ATZEKOZ AURRERA. Pello Ulazia Ibarzabal. Irakaslea eta artista

«Genero rolek presio handia eragiten dute, baita zaintzan ere»

Aitatasuna eta zaintza ondo ezkontzen ez diren bi kontzeptu eta praktika dira oraindik ere; uztarri berean joan daitezke, ordea. Bere esperientziatik abiatuta, 'Aita hor dago?' liburua ondu du Ulaziak.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Trapezista», erantzuten zuen bere ogibidea zein zen galdetzen ziotenean: «Etxeko gizona edo artista esan nezakeen baina...». Duela hemezortzi urte jaiotako lehen alabaren zaintzaren ardura hartzea erabaki zuen Pello Ulazia Ibarzabal artistak (Mutriku, Gipuzkoa, 1966), hura oso txiki zela. Bizipen horren gogoetak bildu ditu Aita hor dago?liburu autoeditatuan. Egun irakasle da BAM Irakasleen Unibertsitate Eskolan, Derion (Bizkaia). Orain, galdetzen diotenean, irakaslea dela esaten du, beldurrik gabe.

«Aita ez dago!», entzuteak barrenak inarrosten ditu?

Gure lehen alabak urte eta erdi bete zuenean haurtzaindegira eraman genuen. Egunero negarrez uzten nuen. Gogorrena izaten zen alaba haurtzaindegian utzi, eta entzutea «aita!, aita!» esanez, eta ondotik zaintzailea: «Aita ez dago». Barrua nahasten zitzaidan, eta egun osorako aztoratua egoten nintzen.

«Etxera itzultzea» erabaki zenuen orduan...

Bai, erabaki nuen zaintzaren ardura hartzea, etxean geratzea. Nahiko garbi izan dezakezu erabakia, baina inguruko askok ez du ulertzen, eta entzuten dituzunak ondoeza ere sortzen dizute: genero rolek presio handia eragiten dute, baita zaintzan ere. Feminismoaren diskurtsoa izan da niri liberatzen lagundu didana, edo hartutako erabakia ulertzen lagundu didana, aurrera egiten, azken batean.

Noiz jabetu zinen «etxera itzultze» horren balio politikoaz?

Hasieran ez nintzen jabetu; intuizio bat zen gehienez ere. Artearen munduarekin dut harremana, eta hor zer kontatu eta nola kontatu pentsatu behar izaten dut; arte feministan ere «pertsonala politikoa da» lelotik abiatuta joan nintzen jabetzen erabaki horrek izan zezakeen karga politikoaz. Feminismoak bide asko eta begi asko zabaltzen ditu, eta gerora lagundu dit diskurtsoa osatzen.

Zaintza kontzeptua asko erabili da azken urteetan, baina...

Baina praxira eraman behar genuke. Hitzetan bai, baina jende gutxik heltzen dio zaintza jarduerari.

Zaintzan ari den gizonezko batek lehenago edo beranduago entzungo du zera: «Eta lana?».

Bai, bai. Lagunartean, erdi-txantxan botatzen zidaten neu bizi nintzela ondoen. Edo etxeko ingurumarian: «Ez ofizio, ez benefizio» eta halakoak entzun sarri, eta irentsi egin behar.

Oraindik ere askori lotsa ematen dio etxeko gizon izan litekeela pentsatze hutsak?

Bai, maskulinitate eredu hegemonikoarekin du zerikusia horrek. Produkzio lanetara bideratuta gaude. Pixkanaka hasi gara gizonezkoak ere arduratxoak hartzen, baina oraindik etxeko ardura nagusia dutenak oso-oso gutxi dira.

Zergatik?

Oraindik ez dagoelako behar bezala baloratuta zaintza. Aurreko astean irakurri nuen albiste bat Eusko Jaurlaritzak politika berriak onartu dituela seme-alabak eduki ahal izateko, eta haur eskolak doan izango direla 0-tik 2 urtera. Berriro ere zaintzaren ardura emango diogu beste pertsona bati: nik lana egingo dut, eta beste pertsona bat arduratu dadila zaintzaz; ehuneko handi batean emakumea izango da. Europan badaude familiak izateko, osatzeko eta zaintzeko beste politika eta eredu batzuk: Frantzian, Finlandian...

Kontziliazioa da jomuga totem berria?

Pertsonak ezin du denetara ailegatu. Marina Sagastizabalek idatzi zuen La triple presencia izeneko saiakera, eta hor ikusten da emakumezkoa ezin dela ailegatu lan produktibora, zaintza lanetara eta espazio politikora. Kontziliazioa oso kontu zaila da. Zaintza lanari balioa eman behar zaio. Eta beste esparru batzuetan lan egiteko ere kontuan hartu beharko litzateke zaintza lanaren curriculuma.

Zein da zaintzaren balio estetikoa?

Zaintzea da besteaz pentsatzea. Bestea kontuan hartzeak barruan dauka jarrera etiko bat. Ordea, zaintza egiten duen jende horrek estetika bat ere badauka, eta ez da itxura kontua: irudiarekin baino zerikusi handiagoa dauka enpatiarekin.

«Hara, gizon bat zaintza zer den esplikatuz», esan dezakete.

Bai, konturatzen naiz horretaz. Asmoa ez da lehen lerroan agertzea: feminismoaren tresnak baliatu ditut nire kontaketa egiteko, ez besterik.

Zaintzan dena ez da gozo.

Ez, ez nuke nahi zaintzaren ikuspuntu erromantiko bat ematea. Une gogorrak ere badaude, baina zaintzak eta zaintzak daude. Aitatasunarena beste zaintzak batzuk baino amableagoa da: ez da berdina behartuta zaintzea beste pertsona batzuk, gurasoak, edo gaixo daudenak edo... Zaintzen artean aitatasunarena da dagoen goxoena. Hala ere, momentu gogorrak egoten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.