ATZEKOZ AURRERA. Karlos Corbella. Argazkilaria

«Gizartearekin batera aldatu dira komunak»

Erakusketa bat, eta gonbidapen bat. Horixe da Corbellaren 'Komunak'. Errotuluen bidez egindako bidaia bat, sexuen bereizketaz, mezu sexistez, eta bainugela inklusiboen faltaz ohartzeko. Hernaniko Biterin jarri dute.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Trantze bat ariketa bihurtu du Karlos Corbellak (Donostia, 1953). Nori ez zaio pasatu komun publiko baten atarian jarri eta norberari dagokion irudiarekin identifikatu ezinda ez aurrera ez atzera gelditzea. Lanpernak eta txirlak, arrautzak eta errapeak, torlojuak eta azkoinak... Irribarreak hausnarketa bilakatu ditu Corbellak, errotuluen bidez.

Zergatik komunak?

Hitza bera asko gustatzen zait. Komuna den zerbait sentiarazten dit. Taberna eta jatetxeetan komuna non dagoen ez dakidanean beti galdetzen diot zerbitzariari: «Aizu! Parisko komuna non dago?». Eta ia denek esaten didate non dagoen.

Zallako hartan ere bai, 2004an?

Han hasi zen dena. Erreportaje bat egitera nindoan, denbora nuen, eta kafesne bat hartzera sartu nintzen tabernara. Komuneko sarreran gizonezkoaren eta emakumezkoaren irudiak zeuden elkarren alboan jarrita. Gizona boteretsu, zutik, «hemen nago ni» esanez, zakila kanpora aterata, eta eskuetan hartuta. Emakumezkoa, aldiz, eserita eta uzkurtuta. Hortik aurrera hasi nintzen bilduma hau osatzen.

Eta zer da?

Sinbologia baten lagina da: gizonak eta emakumeak nola irudikatzen gaituzten komun publikoetan.

2004tik 2021era egongo zen, bada, nolabaiteko garapena...

Gizartearekin batera garatu eta aldatu dira komunak. Hasieran, gizonezkoak eta emakumezkoak bakarrik irudikatzen zituzten. Gerora etorri zen elbarriak irudikatzea, eta hara non emakumezkoekin batera jarri zituzten. Hurrengo urratsa izan zen gizonezkoekin zein emakumezkoekin batera jartzea elbarriak. Zaintzarena ere irudikatzen da. Hasieran umeari fardela aldatzen ziona emakumezkoa zen bakarrik; orain, gizonezkoa ere bai. Baina generoei buruzko gaur egungo eztabaidari dagokionez, oso atzera gaude oraindik. Gizonezkoak, emakumezkoak, ez-binarioak... eztabaida hori badago, baina komunetara oso gutxi iritsi da oraindik.

Sexuaren aldagaia?

Oso presente dago. Kontua ez baita gizonezko baten edo emakumezko baten irudia jartzea bakarrik. Taberna batean udare batekin eta platano batekin egin nuen topo. Ate bana hartzen zuen bakoitzak. Sartu nintzen, eta duda egin nuen. Automatikoki jo nuen platanora, eta zer pentsatua eman zidan. Argiago dago, adibidez, zezen bat eta behi bat jartzen dizkizutenean bakoitza bere arrautzekin eta errapeekin. Konnotazio sexual hori hor dago, eta nahastu dute generoarekin. Adibiderik garbiena torlojuarena eta azkoinarena da. Gizonezkoa, noski, torlojua da, bere torlojua azkoinaren barruan sartzen duen hori.

Nola egin duzu antolaketa ?

Bada, asko kostata. Bilduma oso handia neukan. Ez nekien oso ongi nola antolatu, eta izenen arabera egitea erabaki nuen. Alegia, izendatzeko moduak: gizonezkoa, emakumezkoa, neska, mutila, caballero, mademoiselle... Tokiaren beraren izenak: komuna, WC, toilette, servicio, baño... Klase sozialaren araberakoak, kostunbristak, nazioartekoak, diseinuzkoak, modernoak... denetik dago.

Zer falta dela sumatzen duzu?

Kalean dagoen debate hori. Taberna eta jatetxeetan agian ez duzu espero ikusi duzuna baino gehiago, baina udaletxeetan, kultur etxeetan, eraikin ofizialetan... espero duzu beste helburu bat, edo erabaki hausnartuagoren bat, eta ez dut horrelakorik ikusi. Donostiako Psikologia Fakultatean ikusi nuen eztabaida hori garatu duen komun bakarra. Gizonaren eta emakumezkoaren sinboloak jarri zituzten, eta biak nahasten zituen beste bat. Baina ondorioztatu zuten batere ez jartzea eta bakoitza nahi zuen tokira sartzea zela onena.

Badute komunek erakarmenik?

Komunetatik erakartzen nauen gauza bakarra da garbiak egotea. Nigatik balitz, beti nesken komunean sartuko nintzateke. Txiza zutik egiten nuen horietakoa nintzen lehen, harik eta lagun alemaniar batek esan zidan arte: «Aizu, Karlos, eserita! Zipriztindu egiten duzu».

Urte asko dira argazkilaritzan.

Egin-en hasi nintzen asteburuetan, Jaiegin astekarian, eta gehigarrietan hurrena, Gara-ko gehigarrietan; Noticias de Gipuzkoa-ren lehen urteetan egon nintzen, Argia-rekin kolaboratu dut, Elkarrirekin, Lokarrirekin, Emakunderekin, Donostiako Zinemaldiarekin, La Vanguardia-rekin, El Temps-ekin... Eta bideogintzan ere aritu naiz ETBrako. Erretiroa hartuta nago orain.

Analogikotik digitalerako trantsizioa egokitu zitzaizun, beraz?

Kimika ikasi nuen. Bata zuria jantzita aritu nintzen 14 urte nituenetik ordenagailuekin hasi ginen arte. Garapena ongi esplikatzeko: erreportaje on bat egiteko 36 argazkiko karrete bat izatetik, milaka argazki ateratzeko aukera izatera pasatu ginen. Jada ez da horrenbeste jolasten ikusten eta behatzen, baizik eta argazkiak egiten, botatzen, badakizulako baten bat ongi aterako dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.