ATZEKOZ AURRERA. Juan Larreta. Okupas Motorizados egitasmoaren sortzailea

«Etorriko nintzateke oinez, baina ezin dut»

Asko dira elbarrientzat gordetako aparkalekuetan baimenik gabe autoa uzten dutenak. Salaketa hori egin du Larretak, beharrezkoak baitituzte: «Gure txartelak eskubide bat dira, ez pribilegio bat».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Antsoain
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Autoz joan da elkarrizketara. Elbarrientzako hiru toki daude, horregatik egin du hor hitzordua. Beti ez daude libre, askotan behar ez duen jendeak erabiltzen baititu. Hori da Juan Larretaren salaketa (Iruñea, 1968), eta horretarako sortu zuen Okupas Motorizados egitasmoa. Esklerosi anizkoitza du, eta bi makilaren laguntzarekin ibiltzen da, ahal duen bezala. Kontzientziazio lana egiten du han eta hemen; gaur hitzaldia emanen du Iruñeko Plazara zentro komunitarioan, 19:00etan.

«Soilik bost minutu izanen dira». Zer esan nahi dute bost minutu horiek elbarrientzat?

Zoritxarrez, oso onartua dugu gordetako tokiek denerako balio dutela: bost minutuz aparkatzeko, haurrak eskolan uzteko, zamalanetarako... Askok ez dute asmo txarrez egiten, baina guk, ailegatu eta tokirik ez bada, alde egiten dugu.

Zer garrantzi dute toki horiek elbarrientzat?

Bizitza errazten digute. Pentsa, jendearekin gelditzeko aintzat hartzen dut zenbat toki ditugun gordeak.

Jendea ez da ohartu ere egiten?

Gehienentzat, arazorik gabe ibiltzea normala da; ez duzu horretan pentsatzen. Baina desgaitasunik ez dutenei berdin zaie autoa hemen utzi edo harago. Ni hemendik 800 metrora bizi naiz; oinez etortzea gustatuko litzaidake, baina ezin dut.

Jende askok erabiltzen ditu gordetako tokiak beharrik izan gabe?

Izugarria da. Halako argazkiak bidaltzen dizkigute sareetan zabaltzeko, eta hori soilik errealitatearen puska bat da. Hori bai, foruzainen aurrean inork ez luke autoa utziko; ezta segundo bat bada ere.

Zenbat kexa jaso dituzue?

Bi urte eta hamar hilabete daramagu, eta egunean zazpi argazki jasotzen ditugu batez beste. Hasi ginenetik 6.971 irudi jaso ditugu. Pentsa, konfinamenduak iraun zuen egunen %75etan jaso genituen irudiak.

Horretan badu eraginik bizimodu azkarrak eta toki guzietara autoz joateko ohiturak?

Noski, haurrak eskolan utzi eta agudo joan behar duzu lantokira, edo zamalanetan ezinezko ibilbideak egin behar dituzte. Baina nik, nire tokia libre ez badago, ez dut autoa motorren tokian uzten. Erabat onartua dugu eskoletako sartu-irtenetan auto ilarak egotea edo autoak gaizki aparkatzea.

Eta asko dira txartel faltsuak erabiltzen dituztenak?

Uste baino gehiago. 2015. eta 2018. urteen artean, bi egunetik batean iruzurrezko txartel bat erretiratzen zuen Poliziak Nafarroan. 2019anjaitsi zen: astean bi txartel eta erdi kentzen ziren. Astakeria bat da oraindik ere. Gero, bada jendea kopiak egiten dituena edo beste baten txartela ibiltzen duena.

Kargu hartzen dizuete gordeak ez diren tokietan aparkatzeagatik?

Behin, irratiko entzule bat kexu zen toki arruntetan txartela zuten autoak ikusi zituelako. Noski, aukera hori dugu, legezkoa da. Gure helmugatik gertuago badago toki hori, hor aparkatuko dugu. Urrats bakoitza kosta egiten zaigu.

Gaizki aparkatzen dutenei autoan uzteko afixa bat prestatu duzue: Eskerrik asko gure tokian jartzeagatik. Utziko dizkidazu zure zangoak? Enpatia faltari, sarkasmoa?

Bai, heziketaren alde egin dugu; ez ditugu bestelako ekintzak egiten, autoak eranskailuz jostea, adibidez. Horrela gehiago lor dezakegula uste dugu. Gure txartelak eskubide bat dira, ez pribilegio bat. Esaten digute: «Hori zortea zurea, beti duzu aparkatzeko lekua». Aizu, ba, aldatuko dizut. Inork ez du aparkatzeko txartel hau izan nahi.

Orain arte, zer lortu duzue?

Lorpenik handiena Nafarroako legea izan da. Txartelak udalak ematen zituen orain arte, eta batzuetan ez dago baliabiderik, eta eskuz egiten dituzte. Nafarroako legearekin, kontrolatzea errazagoa izanen da, eta iruzurra egitea, zailagoa. Zain gaude, Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratuko.

Zergatik deitzen diezue autoei okupa motordunak?

Jende hori definitzeko manera oso grafikoa dela iruditu zitzaigun, baina, noski, bi errealitate ezberdin dira; ez gaude etxeak okupatzen dituztenen kontra. Bestalde, badira motorrik gabeko okupak ere: obretako kontainerrak askotan gordetako tokietan paratzen dituzte.

Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkarteari esker, iaz exoeskeletoa probatzeko aukera izan zenuen. Zer moduz joan zen?

Zoragarria izan zen. Ez nuen gogoan noiz izan zen makilarik gabe ibili nintzen azkenengo aldia, eta lortu nuen. Ez hori bakarrik; 10:00etan probatu nuen, eta arratsaldean tenteago sentitzen nintzen, eta ibiltzeko gogoz. Exoeskeletoak ibilera patroiak berreskuratzeko aukera ematen dio burmuinari; ederra da.

Baina exoeskelotorik ez dago Nafarroan, ezta?

Zoritxarrez, sobera garestia da. Horregatik, martxan dugu Nakoa txokolatea saltzeko kanpaina. Abenduaren 31n bukatuko da, eta dagoeneko 56.000 tableta saldu ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.