ATZEKOZ AURRERA. Esti Curiel. Aktorea

«Ni naiz pertsonaiak lotzen dituen haria»

Curielek amatasunaz, heriotzaz eta familiaz gogoeta egitera eramaten ditu ikusleak ia oharkabean, umorez jantzitako '35 Huts' bakarrizketan. Gasteizen izango da ostegunean, Oihaneder Etxean.

GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
Zumaia
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Taula gainean bizi nahi zuela argi izan du gaztetatik Esti Curielek (Zumaia, Gipuzkoa, 1986), eta Nafarroako Antzerki Eskolan lehen urratsak egin zituenetik, ez da oholtzatik jaitsi. 35 Huts bakarrizketarekin ari da egun: orain arteko lanik pertsonalena du antzezlana, bera izan baita sortzailea. Ez du, ordea, bakarrik egin bidea: Miren Gojenola eta Aitziber Garmendia izan ditu lagun, zuzendari eta gidoilari lanetan.

35 urte betetzear, bidegurutze handi baten aurrean dago Asun, protagonista. Huts egiteko beldur da?

Konturatu nintzen 35 urterekin bidegurutze bat agertzen dela, erabaki bat hartu beharra. Asunen familian madarikazio bat dago, eta 35 urterekin hil egiten dira emakumeak. Horrenbesteko beldurra du hilko ote den, ez baititu beste erabaki batzuk hartzen. Hortik dator 35 Huts, partida bat izango balitz bezala: zeinek irabaziko du, 35ek ala hutsak? Hil egingo da ala bizitzeko indarra emango dio bidegurutze horrek?

Adin horretara helduta, nabaritu duzu zuk ere bidegurutze hori?

Bai, sentitzen dut bidegurutze hori. Badira gizarteak ezartzen dizkigun pautak, ez amatasuna bakarrik, badira beste arau batzuk ere: lan finko bat, etxe bat... Nik ez daukat lan finkorik, eta alokairuan bizi naiz. Beraz, hor nabil bidea bilatzen, noizbehinka lasaiago, eta beste batzuetan gehiago kostatzen zait.

Amatasunaz, heriotzaz eta familiaz hitz egiten duzu obran. Gogoetara eramaten zaituzten gaiak dira?

Bai, nire buruan eta inguruan zeudelako hartu nituen. Aldi berean, oinordetzaren gaiak interes handia sortzen zidan: zein oinordetza jasotzen ditugun familian, bai jarduteko moduetan, baita emozionalak ere. Aurrekoek bizi izan dutena jasotzen dugu, eta gure bizitzari aurre egiteko erabiltzen dugu, gu kontziente ez izan arren.

Hor sartzen da amonaren rola. Amona eta biloba, biak antzezten dituzu. Nola bizi duzu bakoitza?

Jendeak galdetu egiten dit: ez zara nahasten? Ez, oso argi ditut pertsonaia bakoitzaren gorputza eta ahotsa. Polita egiten zait oinordetzaren alde horretatik. Pertsona berak gorpuztean bi pertsonaiak, hor jasotzen da haien arima; ni naiz pertsonaia horiek lotzen dituen haria. Uste dut biek dutela Estiren zerbait. Oso obra pertsonala da.

Eta zer dute Estirengandik?

Nik uste dut nahi gabe lotzen diren gauzak direla, baina antzezlanak nigandik asko du. Asunek bizitzeko falta duen ausardia badu Estik, baina beldur hori beti hor dago: gai izango ote naiz hau edo bestea egiteko. Hor nabaritzen dut lotura. Obra ondo bukatzen denean, sentitzen dut Asunek indarra ematen diola Estiri. Asunek ondo bukatzen badu, Estik ere bai.

Mexikoko erreferentzia ugari ere ageri dira. Zergatik?

Ez dakit nondik datorren Mexikorekin lotura hori, kar-kar. Rantxerak asko gustatzen zaizkit, txikitatik. Gainera, amama harrapatuta dago irratinobelekin, eta nik, txikitan, telenobelak irensten nituen. Ematen duen arren horrek deskonektatu egiten duela amama, barrutik konektatu egiten du. Ihes egiteko bidea aurkitzen du.

Nola ikusten duzu zeure burua oholtzan bakarrik aritzean?

Bi aldeak ditu. Alde batetik, izugarrizko indarra ematen dit. Ondo doanean eta publikoa zurekin doanean, botere puntu bat da. Baina, bestetik, oso zaurgarria naiz. Oso esperientzia polita izaten ari da. Nire erronka zen bakarrizketa bat egitea, eta, orain, jendearekin lan egin nahi dut.

Taula gainean bakarrik ari zara, baina proiektua hiru eskutara landu duzue. Nolakoa izan da?

Oso polita. Bi emakume izugarri dira, indartsuak eta talentu handikoak. Proiektua nik hasi nuen, eta pentsatzen hasi nintzen norekin lan egin nahi nuen. Aitziberri idazte prozesuan laguntzeko eskatu nion, eta hasieratik baiezkoa eman zidan.Hasieran, pare bat astez, Miren eta ni elkartu ginen hainbat inprobisazio egiteko. Gero, Aitziberrekin egin genuen saio bat, idazten hasteko. Aitziberrek idatzi zuen hasierako testua, eta gero guri eman, nahi bezala moldatzeko. Horregatik esaten dugu hiruron artean idatzi dugula.

Gai sakonak jorratzen dituzue, baina umorez. Errazagoa zaizue hortik jotzea?

Niri bai, eta uste dut haiei ere baietz. Publikoari ere ezberdin sartzen zaio. Jendeak momentu on bat pasatzea zen asmoa, baina, aldi berean, zerbait geratzea. Eta bakoitzari zerbaitek joko dio. Ez zaio jende guztiari mezu bera iritsiko.

Argi izan zenuen emakumez osaturiko proiektua izango zela?

Kasu honetan, bai. Pentsatu nituen beste aukera batzuk ere, baina gaia emakumeena zen, eta guk hitz egin behar genuen horretaz. Garrantzitsua zen, lan ona egin dezakegula plazaratzeko ere bai. Horrela sentitzen nuen, edo horrela behar nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.