Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ion Fontenla eta Aloña Jauregi. 'Zure platerean hasten da mundua' dokumentalaren egileak

«Politikoa da zerez elikatu erabakitzea»

Elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko erak «ingurumenean, osasunean eta ekonomian» eragina duela nabarmendu dute.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko maiatzak 25 - Ataun

Elikagaien ekoizpenari eta kontsumoari begira ondu dute Ion Fontenlak (Lazkao, Gipuzkoa, 1984) eta Aloña Jauregik (Zaldibia, Gipuzkoa, 1980) Zure platerean hasten da mundua dokumentala, On produkzioak ekoiztetxearekin batera. Landarlan ingurumen elkarteko kideak dira, eta, dokumentalaren bidez, agroekologian oinarritutako bizitza ereduak ezagutarazi nahi izan dituzte.

Zer kontatzen du dokumentalak?

ION FONTENLA: Agroekologiaren bueltan sortutako dokumentala da; ezagutu nahi izan dugu modu konkretu batean bizi den jendea, normaltzat hartzen dugun horretatik kanpo bizi dena: bai ekoizleak eta bai kontsumitzaileak.

ALOÑA JAUREGI: Kontsumoaren ikuspegia landu dugu, elikaduran zentratuta. Elikadura hori modu agroekologikoan sortzen dutenek proiektu oso txikiak dituzte, oso baserri txikiak. Txikitasun horrek ahalbidetzen du naturarekiko beste harreman batean lan egitea, elikagaiak beste modu batean tratatzea, osasuntsuagoa, lan baldintzak ere modu jakin batekoak izatea... eredu hori erakutsi nahi izan dugu.

Elikadurak gure osasunean ez ezik ingurumenean ere eragiten duela transmititu nahi duzue?

FONTENLA: Hemendik aurrera garrantzi handia eman beharreko gai bat dela iruditzen zaigu: segun eta nola zaintzen ditugun gure larreak, basoak, baratzeak eta abarrak, errekak ere hala joango dira. Pozoia erabiltzen badugu baratzean, badakigu zer gertatuko den.

Hiru ekoizle ezagutarazi dituzue: Salcedoko nekazariak (Araba), Antzuolako gaztagileak (Gipuzkoa), eta Azkaineko eztigileak (Lapurdi). Nola lan egiten dute?

FONTENLA: Salcedoko nekazariek otarrekin lan egiten dute, 60 familia elikatzen dituzte, astero-astero. Soldataren oinarri bat bertatik lortzen dute. Gero, zereal pixka bat ere badaukate, eta fruta arbolak ere bai. Konbentzituta daude hori dela bidea, eta hala transmititzen dizute.

JAUREGI: Antzuolako Pikunieta baserriko artzainek ere zuzeneko salmenta egiten dute, gaztarik gabe geratzen dira, eta ez daukate kexarik. Alderantziz, aldarrikatzen dute zuzeneko salmenta gehiago nahi dutela. Dena den, ikusgarritasunaren falta sumatzen dute. Esaten dute: «Ematen du ez garela existitzen...»

Kontsumitzaileen begirada ere jaso duzue, Iruñeko Landare elkartearen bidez. Gizartean badago nahikoa kontzientzia?

FONTENLA: Ezagutu dugu Landare kooperatiban bazkide izatea zer den: zerk eramaten duen bat bazkide izatera. Nik uste dut lan asko dagoela egiteko, baina oinarri bat badagoela finkatuta,eta gehiagora doala. Izan ere, badaude proiektu batzuk, eta geroz eta beharrezkoagoak izango direla uste dut.

Eta ekintzetan, igartzen da hori?

JAUREGI: Praktikan jartzea kosta egiten zaigu, nahiz eta sinetsi horrek eragina duela bai gure osasunean, bai gure ingurumenean, bai ekonomian...

Ohiko ustea da horrelako produktuak garestiagoak direla. Hala da?

JAUREGI: Asumitu ere egin behar dira gauzak. Esfortzu bat dakar, ekonomikoa ere bai, ados, baina hemen egunkariak ireki dira etxetik dirua jarrita, Herrikoak ere bai... ez dakidana da zergatik ari den kostatzen elikaduraren gaian.

FONTENLA: Bai, eta kasik erabakirik politikoena hartzen ari zara kontsumoarekin. Lehengoan esan genuen, lau urtean behin ematen dugun botoa baino politikoagoa iruditzen zaigu erosketa bat egitea. Erosketa batekin erabakitzen duzu Huelvako [Espainia] tomatea erosi behar duzun edo Ataunen [Gipuzkoa] egindakoa. Erabaki politikoa da, zuk erabakitzen duzu zer gizarte mota nahi duzun. Mila pertsonak egiten badugu, eragin pixka bat edukiko dugu; baina berrehun milak egiten badugu, gizarte mailan ere aldaketak sortzen dira, beste ekoizpen eredu baterantz.

Fikzioa sartu duzue dokumentalean: Andoni Aizpuru, Maitena Salinas eta Maria Redondo aktoreekin. Zergatik?

JAUREGI: Erreportaje formatik pixka bat aldentzeko eta oxigeno pixka bat emateko. Nahita hautatu ditugu aktore horiek, hiru belaunaldi biltzen dituztelako. Amu moduko bat da.

Ostegunean aurkeztu zenuten dokumentala. Aurrera begira, non emateko asmoa daukazue?

FONTENLA: Herriz herri emanaldiak lotu nahi ditugu; Gipuzkoan hasi, eta Euskal Herriko zazpi probintzietan. Dokumentalaren izen berarekin proiektu oso bat ere sortu berri dugu, natur ziklo bat izango balitz bezala, herriz herri egingo duguna. Tailer batzuk egingo dituzte EHKOlektiboko kideek, eta eskoletatik, azoketatik, baserrietatik... pasatuko gara. Gainera, hezkuntza baliabide batzuk sortuko ditugu, ikastetxeetan gaia landu dezaten: podcastak, bideo didaktikoak eta koadernoak sortzen ari gara horretarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskadi Irratiko mikro bat. ©Foku

Euskadi Irratiko langileek murrizketak egiteko irizpideak gaitzetsi dituzte

Urtzi Urkizu

Miramongo Euskadi Irratiko langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak zuzendaritzari eta EITBren administrazio kontseiluari eskatu diete 24 orduko informazio zerbitzuari eusteko.

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurri dute Bilboko Arriagan

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.