Albistea entzun

Gasteizko jaiak

«Demokratizazioa ekarri du musika elektronikoak»

Irantzu Martinitz-Xil Beldarrain DJ Sudo disko jartzaileak txikitatik maitatu du musika, eta hainbat instrumentu jotzen ditu; Musikologiako gradua ikasi zuen, eta gaur egun disko jartzailea da. Techno emanaldi bat egingo du Gasteizko txosnetan.
ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eider Etxeberria Soria -

2022ko abuztuak 6 - Gasteiz

Irantzu Martinitz-Xil Beldarrainek (Gasteiz, 1996), DJ Sudok, urtebete inguruko ibilbidea du disko jartzaile gisa. Haurra zenetik maite ditu musika eta zeharkako txirula; txeloa eta pianoa jotzen ikasi zuen, baita musikologia ere, Salamancan (Espainia). Gasteizko txosnagunean techno emanaldi bat egingo du astelehenean.

Nola sartu zinen technoaren munduan?

Betidanik entzun dut musika elektronikoa. Malen izeneko nire lagun batek mundu hori ezagutzen du. Hark hala esan zidan: «Daukazun belarriarekin, oso ondo egingo zenuke!». Dakidan guztia hark irakatsi dit: nola funtzionatzen duten makinek, technoak atzean duen kultura, nola errespetatu generoa... Musika asko maite du, eta errespetu handiarekin tratatzen ditu technoa eta atzean duen kultura. Harekin hasi nintzen, eta, segurtasuna sentitu nuenean, neure kabuz ekin nion.

Musika klasikoa ikasi zenuen bere garaian.

Bai, musika eskolan hori landu nuen batez ere. Ondoren, graduan, musika estilo ezberdinak ikasteko aukera ematen dute. Gehien lagundu nauena da ikastea edo ulertzea musika genero eta estilo guztiak errespetu eta maitasun berarekin tratatu behar direla, nahiz ez diren alderagarriak. Horrek ere bultzatu ninduen musika elektronikoaren munduan sartzera.

Ikasketek balio dizute musika elektronikoa egiteko?

Bai. Technoaren kultura ezagutzeak lagundu dit, baina ikasketa guztiek balio izan didate. Batzuek gehiago erreparatzen diote erritmoari; nik obsesio bat daukat harmoniarekin. Musika mota asko ikasi ditut, eta saioetan saiatzen naiz ikasitako hori sartzen eta betikoa ez egiten.

Zer esan nahi du DJ gaztea eta emakumezkoa izateak?

Etengabeko konfrontazio bat da. Musika elektronikoa ere gizonezkoen mundu bat da, eta gizona ez den pertsona bat sartzen denean, talka handi bat egoten da. Aldi berean, horrek indartu egiten nau, eta erronka hori aurrean edukitzeak jarraitzeko gogoa ematen dit. Beti ez dago indarrik, baina aurrera egiten dut, ahal dudan moduan.

Zein da, alde horretatik, zailtasunik handiena?

Aurrez ez zaituztela serioski hartuko: hori aurkitu nuen hasieran. Seriotasun hori bilatu behar izan dut neure kabuz, orokorrean publikoak ez duelako ematen. Gizon bat eszenatokira igotzen denean, inork ez du zalantzan jartzen. Emakume bat igotzen denean, ordea, zalantzan jarri, eta kritika gehiago egiten zaizkio. Hala ere, gauza politak gertatzen dira: erresistentzia dago, eta ahizpatasuna ere sortzen da. Ikusi dut saio bat amaitzean gizonek baloratu egiten zaituztela, eta gizonak ez direnek nola sentitu diren kontatzen dizutela. Amaitu, eta gizon batek esango luke oso ondo egin dudala; besteek, berriz, oso ondo sentitu direla, pozik egon direla, edo asko dantzatu dutela. Hor badago zerbait.

Nola ikusten duzu musikaren etorkizuna?

Modu baikorrean, gaurko egoera ere horrela ikusten dut. Demokratizazio bat ekarri du musika elektronikoak: musika ikasteko pribilegioa izan ez duten baina gogoko duten askok musika egin ahal izatea. Digitalizazioak ekarri du musikaren produkzioa ia edozeinen eskuetan egotea, behar den materiala erosi dezakeen edozeinen eskuetan. Orain ez da zerbait elitista, jenioaren irudia erori da, jatsi egin da musikaren adorazio absurdo hori. Niri hori asko gustatzen zait, normaltasunera ekartzea musikaren produkzioa. Musika denon eskuetara iristea zoragarria litzateke.

Technoaren estigmak hautsi direla esango zenuke?

Droga kontsumoarekin lotzen dute batzuek, zarata errepikakorra dela diote besteek, baita espazio despolitizatuetako musika dela ere. Technoa Berlinen hasi zenean, ezin zen drogarik kontsumitu leku horietan: ura eta zukua eskaintzen zuten. Ez dut uste beste generoekin baino gehiago kontsumitzen denik. Egia da hor daudela; leku ilunak izan ohi direnez, beharbada, errazagoa da horien kontsumoa, baina edozein musika estiloko aretotan hartzen ditu drogak jendeak. Errepikakorra dela diotenei erantzungo nieke ez duela zentzurik errepikapena ezaugarri negatibotzat jotzeak: Mendebaldeko musika errepikapenetan oinarritzen da. Absurdoa da, gure garun mendebaldarrak ulertzen baitu musika errepikapenetik. Despolitizazioarena ere ez da egia: gaur egun antolatzen dituzten jaialdiak ez dituzte sortzen ezertan pentsatu gabe; alderantziz izan ohi da, feminismoa kontuan hartzen dute ere. Gainera, queer mugimendua hazten ari da azkenaldian espazio horietan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Arrizabalaga—ezkerretik hasita bigarrena— bisitariei azalpenak ematen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Lezetxiki, altxor arkeologikoa

Amaia Jimenez Larrea

Paleolitoko indusketetarako bereziki «garrantzitsua» da Lezetxiki. Bertara egin duten bisita gidatuari esker, bisitariek aztarnategiaren egoera ikusi ahal izan dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Aktore asko goi maila artistikora iritsi dira umeentzako obrei esker»

Unai Etxenausia

Teatro Paraiso antzerki konpainiaren sortzaileetako bat da Lopez. Konpainia hori Gasteizko Abetxuku auzoan sortu zen, haurrentzako antzerkia egiteko. Singapur, Kanada, Norvegia... Mundu osoan zehar ematen dituzte antzezlanak.
Gazte batzuk sakelako telefonoa erabiltzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal gazteek egunean ordu ugari pasatzen dituzte Instagramen

Urtzi Urkizu

11-17 urte artekoak egunean 23 aldiz sartzen dira aplikazioan, eta aldi bakoitzean, 26 minutuz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...