ATZEKOZ AURRERA. Xan Errotabehere. Ipuin kontalaria

«Geure mundua sobera fite utzi dugu»

Txokoz txoko, urtez urte kontatzen ibili den ipuinak 'Hitza hezi bihotza hazi' liburuan finkatu ditu Errotabeherek. Erantzunak ukan ditzakete ipuinek, jende «triste eta minduarendako» ere.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Donibane Garazi
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hitza hezi bihotza hazi (Euskaltzaleen biltzarra, 2022) ipuin bilduma argitaratu berri du Xan Errotabeherek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1942). Bizia ipuintzen du, eta ipuina bizitzen, bihotzetik, euskaratik, «geuretik», alo. Gizartea gizatiartu behar dela sinetsia da, ipuinen inguruan bilduz, «sinpleki».

Ipuinak kontatu, mundua aldatzeko edo munduak alda ez zaitzan?

Ez baitut nahi munduak alda nazan, kontatzen ditut ipuinak, batez ere enetako. Badira batzuk mitologikoak, batzuetan biziki zaila da haien barnean sartzea, baina behar dira horiek ere irakurri, horiekin denbora pasatu, ongi murtxikatu, lo egin, eta momentu batez zerbait erraten dizute. Eta orduan ezin utziak dira, istorioak hartu eta eramaten zaitu. Kontalariok istorioarekin dugun harremana biziki pertsonala da. Ez duzu kontatzen ahal istorio bat ez bazara barnean sartzen, bihotzetik behar duzu kontatu.

Irakurtzen duzularik biziki pobrea da, baduzu tarte bat, mikroarekin bezala: publikotik aski urrun zaude, bada murru bat. Horrek mozten zaitu, eta zeure buruarekin uzten. Bada paradoxa bat: publikoak igortzen dizu zuk berari igortzen diozuna, eta horrek hazten zaitu. Ipuinek badituzte mezuak, eneek esperantza dute. Usu, jendeak minduak dira, triste; eta ipuinek badituzte erantzunak. Kontatu behar dira, batez ere Euskal Herrian ditugun ipuin mitologikoak.

Ipuin hauen bidez hazten zara, eta, diozu hitzen bidez jendea hezten dela eta bihotza hazten zaiela.

Mundua adierazteko bi molde badira: logos eta mito. Lehena da zientzialariena, politikoena, arrazoiarena. Gu, poetak-eta, irudiekin-eta ari gara: egia agertzen ari dela diote. Ipuinetan behar da barnean bilatu, gaztainetan bezala: morkotsa badu ziztekin kanpotik, zaila zuritzeko; barneko mamia harrapatzeko, behar duzu anitz bide egin. Hala, sua menperatu zutelarik, hitza ere egin zuten. [Maitena Ihidope ilustratzaileak egindako liburuaren azala erakusten du]. Sua protagonista gisa ezarri dut, eta horrekin batera, hitza; sua menderatu zutelarik, hitza ere bai. Sua behar da hazi eta hezi, eta baditu pindarrak aurpegietan, eta jendeen arteko hutsuneetan dago zure tokia. Sua da ipuina, da hitza, da euskara.

Aldarrikatzen duzu ipuinak adin ororen bazkatzeko badaudela.

Zaila zait ipuina erratea, gogoan baitugu beti haurrendako baizik ez direla... Ez da hala, horregatik deitzen diet kondaira, istorioa. Haurren lokarrarazteko dira, eta jendeen pizteko. Urrundik heldu dira ipuinak.

Zein da ipuin baten errezeta?

Ez du gauza anitz behar. Bide bat da enetzat: badu hastapen bat eta bururapen bat. Kontatzen diozunari bide bat eginarazten diozu. Usu, irudi eta elkarrizketekin funtzionatzen dut, deskribapen gutirekin. Dena irudiz josia da, eta entzuleek hori dute hartzen gehienik. Behar du zerbait zure hatsa, listua dituena. Ipuina ipuina da kontatzen duzularik bihotzez, sinetsirik, kar batekin.

Preseski azeriaren metafora baliatzen duzu ipuina irudikatzeko.

Fosildutako murruko azeria ederra da, baina hila. Alta, ipuinak egiazkoa izateko, liburutik behar du ilki, norberak bere maneran.

Eta euskalduna izateko?

Euskaraz kontatzen baduzu, euskalduna da, edonondik jinda ere. Ipuin bera euskaraz kontatu edo frantsesez, irudi du bi direla. Euskaraz kontatzen duzularik, mundu batetan sartzen zara, eta biziki zaila da hartatik ateratzea.

Ipuinen buztana lotzen diezu bertzeen buruari, zuhaurenak sortuz.

Zaila da. Geure ipuinekin zerbait traba sentitzen dut. Altxorra badugu, baina kontatzen dituzularik, erraten dizute emazteen kontrakoa dela edo. Baina harago ikusi behar da: bere mamia; gibelean zer den. Hiru uhinak istorioan adibidez. Sorginen garaiko istorioa da, uste dut egiazko euskal muina sentitzen dela hor. Ugalketaren istorioa da, baina maskaraturik. Ba omen da Norvegian eitea duen bat. Uste dut gure mundua sobera fite utzi dugula, eta bertzeenak hartu.

Pantailen garai honetan, ipuinak badua tokirik?

Ez du, baina behar zaio egin. Jendetasunez bete behar ditugu bazterrak. Xumetasunean du bere indar guzia ipuinak, mikrorik gabe... Gurasoak umeari istorioa kontatzean, salbatzen du, baketzen. Leku isilak behar ditugu, harrabotsetarik urrun, ez du inporta zenbat entzule den. Zaila da, baina ni hasia naiz.

Gamere Zihigako [Zuberoa] Etxeberriko karbean bada Madeleine aldiko irudi bat. Zergatik barne hartaraino sartu beharko zuketen?Hori da Amalur. Horiek denak baditugu, nahiz eta beti goazen frantses gauzetara xerka. Guhauren gauzak jorratu bagenitza, atzeman genezakeen gure altxorra, funtsa. Beharrik, Jean François Cerquandek 1875 eta 1885 urteen artean istorioak bilarazi baitzituen, zeinak Anuntxi Aranak zinez ongi itzuliak baititu euskararat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.