ATZEKOZ AURRERA. Koldo Anasagasti. Idazlea

«Euskal espiritua mantentzeko bide bat izan zen Radio Euzkadi»

1965ean, Radio Euzkadi irrati klandestinoa sortu zuten hamahiru abertzalek Venezuelan, eta 1977ra arte eman zuten. Lagun horien lana ezagutarazteko, eleberri bat idatzi du Anasagastik: 'Clandestina'.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Klandestinitatean, Venezuelako oihanean ezkutatuta, hamabi urte iraun zuen Radio Euzkadik, 1965etik 1977ra arte. Hamahiru abertzalek abiatu zuten irratia, eta horien lana ezagutarazteko eleberri bat idatzi du Koldo Anasagastik (Cumana, Venezuela, 1954): Clandestina (Circulo Rojo, 2022). Gutxienez 136 kolaboratzailek hartu zuten parte irratian.

Radio Euzkadik aurrekorik izan al zuen?

Lehendik, Bilbon bazegoen irrati bat, Jose Antonio Agirrek erabiltzen zuena bere mezuak bidaltzeko. Nazionalak sartu zirenean, irratia Bartzelonara eraman zuten, han Eusko Jaurlaritzako talde bat baitzegoen bizitzen. Hirugarrena sortu zen Mugerren [Lapurdi], eta funtzionatu zuen 1946tik 1954ra bitartean. Eta gero Venezuelakoa sortu zen 1965ean.

Zergatik sortu zen?

Nahi zutelako bozgorailu bat esateko munduari zer gertatzen ari zen, Francoren gezurrak gainditzeko. Hamahiru abertzale ziren hasieran. Egunero ordubeteko programa bat egiten zuten. Garai hartan, Francoren garroak oso luzeak ziren, eta uste zuten hitz egingo zuela Venezuelako Gobernuarekin irratia ixten saiatzeko.

Saiatu zen?

Bai, baina Venezuelako Gobernuak ez ikusiarena egin zuen. Irratikoei batzuetan heltzen zitzaien Franco oso haserre zegoela, eta Venezuelako Gobernutik ere esan izan zieten kontuz ibiltzeko, irratia ixteko presioa zegoela.

Abisuak bakarrik izan ziren, edo ahalegin irmorik ere egon zen?

Ez oso ofizialki; beti izan ziren oso berri ez-ofizialak, ofiziosoak, zurrumurruak. Irratikoek ez beste inork ez zekien non zegoen: pentsatzen zuten Suedian egon zitekeela, itsasoan... Hizkera kodifikatu bat erabiltzen zuten: irratiari deitzen zioten txalupa, iradokitzeko itsasontzi batean zegoela; zintari deitzen zioten taloa; irratia zegoenlekuari, berriz, Macuto esaten zioten [hondartza bat da].

Eleberri formatura jo duzu istorioa kontatzeko, eta Ixaka Atutxarengan ardaztu duzu. Zergatik?

Atutxa gudari bat izan zen, eta, gerra bukatu zenean, tropa espainolek espetxeratu zuten hiru urtez. Gero, basozain hasi zen lanean. Erabaki zuen batzea 1945ean Eusko Jaurlaritzak sortutako euskal brigadara, nazien kontra borrokatzeko. Gerra bukatu zenean, zer egin jakin gabe geratu zen. Esan zioten Venezuelan bazegoela euskal komunitate nahiko handi bat, eta segur aski han lana izango zuela. Eraikuntzan egin zuen lan, eta itsasontzi batean sukaldari; hipodromoko apustuekin diru pila bat irabazi, eta harategi bat ireki zuen, baina edatea asko gustatzen zitzaion, eta bezeroak galtzen hasi zen. Beste euskaldun batek kalean aurkitu zuen. Irratia sortzen ari ziren, eta behar zuten pertsona bat instalazioak zaintzeko eta zinta sartzeko. Atutxari proposatu zioten, eta hamabi urtez egon zen.

Nolakoa zen programazioa?

Talde bat zegoen Caracasen bertan, eta Alberto Elosegi arduratzen zen edukiaz. Hark egiten zituen irratiko editorialak. Kolaborazioak ere bazeuden. Jendeak ez zekienez non zegoen irratia, kolaborazio guztiak bidaltzen ziren Eusko Jaurlaritzako Parisko egoitzara, eta handik Caracasera. Beraiek editatzen zituzten. Hemen publikatzen ez ziren albisteak ematen zituzten: atxiloketak, isunak... Kolaboratzaile akademikoagoak ere bazeuden. Euskal kantak ematen ziren, ereserkiak... Euskal espiritua mantentzeko bide bat ere izan zen.

Bere garaian, ezagutzen zenuen?

Bai. Elosegi Londresera joan zen lanera, eta, 1969an, nire anaia Iñaki sartu zen zuzendari. Beti esaten zigun entzun behar genuela, eta guk Bilbotik entzuten genuen; batzuetan ondo, beste batzuetan interferentziekin. Nik banuen Euzkadi Irratiaren berri, baina ez nekien Venezuelan zegoenik, ezta nire anaia sartuta zegoenik ere.

Zer geratzen da irrati hartatik?

Espiritua, gehienbat. 1977an itxi zen: demokrazia hasita zegoen, alderdi politikoak biltzen hasiak ziren, lehen hauteskundeak egin ziren... Orduan, ez zuen inongo zentzurik irrati klandestino bat mantentzeak. Ixtea erabaki zen, eta Euskadi Irratia sortu zen bost urte beranduago, 1982an.

Nolakoa zen espiritu hori?

Asmoa zen mantentzea gure oinarriak, euskal sustraiak, baita euskara ere, irratsaioak gaztelaniaz eta euskaraz baitziren. Garai hartan, bakoitzak bere euskalkia erabiltzen zuen. Jendeak Franco ken zedin nahi zuen, herrira itzultzeko.

Diktaduraren aurkako lorpena izan zen?

Bai. Hemen bazegoen jende oso borrokalaria, baina beste batzuk nahiko lo zeuden. Irratiak lortu zuen horietako batzuk piztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.