ATZEKOZ AURRERA. Yoni Camacho eta David Escudero. Sonakayko kideak

«Kausarik gabeko matxinoak gara»

Sonakay taldeak hirugarren diskoa eman du argitara: 'Suerte'. Iragarri dutenez, «inflexio puntu bat» eta «jauzi bat» da orain arteko ibilbidean. Oinarria, ordea, berbera da: flamenkoa eta euskara.

David Escudero, gitarrarekin, Yoni Camacho abeslaria atzean duela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bakarra izan behar zuena bikote bihurtu da. Elkarrekin datoz Yoni Camacho (Errenteria, Gipuzkoa, 1989) eta David Escudero (Donostia, 1978). Sonakay taldeko lau kideetako bi, ahobizarrik gabe. Suerte disko berriaz (Syntorama), eta hizkuntzaz, eta flamenkoaz, eta ijitoez, eta arrazismoaz. Diskoko lehen singlea Heroiak da, David Bowie handia Harkaitz Canok euskarara ekarria.

Zein izan da Sonakayren suertea?

YONI CAMACHO: Oso langileak izan garela, oso egoskorrak eta tematiak. Flamenkoa euskaraz egitea erabaki genuenean, ez ziguten ideia etxean ere erosi. Orain suertea da mezua jendearengana iritsi egin dela.

Konfort egoeratik atera ei zarete. Egon zarete han inoiz?

Y. C.: Egia esan, ez.

DAVID ESCUDERO: Kausarik gabeko matxinoak gara.

Y. C.: Lan egiteko modua aldatu da, eta kanpoko eragina. Lehen, dena zen latinoagoa, mediterraneoagoa. Orain, funky eta pop estiloetara jo dugu gehiago.

Euskaraz zenbat abesti daude?

D. E.: Bost edo sei. %55 bai.

Norbaitek esango du euskara zuenean apaingarri bat dela.

Y. C.: Eta flamenkoa ere bai, orduan [barrez]. Efektuak defektua estaltzen du. Euskarak, flamenkoak, alkandora honek, gominak...

D. E.: Barruan daukaguna ateratzen dugu guk, eta horixe daukagu barruan: euskara eta flamenkoa.

Nahiz eta mingaineko zaintiratuak eragin? Zer da hori?

Y. C.: Oso ona da hori. Zer den? Gazteleraz abesten duzunean, ia beti bokal batekin amaitzen duzu. Gutxitan bukatzen duzu kontsonanteren batekin: tz, tx, ts, k... Hasi zaitez flamenkoz zaldiaaaak esanez amaitzen abestia [abestu egin du]. Bada, amaierako k horrekin egiten duzu zaintiratua mingainean.

Laboak burua altxatuko balu...

D. E.: Burua altxatuko balu... gurekin arituko litzateke. Ezagutu nuen. Hura bai makarra. Ez dakit asko edo gutxi gustatuko litzaiokeen egiten duguna, baina, benetan tipo ausarta zenez, saltsa guztietan sartzen zenez, gurekin arituko litzateke. Zenbat aldiz esan ote zidan Antiguan: «Etorri behar duzue nire bila, elkarrekin entseatu dezagun».

Donostiako Belodromoan Laboak emandako kontzertu hura...

Y. C.: Uste dut Gara egunkariaren sorrerako festa izan zela. Enrique Morente etorri zen! Hura zen hura goseak eta jateko gogoak bat egitea. Zerbait piztu zitzaidan han. Garai hartan, Granadatik hona ekartzea tipo bat, ez zeukana zerikusirik bertan aldarrikatzen ari zenarekin, baina horren ongi ezkontzea elkar...

Bada zerbaiten seinale?

Y. C.: Juan Gorriti eskultorearen tailerrean izan nintzen behin. Iritsi eta berehala hara non ikusten dudan Camaronen argazki erraldoi bat eta alboan Laboaren beste bat. «Baina Juan! Nolatan bi hauek elkarrekin?», galdetu nion. Esan zidan: «Espainia erditik tolestuko bazenu, egin kontu Donostia Cadizen gainean eroriko litzatekeela». Iltzatuta gelditu zitzaidan hori.

Sonakay hitzak kalo hizkuntzan urrea esan nahi du. Honezkero, egin zarete urrezkoak?

Y. C.: Escudero bakarrik [barrez].

D. E.: Pentsa: aitona izan berria naiz!

Musikatik bizi zarete?

Y. C.: Hala balitz... Baina ez. Sekulako aldea dago gure eguneroko bizitzaren eta daukagun famaren artean. Suerte abestian diodan bezala: denak dauka bere aurkia eta bere ifrentzua. Uste dut hasieran baino diru gutxiago daukadala orain.

Zuek esana da euskaldunak zaretela kanpoan eta ijitoak Euskal Herrian. Oraindik ere bai?

Y. C.: Oraindik ere bai. Badirudi aurrera egiten ari garela, baina uste dugun baino atzerago goaz.

Arrazismoa presente dago?

Y. C.: Bai, eta toki askotan. Etxe bat alokatzera zoazenean, edo hizkuntzaren erabileran. Aurrekoan, telebista saio batean, Andaluziako PPko zinegotzi bat hizketan: «Zuek zer uste duzue? Politikari guztiak lapur batzuk garela? Ijito batzuk garela?». Asko daude halakoak: «Egingo dugu lo kalean, ijitoak bezala». Hori arrazismoa da. Nik ez dut sekula aire zabalean lo egin. Beldurra ematen didate zomorroek [barrez].

Nortzuk dira flamenkolikoak?

Y. C.: Oso jende arriskutsua [barrez].

D. E.: Baina beharrezkoa.

Beharrezkoak, zertarako?

D. E.: Iparra inoiz ez galtzeko.

Egur handia eman dizuete?

D. E.: Bai eta ez.

Y. C.: Gehiago merezi genuen [barrez].

D. E.: Horrenbeste espero genuenez... Egin kontu Flamenco on Fire jaialdian hiru urtez jo dugula, eta sekulako harrera egin digutela. Garrantzitsuenekin aritu gara han, flamenkoaren patriarka guztiekin.

Y. C.: Karmonatarrak, Tomate, Tomatito... Gertatzen dena da jakituria duten flamenkolikoek ez dutela liskarrik sortzen. Hitz egiten dutenak beti dira ezjakinenak. Badago esamolde bat: nola esplikatu itsu bati ostadarra zer den. Horixe da azken horiekin gertatzen dena: ezin dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.