ATZEKOZ AURRERA. Iñigo Lopez Simon. Historialaria eta ikerlaria

«Estatuak kinkiaren figura erabili zuen langile auzoen aurka»

Dirua egiteko, baldintza sozialak salatzeko, baina baita auzo borrokak zapuzteko ere: gauza askotarako erabili izan da kinkien fenomenoa, Lopez Simonek aztertu duenez. Otxarkoagari kalte egin dio, esaterako.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
1970eko eta 1980ko hamarkadetan, kinki hitzez ezagutzen ziren delitugile gazteek oihartzun handia izan zuten gizartean, prentsan eta zineman; oihartzun «esajeratua», Iñigo Lopez Simon historialari eta ikerlariak (Basauri, Bizkaia, 1984) ondorioztatu duenez. Kinkiaren figura ikertu zuen bere doktore tesian, eta, hori oinarri hartuta, liburu bat taxutu du orain; Los olvidados (Ahaztuak; Marcial Pons, 2022). Haren ustez, askok hauspotu eta baliatu egin zuten fenomenoa; hala nola estatuak, langile auzoetako aldarrikapenak ahultzeko.

Zergatik erabaki zenuen kinkiaren figura aztertzea?

Bilboko Alondegian erakusketa bat egin zuten 1980ko urteetako kinkiei buruz. Gai horretatik abiatuta, pila bat hitz egin daiteke historiaz, hirigintzaz, espazioen banaketaz, lekuak biztanleongan duen eraginaz... Baina, historiari zegokionez, erakusketa azalekoa zen. Hiru auzo aipatzen ziren: Madrilgo San Blas, Bartzelonako La Mina eta Bilboko Otxarkoaga. Fenomenoari azalpen historikoa, zientifikoa eta akademikoa eman behar zitzaion, eta aztertzen hasi nintzen.

Kinkia mito bilakatu da?

Bai, guztiz. Iruditeria salgai dago, nostalgiarekin lotuta dago gaur egun... Mitifikatu egin da, baina baita bere garaian ere. Pertsonaia bat eraiki zen, eta mundu guztiak erabili zuen: zinema ekoizleek, dirua egiteko; zuzendariek, hiri industrialetako langile auzoetan gertatzen zena salatzeko. Eta estatuak, berriz, gazteen parte handi bat eta auzo horiek estigmatizatzeko erabili zuen, baita haien aurka egiteko ere. Kinkiek ere erabili zuten, beren burua aldarrikatzeko.

Zer egoeratan zeuden?

Hiritik eta gizartetik guztiz alienatuta zeuden. Ez zuten loturarik ikusten euren gurasoen munduarekin —nekazari eremuetatik migratutakoak ziren asko—, baina hiriak ere ez zituen nahi. Auzo txarretan bizi ziren, hiritik urrun. Ukazio bikoitz horri aurre egiteko, estigmari buelta eman, eta beren burua aldarrikatu zuten.

Esan duzu estatuak erabili egin zuela figura hori. Planifikatutako kontu bat izan zen?

Esango nuke ezetz; ez dago frogarik. Hor zegoen, eta botereak bere onerako erabili zuen. Delitugilea izateko azken faktorea erabaki pertsonala da, baina beste faktore askok baldintzatzen dute hori: Otxarkoagan bizi bazara —Bilbotik hiru kilometrora—, eta ez badago eskolarik, garraiobiderik, lan perspektibarik, eta, gainera, 1973ko krisiarekin... Delinkuentziara eraman zaitzake egoera horrek.

Baina ez kasu denetan...

Auzo horietako gazte askok erabaki zuten delinkuentzian ez sartzea. Otxarkoagan, auzo mugimendu handia egon zen, politizazio handia. Estatuari estigmatizatzea komeni zitzaion, auzo elkarteen diskurtsoa hondoratzeko. Eta, gero, kontakizunaren kontua ere badago: askoz errazagoa da delitugileei buruz hitz egitea elkarteez baino; deigarriagoa da. Kinkiak hori dena estaltzeko erabili ziren: Otxarkoagan grebak egon ziren; irteera eta sarrera bat eta bakarra zegoenez, auzoa erraz ixten zuten polizia sar ez zedin; autobus bat bahitu, eta udaletxea okupatu zuten autobus zerbitzua eskatzeko... Baina alarma sozialak beti funtzionatzen dio botereari. Ikusita garai hartan zenbat delitu gertatu ziren, oihartzuna ez zen izan batere proportzionala.

Fenomenoa esajeratu egin zen?

Izugarri. Lehenik eta behin, periodikoak saltzeko. Franco hilda edo hiltzear zegoen, Trantsizioan bere hartan eutsi zitzaien gauza askori, baina beste batzuk aldatu ziren; 1970eko hamarkadako azken urteak eztanda bat izan ziren kulturalki eta sozialki: Bartzelonako Jardunaldi Libertarioetan, CNTk indar erakustaldi bat egin zuen; hemen ere istiluak zeuden... Horri muga bat jarri behar zitzaion. «Agian, askatasun gehiegi daukagu, eta ondorioetako bat da gazteen delinkuentzia asko handitu dela»: horrela justifikatzen zuten. Eta, gaur egun okupazioarekin gertatzen den bezala, albiste horien ondoan segurtasun pribatuko enpresen iragarkiak zetozen askotan.

Estigmak kalte egin zion Otxarkoagako auzo mugimenduari?

Bai, baita orain ere. Otxarkoaga esatean, jendea asaldatu egiten da oraindik. Jende oso gaztea joan zen hara bizitzera; seme-alaba pila izan zituzten. Auzoko asko etxoletatik zetozen, langile asko kualifikatu gabeak ziren, gurasoen alfabetatze kulturala mugatua zen... Hasieran, sozioekonomikoki oso homogeneoa zen. Autoritateek estigma zabaldu zuten, aitortu ordez mendian galduta utzi zituztela, etxe zaharretan. Eta 1980ko hamarkadan heroinaren handizkariak ezarri ziren han. Auzoaren famak okerrera egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.