ATZEKOZ AURRERA. Lydia Cacho. Ikerketa kazetaria

«Zigorgabetasuna handia da Mexikon»

Cancunen (Mexiko) pederastia sarerik handiena salatzea lortu zuen Cachok 2003an. Mundu mailako emakumeen salerosketen ikerketa egin zuen gero, eta Mexikoko «militarren arerio nagusia» da orain.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Lydia Cachok (Mexiko Hiria, 1963) txikitatik jakin nahi izan du gauzen zergatia; amak, hain zuzen, haren frustrazioak idazteko libreta bat oparitu zion 12 urterekin. Kazetaritzak eman zion, geroago, egia aurkitzeko bidea. Ordutik, 19 liburu argitaratu ditu, eta Los Demonios del Edén da guztien artean ezagunena (Edengo Deabruak). Cancunen izandako pederastia sarerik handiena salatu zuen Cachok liburu horretan, inplikatutako boteretsuenen izenak barne. Horrek arriskuan jarri zuen bere bizia, eta 2019an utzi behar izan zuen herrialdea. Bere istorioa kontatzeko hitzaldi bat eman zuen astelehenean, Bilbon, eta asteartean beste bat izan zuen Gasteizen.

Nola lortu zenuen kasua argitzea?

Urteak neramatzan kazetaritza genero ikuspegitik lantzen. Sare horretako biktimak lehen aldiz komunikabideetan atera zirenean, betiko trataera eman zitzaien: errua haiena zen, izenak ezagutarazi zituzten... Nik ume horiek lagundu nahi nituen, eta erasotzaileak ikertu. Biktima ziren berrehun ume aurkitu nituen guztira.

Zein ondorio psikologiko uzten du horrelako egoera batek?

Sexu esplotazioaren helburu soila ez da berez sexua, norberarena ez den gorputza kolonizatzea baizik. Erasoak 7-10 urte izanda jasaten badituzte umeek, haien oroitzapenak bitan bananduta geratu ahal dira, eta nortasun bikoitza garatu dezakete. Nesken kasuan konplikatuagoa da, 11-13 urte dituztenean garatzen baitute emozioen, gorputzaren eta emakume izatearen arteko harreman psikosexuala.

Biktima batzuek sarean jarraitzea erabaki zuten. Zergatik?


Dualismo batean bizi direlako. Bizitza hipersexualizatzen dute, eta maitasunarekin lotzen dituzte izandako harreman sexual horiek. Ez da egia; bortxatu egin dituzte. Ondorioz, prostituzio behartura itzultzen dira asko, edo, bestela, harremanak izaten dituzte gizon biolentoekin. Arazo psikologiko larria da. Jan Succar Kuri berak, pederastia sare horretako buruak, eraso sexualak jasan zituen txikitan anaiaren partetik.

Esclavas del poder argitaratu zenuen gero; mundu mailako nesken salerosketaz aritzen dena.

Bai, eta oso pertsona interesgarriak ezagutu nituen. Turusvekov Kirgizistango migrazioen zuzendari nagusia eta KGBko agente ohia, kasurako. Haren itxurak asko harritu ninduen lehenengo begi kolpean: militar trajea, sobietarra, serioa. Film bateko pertsonaia gaiztoa izan zitekeen. Gehiago ezagutu nuenean, berriz, salerosketaren biktima ziren neska batzuk erreskatatzera eraman ninduen berarekin; gauzak hobetzeko itxaropena eman zidan.

Zergatik da bereziki latza kazetarien egoera Mexikon?

Batetik, Mexikoko ikerketa kazetaritza oso ona delako. Bestetik, zigorgabetasuna handia delako. Krimen antolatuak eragin handia du estatuan, eta alderdi politikoak enpresa handien negozioak dira. Herria ez dago parlamentuan ordezkaturik; kazetaritza da boterearen aurkako mugimendua. Militarren arerio gehienak, hain zuzen, kazetariak, aktibistak eta feministak dira. Mexikon kazetaritza egiten dutenen %40 dira emakumeak. Atera kontuak.

Zu zeu polizia indarkeriaren biktima izan zara.

Bai. Demonios del Edén liburua argitaratu aurretik ere mehatxuak jaso nituen; gobernadoreak, poliziek eta enpresariek ez zuten liburua argitaratzerik nahi. Nik bai, eta behin editoreen babesa jasota, hala egin nuen. Ordea, ikusia neukan umeei zer egiten zieten, baita noraino hel zitezkeen ere; edozertarako prest nengoen. Horiek horrela, Poliziak bahitu eta hogei ordu baino gehiagoz torturatu ninduen. Zer gertatu zitzaidan kontatzea biktima izan nintzela aitortzeko terapia psikologikoa da.

Askotan esaten da askoz zailagoa dela ikerketa kazetaria izatea emakume izanda. Egia ote?

Bai eta ez. Kazetari emakumea izatea zailagoa da egoera jakin batzuetan. Komunikabideek, adibidez, emakume baino gizon gehiago bidaltzen dituzte gerra eremuetara. Uste dute nolabait haientzat errazagoa dela, baina ez da egia. Esango nuke gizonak gu baino koldarragoak direla, eta alkohol gehiago edaten dutela. Emakumeok okerrenari ere aurre egiteko prest gaude, historikoki horrela izan behar dela ikasi dugulako. Gizonek amorantea uzten dute portuan abandonaturik; guk etxea uzten dugu, eta beti dugu kezka bera: «Nork zainduko ote du familia ni ez banago?».

Zein da, oro har, ikerketa kazetari ona izateko behar dena?

Pasioa. Bizitzarekiko pasioa, egiarekikoa. Badago soldata irabazteko soilik bizi den jende zinikoa, baina jende hori ez da inoiz ezertan ona izaten. Ez, behintzat, giza harremanetan. Ikerketa kazetari ona izateko, giza eskubideak ulertu behar dira. Jendearekin hitz egin behar da, kalera atera, lotsa etxean utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.