete?

Atzerritarren burbuilan. Lekukoak gara. Gatazka ikusten eta usaintzen dugu, baina ez dugu sufritzen.

Kazetari ezaguna zara, komunikabide garrantzitsuentzat lan egiten duzu, eta sariak ere jaso dituzu. Hala ere, diruari dagokionez, esaten duzu harlauza bat bizkarrean harturik hasten duzula hilabete oro.

Beti horrela egin dut lan: ez dut talde erraldoi bat atzetik, sekulako baldintzekin. Nire erabakia izan zen nazioarteko berriemailea izatea, eta nik erabaki nuen hona etortzea. Bai, erronka bat da hilabete bakoitzean aurrera ateratzea. Zaila da, baina nik daukadan askatasun sentsazioak ez du preziorik. Libre sentitzen naiz erabakiak hartzeko, lanak aukeratzeko edo ezetz esateko.

Liburuak badu nazioarteko berriemaileen lana desmitifikatzeko asmorik? Eguneroko bizimoduaren zertzelada batzuk ematen dituzu.

Desmitifikatzeko eta gerturatzeko. Mundu honetan sartu nintzenean, oso mitifikatua nuen lanbide hau, baina azkenean konturatzen zara gauzak normalagoak direla eta pertsona normalak garela.

Damaskoko Ateko Abu Emad egunkari saltzaileari galdetu zenion ea zer titulu irakurriko nahiko lukeen: «Okupazioa bukatu da», erantzun zizun. Zer albiste eman nahiko zenuke zeuk?

Abu Amadek hori esaten badu, zer esango dut nik... Horixe idatzi nahi dut egunen batean. Aski da.

Duela urtebete, Ana Alba kazetari eta laguna hil eta gero,Jerusalem uzteko unea zela planteatu zenuen. Ideia horrek hor segitzen du?

Ez zait gustatzen bertan goxo egotea. Beti daukat buruan nire lana ez dela oso ona... martirio horrekin nabil egunero. Baina familia bat gara, eta taldearen erabakia da. Oraingoz, hemen jarraitzeko intentzioa dugu, baina aldaketaren aukera beti dago hor. Zaila izango da Jerusalemen moduko leku bat topatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.