Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Marina Landa. Abeslaria eta ikertzailea

«Gizartearen balioak aldatu egin dira, eta musikarenak ere bai»

1990eko hamarkadatik gaur egun arteko pop musikaren diskurtsoak ikertzen ari da Landa. Hark ere idazten ditu abestiak, eta kontzertuak ematen dabil. Gaur, Garden (Nafarroa) izango da.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Garmendia Etxeberria -

2021eko abuztuak 20 - Donostia

Euskal pop taldeen diskurtsoak ikertzen ari da Marina Landa (Donostia, 1993). Hainbat adituk diotenaren aurka, Landaren hipotesia da abestien hitzek ez dituztela balioak galdu, baizik eta gizartearekin batera eboluzionatu dutela. Hark ere idazten eta abesten ditu kantak. Gaur kontzertua du Garden (Nafarroa), 19:30ean, eta 27an Ordizian (Gipuzkoa) abestuko du.

Gaur Garden emango duzu kontzertua, baina noiztik zabiltza kantuan?

Abesten eta abestiak idazten 13 urterekin hasi nintzen; gitarra jotzen, 15 urterekin. Kontzertu txikiak eman izan ditut, baina nahiko utzita neukan. Joan den urtean, sareetan bideoak partekatzen hasi nintzen, eta aukerak suertatu zaizkit.

Hortaz, hitzak zureak dira?

Bai. Musikak komunikazio dimentsio dezente ditu: hitzak, ahotsak, instrumentuak, melodiak, doinuak... Baina, niretzat, funtsezkoena hitzak dira. Idaztea gustatzen zait, eta, niretzat, garrantzitsuena abestiak idaztea izan da beti. Gitarra hitzei irtenbidea emateko baliabidea besterik ez da.

Nolako harrera izan duzu orain arteko kontzertuetan?

Oso pozik nago. Jende gutxi etorri da ikustera, baina ni pozik nago. Inoren aurrean jo gabe pasatu ditut hiru urte; itxaropena guztiz galduta neukan. Uste nuen niretzat ez zegoen edo nahi ez nuen bide bat zela. Azken kontzertuetan, aldiz, gozatzen ari naiz jendaurrean kantatzen. Jendeak gustura egon dela esatea polita da.

Orduan, etorkizunean ere abesten jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, gustatuko litzaidake. Azkenean, zenbat eta kontzertu gehiago eman, orduan eta erosoago eta gusturago sentituko naiz ni neu ere.

Musika ikertzen ere bazabiltza. Zergatik?

Beti egon naiz musikaren munduari lotuta, eta atsegin dut. Ikusi dut hainbat adituk diotela musika popularra edo pop musika balioak galduz joan dela 1990eko hamarkadatik aurrera. Gaztea Irratia ere garai horretan sortu zen. Hortaz, 90eko hamarkadatik aurrera euskal musikan zer gertatu den ikertzea erabaki nuen.

Zein da zure hipotesia?

Nire hipotesietako bat da ez direla balioak galdu, baizik eta gizartearen balioak aldatuz joan direla eta musika horren isla dela.

Gizartearen balioak aldatu egin dira, eta musikarenak ere bai, baina ez da balioen galera bat. Askok esaten dute 90eko hamarkadatik aurrerako musika hutsala dela, hitzek ez dutela diskurtsorik. Nik uste dut badutela, baina beste gai batzuek dutela garrantzia. Hori hipotesia da, oraindik aztertzen nabil, eta ikusiko da emaitzak zein diren.

Nondik bideratu duzu ikerketa?

1990etik 2020rako tartea aztertzen ari naiz. Gazteako [irratia] zerrendetan eta artxiboan urte bakoitzeko abesti esanguratsuenak zein diren begiratu, eta horien hitzak aztertzen nabil: zer-nolako eboluzioa egon den hitzetan, gaietan eta genero zein hizkuntza kontuetan.

Nik aztertuko ditudan abestiak ez dira soilik euskarazkoak, preseski horregatik, euskarazko eta erdaretako abestietan ezberdintasunik dagoen aztertu nahi dudalako. Baita emakumezkoek eta gizonezkoek kantatzen dutenean ere.

Baina soilik euskal taldeak, ezta?

Bai, hori bai.

Adibidez?

Hemen eztabaida egon daiteke, baina nik Gaztearen irizpidea hartu dut: hemengoak diren edo hemen bizi diren artistak. Hortaz, izan ditzakegu Nogen, Izaro, Zetak, Bulego, Olatz Salvador, Sorotan Bele, Berri Txarrak, Zea Mays, Fito & Fitipaldis eta La Oreja de Van Gogh.

Orain arte zer topatu duzu?

Oraindik ez dut nahikoa aztertu emaitzez hitz egiteko, baina ez dut uste balio galera batez hitz egin daitekeenik. Seguruenik, indibidualismorako joera dago. Lehen, agian, abesti gehiagok hitz egiten zuten taldeaz edo taldearen garrantziaz, baina gizartean gertatzen ari den aldaketa bat ere bada.

Noiz hasi zenuen ikerketa?

2020aren erdialdean, eta, berez, datorren urtean amaitu beharko nuke. Ikusiko da ea lortzen dudan.

Donostian eta Bartzelonan bizi izan zara. Zein alde ikusi dituzu bien artean?

Batez ere kultur eskaintza. Donostian ez da ez ona, ez txarra; baina administrazio publikoak botere handia du. Bartzelonan, kultur eragile txiki pila bat daude, eta egunero programazio kulturala dute.

Hiri handiagoa da, bai, baina hemen zerbait egin behar dugu kultur eskaintza zabalagoa eta pluralagoa izan dadin. Donostian oso klasikoak garela iruditzen zait, kultura arloan ere bai. Badirudi inor ez dela ausartzen eskaintza pluralago edo hauskorrago bat egitera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Garmendia Etxeberria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...