Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Amaia Elizagoien. Ipuin kontalaria

«Transmisioari egin diogun omenaldia da»

Gazteluaz bai, herriaz ere bai, baina herritarrez mintzo da gehienbat 'Amaiur' ipuina. Amaia Elizagoien kontalariak ondu du, Begoña Durrutyk ilustratu, eta Gaztelu elkarteak eta BERRIAk argitaratu.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko azaroak 3

Denak bat egiten du askotan: tokiak, izenak, izanak... Amaia Elizagoienek (Oronoz-Mugairi, Nafarroa, 1994) Amaiur izeneko ipuin bat ondu du. Ipuin kontalaria eta sortzaile da bera. Eta non aritu da sormen egonaldia egiten? Amaiurren (Nafarroa). Tarte bat hartu du azaltzeko zenbat gauza den Amaiur.

Ipuin ilustratu bat da Amaiur?

Album bat da, hobeto erranda.

Ipuin musikatua ere bada Amaiur?

Sortu dugu soinu banda bat ipuinarendako. Eta sartu ditugu efektu bereziak errealismo puntu bat emateko kontatzen dugun horri.

Baina omenaldi bat da Amaiur?

Transmisioari egindako omenaldia da Amaiur. Jon Barberenak presentzia handia du, eta izan da hura transmisioaren ikur bat Baztanen. Irudikatu dugu emakumeek transmisioan izan duten garrantzia ere: etxean eta ahoz aho egin duten lana.

Barberenak ere bazuen transmisio horri buruzko kezka hori? Nola sortu zen hau guztia?

Duela hamar urte, Baztango eskola txikiek, Joni eskatu zioten ipuin bat idazteko Amaiurko gudaren inguruan. Hori kontuan hartuta, saiatu gara beste istorio bat sortzen. Ez da Jonek kontatutakoa, nahiz eta kontalari gisa diodan Jonek asmatutakoa dela. Hainbat ipuintxok osatzen dute istorioa, ohar gaitezen bizi izandakoa kontatu eta elkarrekin banatuz gero zenbat aberastasun lortu ahal dugun, bai pertsonalki eta, batez ere, herri gisa.

Diozunez, zuek haurrak zinetela ez zenuten behar beste informazio jaso Amaiurko gudari buruz.

Transmisioa egon da, baina ez da behar zen bertzekoa izan. Amaiur beti hor eduki dugu, baina ez dakit zein puntutaraino. Sentsazioa dut, curriculumean sartzen ez zenez, etxean akaso bai baina eskolan ez dugula lanketa handirik egin.

Aldatu da hori?

Ohartu gara edo dira zer garrantzitsua den gauza batzuk oroitaraztea. Zeren helduok argi dugu kontzeptua, edo gertatutakoa, baina ahazten zaigu belaunaldi berriei ez badiegu ideia hori transmititzen, ez dutela jasoko edo ez dutela jakinen. Aurten, Amaiurreko herriak, Gaztelu elkarteak eta Aranzadik sekulako lana egin dute, erranez: hemen historia bat dago, gure herriaren isla dago, ezin dugu edozein moduz tratatu, eta eman behar diogu bere lekua. Leku hori haurren artean, eta leku hori gizartean: egon zena, eta egon zenarengatik, garena.

Baina nola kontatzen zaie haurrei guda bat?

Gudak kontatzen dira aunitz erregeen eta ospea eduki zutenen ikuspegitik. Haiek izaten dira protagonistak, eta kontatzen da Amaiurren gaztelu bat zegoela, baina Amaiurren zegoena, batez ere, herri bat zen, eta hainbat biztanle, bat-batean, guda baten parte izan zirenak. Hori gaur egun ere gertatzen da: goikoek hartzen dituzten erabakiengatik behekoek bizi dutela errealitate bat aski bortitza. Istorio hau duela 500 urte gertatu zen arren, behin eta berriz errepikatzen da. Liburuak badu gerraren kontrako mezu bat.

Zerbait aurreratzerik bai?

Kontalari bat herrira iristen da, eta istorio batzuk kontatzen ditu. Lehendabizikoan, gerlari bati buruz mintzo da, eta gerlari horrek Noaingo gudan parte hartzen du. Ohartu da, ezpata eta begi bat galdu dituelarik, bere bertze begiarekin ez duela miseria bertzerik ikusten. Eta ohartzen da hori guztia ezin duela ezpataz konpondu. Garrantzitsua zen guretzat transmititzea gerran denok garela galtzaile.

Eta hori dena ipuinen bidez?

Liburuan sumatzen da nik ere kontalaritza edo ipuingintza klasikotik aunitz edan dudala. Ipuinaren interesgarriena baita gaitasuna duela haurrari edo helduari bidaia bat eskaintzeko, eta bidaia horren parte izateko, baina bidaia horretan gertatzen diren ondorioak zuzenean jasan gabe. Aunitzetan, esplizitua izan gabe, protagonistak egiten duen ibilbidea ikusita bakarrik, ikasi egiten dugu. Gaur egun, joera handia dago dena pedagogizatzeko, eta haurrak tontoak balira bezala tratatzeko, baina ipuin batean, bere funtsean ederra bada, nahiz eta esplizituki ez eman ikasketa bat hitzez hitz, bertan agertzen direnek bizi izandakoarekin egiten dugun hausnarketa horretan dago ikasketa.

Zer moduzko harrera izan du Amaiur zuen ipuinak?

Arrunt aberasgarria izan da Baztanen barna istorio hau kontatzen ibiltzea. Arrunt eskuzabalik hartu gaituzte, eskertu dute bai Joni eta bai Amaiurri eskainitako liburu bat izatea esku artean. Jendeak gustuz hartu du, eta Jonen presentzia ere baloratu dute. Hiltzen diren artisten lanak edo irudiak haurrei transmititzea aunitzean ez da erraza izaten, eta liburuan Jonek transmisore rola izate hori polita da Jon bera aurkezteko haurren artean: jartzeko Joni aurpegi bat —nahiz eta ilustrazioa izan—, izaera bat —bizikletan agertzen da maite zuelako bizikleta; errimen presentzia nabarmena da maite zuelako bertsoa...—. Ukitu horiek edukitzea oso interesgarria da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

E. Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.
1 ©- / EZEZAGUNA

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.