ATZEKOZ AURRERA. Shakti Olaizola. Zirku artista

«Pinturak asko lagundu dit; zirkuarekin nahastu, eta agertokira eroan dut»

Zirkua, musika eta pintura nahastu ditu Olaizolak, Joseba Negrorekin batera, 'Baldin Bada' lanean. Lau emanaldi egingo dituzte Araban, eta helburuetako bat kaleko artearen kultura sustatzea eta zabaltzea da.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Dantzan aritu da txikitatik Shakti Olaizola (Irun, Gipuzkoa, 1987), baina unibertsitateko ikasketak egiten hasi bezain pronto ezagutu zuen zirkua, eta «dibertigarriagoa» zela pentsatu zuen. Gaur egun, bere ogibidea da. Araia-Asparreneko (Araba) Jaraialdia umore antzerkiaren jaialdian hartuko du parte, eta Baldin Bada ikuskizuna aurkeztuko du Joseba Negro musikariarekin batera. Lehen emanaldia Artziniegako Garai plazan (Araba) izango da, ostiralean, 20:00etan.

Margolari bat eta musikari bat dira ikuskizuneko protagonistak. Zer kontatzen dute?

Gure aitzakia da mural bat margotzen ari garela. Horretarako biltzen dira pertsonaiak. Bata arduratzen da musika jartzeaz momentuari, eta alboan duen kideari ere laguntzen dio tramankuluak mugitzen. Besteak murala margotzen du, baina era pixka bat kuriosoan.

Bideo batean ageri da; akrobaziak egin ahala margotzen duzu!

Hori da, eta abestu ere egiten dut! Era horretan, badago erlazioa zuzeneko musikariarekin ere. Hala ere, ikuskizuna bisuala da. Ez dago istorio edo trama sakon bat.

Elementu ezberdinak batzen ditu?

Izatez, zirkua, musika eta pintura dira nagusi; nahasketa bat da, eta horren oinarrian arte ederren ikasketak daude. Margolaria nintzen, edo naiz. Urteak neramatzan jada zirkuan sartuta, baina banuen gogoa gauza ezberdin bat egiteko. Beraz, erronka bat izan zen murala margotzea akrobaziak egin ahala, eta, gainera, musikarekin. Izan ere, bizi osoan lagundu didan diziplina bat izan da pintura; beraz, zirkuarekin nahastu, eta agertokira eraman dut.

Eta umorerik ba al dago ikuskizunean?

Badago. Bi pertsonaien arteko erlazioan agertzen dira pikeak, jokoak... Ez da pailazoen edo umorezko ikuskizun bat, baina bada umorea. Pertsonaiak landuta daude zentzu horretan.

Sari bat ere irabazi zenuten.

Estreinatu genuen urtean, 2016an, Circada jaialdian bigarren saria eman ziguten. Baina saririk handiena da oraindik ikuskizun honen bosgarren denboraldia dela eta lanean jarraitzen dugula. Egin ditugu antzezpen nahikoa Euskal Herrian eta nazioartean.

Lehen aipatu duzu: arte ederretatik zatoz. Beraz, zergatik zirkua?

Bilbora ikastera etorri nintzenean hasi nintzen, zirku eskolak ematen zituzten leku bat aurkitu nuelako. Betidanik egin dut dantza, txikitatik, baina zirkua ere gustatzen zitzaidan. Hasi nintzenean flipatu egin nuen, eta pentsatu nuen dantza baino dibertigarriagoa zela!

Igaro dira urteak hasi zinenetik...

Lehenengo urteetan entrenatzen egon nintzen, eta orain 11 urte hasi nintzen nire bakarkako proiektuarekin, ofizialki eta profesional moduan. Ikuskizun batzuk egin nituen aurretik; Irakurtzen da horietako bat. Hor kontortsioa egiten nuen batez ere, baina orain jada ez dut egiten, gorputza haziz eta aldatuz joaten delako.

Nola aldatzen da?

Badira ikasketak eta oharrak gorputza ahalik eta gutxien mintzeko, muskuluen eta hezurren lineak errespetatzeko; diziplina batzuk gogorrak dira, eta, beste batzuk, ez horrenbeste, baina joaten zara ikasten teknika zehatzak, eta baita gorputza zaintzen ere. Hala ere, badago beste gauza natural bat: adina. Denbora pasatu ahala, gorputzak ezberdin erantzuten du.

Elkarrizketaren aurretik fisioterapeutarenean egon zara. Ondo zaude?

Biran egonda, batzuetan, berregokitze bat behar izaten da. Gure lanean beti daude horrelako gauzak. Baina ez da ezer larria, eta listo, dena ondo dago!

Hala ere, jardunbide honetan dena al da fisikoa?

Ezbairik gabe, alde bat oso fisikoa da, baina bada beste bat ere. Hau nire ogibidea da, eta mugitua da. Esate baterako, ordu asko egiten ditugu kotxean sartuta; leku ezberdinetan egiten dugu sarritan lo, eta jan ere etxetik kanpo egiten dugu askotan... Gauza horiek nabaritzen dira urteek aurrera egin ahala.

Egun nola dago kaleko artea?

Nire kasuan, zorte handia izan dut, baina badaude konpainia edo proiektu batzuk hil direnak edo bizirauten daudenak. Hala ere, pandemiarik ez zegoenean ere, esango nuke kaleko artea, zirkua barne, gutxietsita egon dela. Mundu paralelo bat da.

Kulturaren bigarren maila batean egon da?

Hori da, uste dut beste maila batean dagoela. Instituzioek ere batzuetan ez dute zirkua aipatzen; bai, ordea, dantza eta antzerkia. Baina bagabiltza kultura mota hau sustatzen, eta egon dira aldaketak ere. Jendea ari da gure lana ezagutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.