ATZEKOZ AURRERA. Markel Etxeberria. Balenciaga etxeko langilea Parisen

«Gaur egun marka ausart bat badago, hori Balenciaga da»

Goi mailako modan, epeak betetzeko presak sortzen du presioa, Etxeberriaren esanetan. Balenciaga marka asko aldatu den arren, diseinatzailearen esentzia «transgresorea» mantendu dela uste du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Zestoa
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Goi mailako modan egiten du lan Markel Etxeberriak (Zestoa, Gipuzkoa, 1991). Urtebete egin zuen lehenik Loewe marka ospetsuan, eta horrek atea ireki zion duela bost hilabete Balenciaga etxean hasteko, Parisen, bildumen garapenaren koordinatzaile gisa. Ahal duenetan, trena hartu, eta Euskal Herrira etortzen da, ordea, etxekoengana.

Zein da zehazki zure zeregina Balenciagan?

Balenciaga etxeak josteko hiru tailer dauzka, eta nik bildumako tailer jakin bat koordinatzen dut: soinekoak, blusak... horrelako piezak josten dituztena. Diseinatzaile buru bat dago, creative director [sormen zuzendaria] deritzona, eta haren azpitik, beste hainbat diseinatzaile daude. Proiektuaren hasieran, bilduma berrirako ideiak azaltzen dizkie, eta haiek hasten dira ideiari forma ematen. Nire lana da astero diseinatzaile horiekin biltzea eta ondoren, jostunengana joatea, zer egitea nahi duten azaltzera.

Diseinatzaileen eta jostunen arteko zubia zara, nolabait esateko?

Hori da. Datak koordinatzen ditut, egun konkretu batzuetarako eginda egon behar dutelako piezek, fitting-ean [piezak probatzeko eguna] aurkeztu ahal izateko. Data hori iristen denean, sormen zuzendariak esaten du: «Nik hori moztu egingo nuke, hori luzatu...». Eta hurrengo datarako aldatu egin behar da eskatutakoa. Nire lana da hori jostunei transmititzea.

Jostunek aldaketa asko egin behar izaten dituzte?

Bai. Diseinatzaileek agian bost minutuan behin ideia aldatzen dute, eta, gainera, inork ezin die kontra egin. Horregatik da zaila askotan erritmoei eustea, azken unean aldatzen dutelako iritzia, eta jostunek ez dutelako denborarik hori egiteko. Presio eta presa handia dago.

Hierarkikoa da goi mailako modaren industria?

Bai, piramide bat da. Esan didatenez, bertikalenak frantsesak dira. Ia-ia jainkoa balitz bezala tratatzen da sormen zuzendaria. Gainerako herrialdeetan ez omen da hain bertikala, baina Frantzian asko nabaritzen da tradizioaren pisua. Sormen zuzendariak eskuduntza guztia du dena goitik behera aldatzeko. Nahiz eta atzetik sei hilabeteko lana egon, eta bilduma bat prest egon. Azken orduan esan dezake: «Pieza hauek ez ditugu aurkeztuko», eta kito.

Lyst plataformak urtarrilean argitaratu zuenez, Balenciaga da gaur egun munduko markarik «desiratuena». Presioa sortzen du hori jakiteak?

Hasieran, zirrara eragiten du, Balenciagan ikusten delako Kim Kardashian, Serena Williams eta horrelako jende ezagunak bere neurriko manikiak dituela, haientzat jantziak sortzeko. Baina, gero, ohitu egiten zara. Balenciagan, organigrama oso modu aproposean eginda dago. Presioa baino gehiago, presa da arazoa.

Zerk bereizten du gaur egun Balenciaga besteengandik?

Ez duela konplexurik; ez du lotsarik egiten duena egiteko. Niretzat, dagoen markarik transgresoreena da. Guztiek begiratu behar dute aurrera, baina Balenciagak egiten dituen proposamenak benetan berritzaileak dira. Inspirazioa ere esan daiteke ia-ia etorkizunetik hartzen duela, nahiz eta atzera ere begiratzen den. Gaur egun marka ausart bat badago, hori Balenciaga da.

Dena den, asko aldatu da Balenciaga marka: lehen, bolumen eta forma bereziko soinekoak egiten zituzten, eta, gaur egun, kiroletako jertseak, zapatilak, poltsak...

Ulertzen dut zer esan nahi duzun, baina ez nago guztiz ados. Cristobal Balentziagak, 1950. urtean, Parisen saltzen zituen jantziak. Guri, gaur egungo ikuspuntutik, iruditzen zaigu klasikoa zela, baina, bere garairako, egiten zituen bolumenak eta formak benetan berritzaileak ziren, oso abangoardista zen. Oraingo Balenciaga iruditzen zaigu oso zatarra dela, eta pentsatzen dugu: «Zer esango luke Cristobal Balentziagak burua altxatuko balu?».

Hori zen egin behar nizun hurrengo galdera...

Orain esnatuko balitz? Agian iktus batek emango lioke. Baina, gaztea balitz orain, ziur aski ados egongo litzateke kontzeptuarekin. Bere garaian oso modernoa zelako. Eta orain, hori guztia ekarri behar dugu gaur egungo begietara. Orduko bere bolumenak dira gaurko Balenciagak eskaintzen dituen gauza berri horiek, 50 urtean moda ez baita geldirik egon.

Balentziagak 30 urte egin zituen Parisen. Zuk ere horretarako asmoa duzu?

Ez, asmoa behintzat ez. Gero ez dakit zer gertatuko den, baina hemen [Euskal Herrian] ondo bizi gara, eta familia eta lagunak hemen daude. Kontua da hemen modaren merkatua oso txikia dela,baina pentsatzen dut hemen zerbait sortuko dela. Etortzeko asmoa daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.