ATZEKOZ AURRERA. Asaari Bibang. Aktorea eta umorista

«Arrazismoaren arazoa da sistemikoa dela»

Umoreak eta emakumezkoa eta beltza izateak «zeharkatzen» dute Bibang, eta horien inguruan ondu du 'Humor Negra' ikuskizuna. Jasaten duten «zapalkuntza bikoitzaz» mintzo da. Hernanin ariko da, igandean.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bere azalean eta azalaren koloreak eragindakoez, eta umorez. Horixe da Asaari Bibangen (Malabo, Ekuatore Ginea, 1985) Humor Negra ikuskizuna. Aktore, umorista, idazle eta artikulugilea da Bibang: «Emakumezkoa eta beltza». Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean ariko da igandean (18:00).

Badago zurientzako eta beltzentzako umorerik?

Ez. Umorea da existitzen dena. Eta bakoitzak egiten du umorea norbera zeharkatzen duen horrekin: umoreak zeharkatzen nau ni, eta emakumea eta beltza izateak zeharkatzen nau ni.

Irribarrez denok gara berdinak?

Irribarrez denok ez gara berdinak. Denok daukagu umorea, baina ez ditugu gure aurreiritziak aurretik jarri behar, eta pentsatu emakumezko beltzek eguna prostituitzen edo pateretatik jaisten pasatzen dugula, hori baita hezurretaraino sartu diguten iruditeria kolektiboa.

Zuretzat ezaguna den esaldi bat: «Baina ni ez naiz arrazista».

Askotan entzun dut, bai. Baina, arrazismoaz hitz egiten denean, normalena da defentsarako posizioan jartzen den jendearekin topo egitea. Eta defentsarako posizioaren ostean, ukazio fasea dator. Guk zera defendatzen dugu: defentsaren eta ukazioaren ostean, birplanteatzea eta pentsatzea agian norberaren errealitatea ez dela existitzen den bakarra. Abiatuko bagina pentsatuz arrazista izateko ez dagoela pertsona gaiztoa izan beharrik, beste perspektiba batetik ikusiko genuke dena. Eta egia da: ez dago zertan pertsona gaiztoa izan arrazista izateko. Nahikoa da hainbat aurreiritzi sartu dizkigun testuinguru kultural batean hezitakoak izatea. Ni neu barne.

Iragarki batek dio: «Neska beltz bat behar da...». Nola segitzen du?

Putetxe baterako?

Aldatzen ari da hori?

Aldatu beharra dauka, halabeharrez. Fikzioak sekulako kaltea egin dio emakumezko beltzaren iruditeriari: estigmatizatu egin du, beti agertu da erosita edo salduta. Eta behin eta berriz irudi hori erakustea, axolagabekeria galanta izateaz gain, krudelkeria ere bada, ez baitu errealitatea islatzen.

Chimamanda Ngozik zioen: «Historia bakarraren arriskua».

Hori da: emakumezkoak eta beltzak garenez, denok historia eta arazo berberak ditugula pentsatzea. Hark dioenez, historia hori beti pertsona berdinek kontatzen badute, ikuspuntu bera erakutsiko dute. Afrikan badago esaera zahar bat: «Lehoiek euren historialari propioak ez dituzten bitartean, ehiza istorioek beti goratuko dute ehiztaria».

Zuk diozu zurea antirrazismo aktiboa dela, baina ez aktibista.

Aurrekoan, lagun batek txantxetan esan zidan: «Ez baduzu ziegarik zapaldu, ez zara aktibista». Nik beti diot ez naizela aktibista, ez datorrela bat egiten dudanarekin. Aktibistak dira heriotza mehatxuak jaso dituzten lagunak, Espainiatik kanpora joan behar izan dutenak, jaiki eta euren bizitza eta euren familiarena arriskuan jartzen dutenak... Nik komedia egiten dut, eta aktorea naiz. Eskaintzen dizkidate espazio batzuk eta iristen naiz espazio batzuetara nire lagun aktibista horientzat iritsi ezinak direnak. Nire erantzukizuna da espazio horietara mezu antirrazista hori eramatea.

Borroka antirrazista eta feminista eskutik helduta doaz?

Hala joan behar lukete. Ni beltza naiz eta emakumezkoa naiz. Bi gauza horiek banaezinak dira, eta modu bikoitzean zeharkatzen naute. Emakumezko beltzen zapalkuntza bikoitza baita: matxismoa arrazismoaren bidez iristen zaigu, eta arrazismoan matxismoa inplizitua da. Niri puta deitzen didatenean, ez didate puta bakarrik deitzen. Puta negra deitzen didate.

Zure liburuko esaldi bat: «Ginearra izateko espainiarregia, eta espainiarra izateko ginearregia».

Migranteentzat oso ohikoak dira identitate arazoak, batez ere beltzak garenontzat eta kanpotar egiten gaituen aurpegiera dugunontzat. Une oro «nongoa?» galderari erantzunez aritu behar dugu, eta, jada «nongoa?» gehiago ez dagoenean eta asimilatzen dutenean espainiarra zarela, galdera izaten da: «Baina nongoak dira zure gurasoak?» [barrez]. Morad rap abeslariak aurreko batean zioen: «Ni marokoarra sentitzen naiz, nahiz eta Espainian jaiotakoa izan. Zergatik? Espainian inork ez nauelako espainiar gisa ikusi nahi izan».

«Mundua ez da sekula antirrazista izango». Oraindik hori pentsatzen duzu?

Oraindik hori pentsatzen dut. Arrazismoa ez baita bakarrik auzi soziala: arrazismoa auzi ekonomikoa da, geopolitikoa da, politikoa da... Arrazismoa ez litzateke zerbait larria seigarren solairuko nire bizilagunaren eta nire arteko auzi bat balitz bakarrik. Arrazismoaren arazoa da auzi sistemikoa dela. Sistema ekonomikoak, politikoak eta sozialak bermatua eta legitimatua. Horregatik ez da mundua sekula antirrazista izango, baina pertsonak bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.