GASTEIZKO JAIAK

«Keinu hauek oraindik beharrezkoak dira»

Gasteizko jaietako suziria botatzeaz arduratu dira Elena Loyo atleta eta Ruth Brito triatleta, beste hiru emakumerekin batera. Gasteizko andre guztiak ordezkatu nahi izan dituzte: «Hiriari ekarpena egiten saiatzen diren andreak gara».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Zeledoni irteerako pistola tiroa emateaz arduratu dira Elena Loyo (Zuia, Araba, 1983) eta Ruth Brito (Lanzarote, Espainia, 1980) kirolariak, Arantza Navarrorekin, Maria Jose Saez de Kortazarrekin eta Jaione Pradorekin batera. Bostok arduratu dira Gasteizko aurtengo jaietako txupinazoa jaurtitzeaz, udalak hala izendatuta. Ahal izan duten moduan egin diote aurre egun handia iritsi aurreko urduritasunari, baina, azkenean, «ilusio handiz» bizi izan dute jaitsiera. Halere, aitortu dutenez, suziria pizteak baino gehiago, hiriko emakume guztiak ordezkatzeak arduratu ditu.

Bost emakumek suziria elkarrekin jaurtitzeak zer esanahi izan du zuentzat?

ELENA LOYO: Ogibide desberdinetako bost emakume elkartzeak batasuna sinbolizatzen du niretzat. Maiderrek [Etxebarriak] urte berezi hau are bereziagoa egin nahi zuen bost emakume aukeratzean. Berezia diot, normalean gizonezkoak aukeratzen dituztelako kontu hauetarako.

RUTH BRITO: Niretzat oso garrantzitsua da. Gasteizko emakumeak ordezkatu ditugu, hainbat sektore: merkataritza, kirola, ostalaritza... Sinbolo oso polita da. Gasteizen gauza oso politak egiten dituzten emakumeak gara, hiriari egunero ekarpen bat egiten saiatzen direnak.

Zer moduz eraman dituzue egun handiaren aurreko egunak?

LOYO: Ondo... bagenekien disfrutatuko genuela, baina erantzukizun handia ere bada. Azken batean, jaiei hasiera emateko ardura gurea da, eta inork ez zuen huts egin nahi.

BRITO: Nik, urduri. Ezusteko handia izan zen deitu zidatenean: ez nuen espero.

Zer pentsatu zenuten gonbidapena jaso zenutenean?

BRITO: Udalean elkartu ginen lehen aldiz bostok, eta bertan ezagutu genuen elkar. Bueno, egia esan, Elena eta Mari Jose aurretik ezagutzen nituen, baina plazera izan da Arantza eta Jaione ezagutzea. Bakoitza oso trebea da bere lanean, eta emakume guztiak ordezkatzeko aproposenak iruditzen zaizkit.

LOYO: Niri asko gustatu zitzaidan proposamena. Zoritxarrez, emakumezkoei egindako keinu hauek oraindik beharrezkoak dira. Askotan normaltzat jotzen dugu gure presentzia gizonena baino askoz txikiagoa izatea, eta ez luke hala behar. Emakumeok, gizonek bezalaxe, gauza garrantzitsuak egiten ditugu.

Aurten balkoitik ikusi duzue jaitsiera, baina orain arte nola bizi izan duzue jaien hasiera?

LOYO: Duela hainbat urte, plazatik ikusten nuen; bueno, plazan, ikusi beharrean, bizi egiten da [barrezka]. Azken urteotan etxetik ikusi izan dut, halere; batez ere entrenamendu egunak aldi berean izan direnean.

BRITO: Ni inoiz ez naiz barruraino sartu, beldurra ematen didalako, baina normalean plazatik ikusten dut jaitsiera, senarrarekin eta umeekin.

Jaietan Gasteizen geratzeko ohitura duzue?

LOYO: Bai. Normalean Gasteizen egoten naiz. Murgikoa izanda, ia beti joaten naiz jaietara, lehiaketaren bat prestatzen egon arren. Iaz izan ezik, noski, Tokioko Olinpiar Jokoetan nengoen eta.

BRITO: Batzuetan bai, baina beste hainbatetan oporretan egon gara.

Jaietako zein ekitaldi dituzue gorriz markatuta, ez huts egiteko?

BRITO: Txupinazoa. Izugarria iruditzen zait. Egunik onena da niretzat: jaitsiera, Aihotz plazan dantzatzea eta Alde Zaharrean bokata bat jatea.

LOYO: Nik ere lehenengo egunak ez ditut inoiz galtzen. Azokak eta Diputazio plazan egiten dituzten ekitaldiak asko gustatzen zaizkit. Egunean zehar egiten diren gauza guztiak gustuko ditut; baita gaueko kontzertuak ere, gehiegi berandutzen ez direnak.

Kirolari profesionalak izanda, zaila da festa eta lana bateratzea?

LOYO: Atseden egunetan ez zaudenean, arazorik gabe atera zaitezke, baina ez duzu lagunek bezainbeste edaten, eta goizago zoaz etxera. Hirian egunotan sortzen den giroaz gozatzen duzu: asko, gainera.

BRITO: Ekainean eta uztailean atseden hartzen saiatzen naiz normalean. Entrenatzen jarraitzen dut, baina askoz ere arinago. Baina gaur [atzo] parranda ederra egingo dut.

Etxean zer esan dizuete?

LOYO: Aitak ondo apuntatzeko esan zidan, gero ez damutzeko [barrezka]. Ilusio handia egin die etxekoei; arraroa izan da, baina polita.

BRITO: Amak gozatzeko esan zidan, Gasteizi asko zor diodala, asko eman didalako. Hemen gauza asko ikasi ditut, gauza asko egin ditut, batez ere emakumeentzat. Eta nik hiriari eman diodana hiriak bueltatu dit. Askotan pentsatzen dut Lanzaroten, nahiz eta hondartza ederrak izan, ez zela gauza bera izango. Nire jendea hemen dago. Senarra eta lagun mina balkoian nirekin egoteak ilusio handia egin dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.