ATZEKOZ AURRERA. Jesus Mari Perona. Itsasontzi modeloen egilea

«Desagertzear egon daiteke modelismoa»

Itsasontziak egiten ditu, eskalan. Ikertu, piezak egin, eta itsasontzia osatu. Urte asko daramatza Euskal Herriko itsas ondarea berreskuratzeko lanetan. Gero eta modelogile gutxiago geratzen dira.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Itsasontzi batzuen hezurdurak, zuokerrak jarrita; beste batzuk bukatuta, berritzeko zain. Jesus Mari Peronaren (Orio, Gipuzkoa, 1952) garaje-tailerra da. Modelogilea da: itsasontziak egiten ditu, eskalan, zehaztasun harrigarriz. Erakusketa zabalik du Orioko kultur etxean, abuztuaren 4ra arte: Orioko baleazaleak eta itsasontziak. Astegunetan, goizez; asteburuetan, arratsaldez —Peronaren azalpen eta guzti—. ETBko arotza izan zen. Arraunlari zeneko argazkiak daude garajean. Lau aldiz irabazi zuen Kontxako bandera, 1970eko hamarkadan. Arraunlaria eta traineruko arotza zen.

Eman dezake zuek itsasontziak muntatu egiten dituzuela. Zuen lana askoz ere zabalagoa da, ordea.

Modelogile mota ezberdinak daude: batzuk, hasiberriak direlako, kit-ekin hasten dira; beste batzuek planoak eskuratu eta, planoetatik abiatuta, piezak sortzen dituzte; eta badira agiri zaharretan oinarrituta piezak ateratzen dituztenak.

Zuk zeuk hala egin zenuen Nuestra Señora de la Concepcion y de las Animas galeoia, Antonio Gaztañeta ontzigilearen egunerokoan oinarrituta.

1688ko eskuizkribu bat aurkitu genuen, Gaztañetaren eguneroko bat. Bertan ikus daiteke galeoia nola eraiki zuten, urratsez urrats.

Piezen xehetasun guztiak eman zituen?

Guztiak. Ia eraikuntza guztia dago.

Ia. Zer egiten da zerbait zehazten ez duenean?

Logika erabiliz betetzen dira hutsuneak. Berak eskatzen dizu nola.

Batzuetan, hutsunea handiagoa da informazioa baino: ateburuetako irudietan oinarrituta egin izan dituzu ontziak.

Armarri horiei buruzko lan bikaina egin zuten Selma Huxleyk eta Michael semeak. Baita Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko Migel Laburuk eta Antxon Lasagabasterrek ere. Artxiboetako agiriak atera zituzten, baina hor geratu ziren; ez ziren iritsi hiru dimentsioko modeloak egitera.

Zuk egin zenituen.

Orioko Aganduru etxeko ateburuko argazkia hartu eta nomenklatura osatu nuen: pieza guztiei izena jarri nien. Horrek zabaltzen dizu bidea planoak diseinatzeko.

Euskal Herriko ontziolak munduko onenetakoak izan ziren. Behar beste zabaldu da?

Zabaltzen ari gara. Ontzi horietako asko Pasaian, Zumaian, Orion, Deban eginak dira.

Merezi duen garrantzia ematen al zaio itsas ondareari?

Ez. Itsasoari bizkar emanda bizi gara, baina aintzat hartu behar dugu itsasoa izan dela gure arbasoen bizitza.

Zer-nolako eragina du Albaolaren moduko gune bat sortzeak?

Oso ona da. Euskaldunok zenbateraino ikusten dugu geure itsas historia? Ia ezer ez. Eskerrak Xabier Agotek eman dion indarra Albaolari. Hemen baino gehiago baloratzen dute hemendik kanpo. Tristea da. Eskerrak eman behar zaizkie erakundeei, proiektua babesteagatik.

Txikitasunera ohituta, zer sentitzen duzu Albaolan eraikitzen ari diren San Joan galeoiaren aurrean?

Plazera. Umetan sarri joaten nintzen Orioko ontziola batera. [Jorge] Oteiza bera ere joaten zen. Zuakerrak jarrita zeudenean gustatzen zitzaion itsasontzia. Esaten zuen horrela utzi behar zirela, eskultura bat zirela. Gero pena hartzen zuen, forratzen zutenean.

Garai bateko itsasontziren baten eraikuntza bertatik bertara ikusteko aukera izango bazenu, zein aukeratuko zenuke?

1715. eta 1716. urteetan hiru belaontzi egin zituzten Orion, berdin-berdinak, Gaztañetaren irizpideetan oinarrituta. 60 kanoiko eta 900 tonatik gorako ontziak ziren. Guztiak batera egin zituzten.

Zer da pazientzia zuretzat?

Pazientzia nire emazte Begoñak [Lertxundi] izan du, nirekin, egin ditudan itsasontzi guztiak onartzeko. Lanerako badut pazientzia, baina, bestela, oso urduria naiz. Ez dakit arraunean ibili nintzelako-edo, baina jenio bizikoa naiz. Itsasontzi bakoitza erronka bat da. Egin izan dudan itsasontzi handi bakoitza Everestera igotzearen parekoa izan da.

Zehaztasuna obsesio bihurtzen da?

Obsesio pixka bat behar du; bestela, ez lirateke zehaztasun eta fintasunhorrekin aterako.

Modelogileak diziplinatua eta ordenatua izan behar du: XVI. mendeko baleontzi bat egiteko, 20.000 pieza zenbatu zenituen.

Bai, nahitaez. Nuestra Señora de la Concepcion y de las Animas galeoiarekin, erdi eginean nuela, 20.000 piezara iritsi nintzen, eta esan nuen ez nituela gehiago zenbatuko.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartean 30-40 modelogile elkartzen zineten lehen. Gaur egun? Zuen lanak badu segidarik?

Sei bat lagun geratu ginen, eta jada ez gara elkartzen. Urteak aurrera doaz, eta gehienak hil egin dira. Jende berria ez da animatzen, eta desagertzear egon daiteke modelismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.