ATZEKOZ AURRERA. Xabier Anduaga. Opera kantaria

«Zuzendari eta lankide horiekin lan egitea izan da garrantzitsuena»

International Opera Awardsen abeslari berri onenaren saria jaso du Anduagak, 25 urterekin. Bere buruari mugarik jarri gabe eta etorkizunean gehiegi pentsatu gabe, lanean jarraitzea du helburu.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Madrilgo Errege Antzokian ari da Xabier Anduaga (Donostia, 1995) opera kantari gaztea, Viva la mamma opera komikoa prestatzen buru-belarri. 2016an Rossiniana di Pesaro akademiako kide hautatu zutenetik, munduan zehar ibili da, tenor moduan kantatzen. Abeslari gazte onenaren saria jaso berri du International Opera Awards-en—opera munduko Oscar saria deitzen diote—, 2019an egindako ibilbidea sarituz.

Nola jaso duzu sariaren albistea?

Urte zail honen ondoren ez nuen espero sari bat irabaztea; berri pozgarria izan da niretzat, eta lanean aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Ilusioaz gain, ordea, ardura handia ere badakar sariak. Azken batean, antzoki eta jaialdi guztietako arduradunek nire izena desberdin ikusten dute orain, eta ardura sentitzen dut aurrerantzean ditudan konpromisoetarako.

Zergatik erabaki zenuen opera ikasketak egitea?

18 edo 20 urte izan arte ez nuen planteatu opera abeslari izatea. Txikitatik egon naiz musikari oso lotuta, eta etxean musika izan dut beti, aita ere musikaria baita. Baina niretzat musika beste zaletasun bat zen. Gutxinaka, Donostiako Orfeoian bakarlari gisa hasi nintzen, eta horrela koruan kantatzen baino gusturago nengoela ikusita erabaki nuen gerora Musikenen ikasketak hastea.

Zailtasunik badakar opera kantari gaztea izateak?

Ez da erraza antzokietara iristea gaztea izanda. Askok pentsatu izan dute oraindik ez nengoela prest, hor nengoela zortea izan dudalako, eta ez merezi nuelako. Egia da abesten hasitakoan iritziz aldatzen zutela, baina hasierako erreakzioa eta jendearen begirada horrelakoak ziren orain gutxi arte.

Nik uste dut operarentzat eta musikarentzat abeslari gazteak egotea ona dela. Publiko gisa zuk ikusten baldin baduzu tenorrak, protagonistak, 25 urte dituela, desberdina da, gertuago senti dezakezu. Erreferenteak ez izateko soilik 70 urteko tenor ohi bat, eta ikusteko gaur egungo gazte baten bizimodua opera abestea izan daitekeela.

Zein izan da zure ibilbideko lanik garrantzitsuena?

Lan egin dudan pertsonekin lan egitea garrantzitsuagoa izan da leku edo lan jakin batean abestea baino. Antzokiak oso garrantzitsuak dira; Parisen edo Madrilgo Errege Antzokian abestea plazera da, baina zuzendari eta lankide horiekin lan egitea izan da garrantzitsuena niretzat. Azkenean, hilabete batean edo bitan haiekin egoten zara musika egiten. Alberto Zeta Pessaroko zuzendari ohia, adibidez, oso garrantzitsua izan da niretzat, eta baita beste zuzendari asko ere.

Ekainean estreinatuko duzue Viva la mamma opera, Madrilen. Zer moduz doaz entseguak?

Oso ondo. Jadanik eginda dagoen produkzio bat da. Laurent Pelly orain arte lan egin dudan eszena zuzendaririk onena da. Izan ere, hark jarraibide asko ematen dizkizu pertsonaia garatzeko eta, opera komikoa denez, jendeari barre eginarazteko. Laguntza handia da hori abeslariontzat, guk abestean pentsatzen dugulako, publikoari musika iristeko, baina opera komiko batean beste tresna batzuk ere behar dituzu.

Gizartean aurreiritzirik sumatzen duzu operaren inguruan?

Bai, eta ez bakarrik etortzen ez den jendearen artean, baita etortzen direnen artean ere. Atzo irakurri nuen ez baldin badakizu opera bat zeri buruzkoa den ezin duzula ikustera joan, eta asko haserretu nintzen. Ni Calderon antzokira joan nintzen ostiralean, ez nekien zer ikusi behar nuen, disfrutatzera joan nintzen, eta irribarre batekin itzuli nintzen etxera. Ez da besterik behar opera bat ikusteko; ez da jakintza berezirik behar.

Nola eragin du pandemiak zuen jardunean?

Antzokiak itxita egon dira hilabete askotan, eta ez genekien noiz itzuliko ginen ere. Nik, adibidez, otsailean eman nuen azken kontzertua Parisen. Gogorra izan da pentsatzea operaren inguruan jende asko bizi dela, ez bakarrik abeslariok. Madrilgo Errege Antzokitik, adibidez, 500 pertsona bizi dira. Asko irakurtzen nuen abeslariak urtebete gindoazela abestu gabe, baina beste guztiak, zer? Zaila izan da, egia esan, baina aurrerapauso bat ere izan da, jakiteko nolakoa den bizitza, eta ikusteko zenbat disfrutatu behar dugun antzoki batera iristen garenean.

Euskal Herrian abestuko duzu epe laburrean?

Bai, Bilboko Abao operan kontzertu asko ditut hitzartuak. Oso pozik nago, niretzat oso antzoki garrantzitsua baita; nire lehen pausoak ikusi zituzten, eta lehen aukerak haiek eman zizkidaten. Asko pozten nau itzultzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.