Erdigunetik bota dituzte Herri Sanferminak eta migranteen taldeak

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ez Oko Andre Mariaren plazan, ez Errekoletetan, eta ezta Antoniuttin ere. Aurten herri mugimenduek ez dute txosnak paratzeko lekurik izanen Iruñeko erdigunean, hala erabaki baitu Enrique Maiak zuzentzen duen udal taldeak. Bestatik urrundu eta Arrotxapea auzo ingurura bidali nahi zituen azkenengo urteetan erdigunean egon diren txosnak: Herri Sanferminak, Errotazarrera; migranteen kolektiboak, Trinitarioetara. Biek ezetz erantzun diote udalari, bestatik aldendurik guneek nekez erakarri baitezakete jenderik.

«Ez da izanen txosnarik, baina ez gara desagertuko». Herri Sanferminetako kideek asteon iragarri dute hiriaren erdigunean izanen direla, beste modu batera bada ere. Horretarako, egitarau «xumea» baina «inoiz baino duinagoa» osatu dutela iragarri zuten asteazkenean. Maiak «oinarririk gabeko aitzakiak» eman dituela salatu zuten, eta plataformak aurkeztutako alternatiba orori ezezkoa eman diola. «Bitartean, Gazteluko plazan makrofesta pribatua antolatu du, besten izaera herrikoiaren aurka». Ekitaldiak zenbait ostatutan eta Matalaz eta Zabaldi elkarteetan izanen dira.

Migranteen kolektiboek ere udalaren erabakia gaitzetsi zuten asteazkenean. «Zuentzat ez dago tokirik, Antoniuttiko parkea betikoentzako erabiliko baita». Navarra Sumak hori erantzun ziela salatu dute, erantzun hori «baztertzailea» eta «arrazista» delako, haien esanetan «betikoak eta kanpotik etorritakoak» banatzen baititu. Helegitea paratu diote udalaren erabakiari.

2015. urteko sanferminetatik erabili dituzte gune horiek herri mugimenduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.