Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Javi Casado eta Guillermo Vidal-Ribas. Dantzariak

«Esanahi politiko potentez kargatuta dago dantza urbanoa»

Guillermo Vidal-Ribasek eta Javi Casadok 'Transmissions' emanaldia sortu zuten 2015ean, eta Bilbon eskainiko dute asteburuan. Dantza urbanoa zer den azalduko dute, «estereotipoetatik ihes egiteko».
MARTA GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo -

2022ko azaroak 10

Dantza urbanoak dantzatzen dituzte Guillermo Vidal-Ribasek (Bartzelona, 1988) eta Javi Casadok (Tenerife, Espainia, 1983). Duela zazpi urte Transmissions emanaldia sortu zuten, dantza urbanoari buruzko «hitzaldi dantzatua». Etzi eta etzidamu Bilboko Fundicion aretoan eskainiko dute.

Noiztik egiten duzue dantza?

GUILLERMO VIDAL-RIBAS: Ni 2000. urtean hasi nintzen dantza urbanoekin. Dantza urbano kontzeptuak antzeko ezaugarriak dituzten dantza estilo asko hartzen ditu barruan, baina elkarrengandik desberdindu daitezke. Nik gehiago dantzatu ditut hip-hopa, popping-a eta locking-a.

JAVI CASADO: Ni breakdance dantzatzen hasi nintzen 2001ean, 17 urte nituenean. Orain arte.

Zer da Transmissions?

CASADO: Hitzaldi dantzatu bat da, gero eta gehiago erabiltzen den formatu eszeniko bat. Hitza eta mugimendua erabiltzen ditugu dibulgazio hitzaldi bat sortzeko. Publikoari dantza urbanoak zer diren erakutsi nahi diogu, eta, batez ere, nola sortu ziren eta urteetan zehar nola garatu eta transmititu diren.

Nondik dator ideia?

CASADO: 2015ean, Mercat de les Flors jaialdiak dantza urbanoetan oinarritutako lan bat egiteko eskatu zigun. Pentsatu genuen ondo azaldu behar geniola publiko orokorrari dantza urbanoak zer ziren, estereotipoetatik ihes egiteko. Hor hasi genuen proiektua, eta garatuz joan gara, gaur egun arte.

Zer estereotipo ditu dantza urbanoak?

VIDAL-RIBAS: Hip-hop kultura eta horrekin lotuta dagoen lengoaia (rapa, grafitiak...), edota beste dantza urbano batzuk, komunikabideetan, zineman eta diskografiaren munduan 80ko hamarkadan agertu ziren. Eta, ondoren, bideoklipetan eta Interneten. Imajinario zehatza sortu zen horrela. 90eko hamarkadako rapak gizonak goraipatzen ditu: auto batean, urrezko kateekin, eta emakumeak bikinian inguruan. Gizarteak barneratu du dantza urbanoak gizonenak direla. Gazteen kontuak direla pentsatzen dute, garrantzia kenduz. Denbora-pasa baten gisan ikusten dituzte, eta ez komunikatzeko modu baten gisan.

Eta zere balio ditu?

VIDAL-RIBAS: Dantza urbanoak antirrazistak dira. Askotan, gainera, genero ikuspegiari oso lotuta dagoen joko politikoa dago, eta helduzentrismoa desmuntatzen dute. Esanahi politiko potentez kargatuta dago dantza urbanoa, eta hori historikoki zapalduak izan diren komunitateekin lotuta dago. Esaterako, afrikarren ondorengoen komunitateek, dantzaren bidez, bizi baldintzei buruzko kritika egiten dute, eta jasaten dituzten zapalkuntzak eta estigmak salatu. Ezin da esan denbora-pasa hutsa direnik.

CASADO: Gainera, dantza sozialak dira, ez dira akademia batean sortu. Oinarriak oso sinpleak dira. Beraz, jende guztiak har dezake parte eta dantzatzen hasi. Ez dago teknika maila bat lortu beharrik. Bakoitzaren izaerarekin lotuta daude. Sarbidea askoz errazagoa da. Zuk zeure kabuz dantza dezakezu, edo beste batzuekin elkartu, partekatu eta trebatu. Dantzek pertsonek elkar konektatu dezaten lortzen dute.

Zelan dago gaur egun dantza urbanoa?

CASADO: Dantza urbano batzuk instituzionalizatzen ari dira. Gero eta ohikoagoa da dantza eskolek dantza urbanoak irakastea. Are gehiago, break dantza estiloa kirol olinpikoa izango da 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan. Hala ere, dantzek euren alde komunitarioari eusten diote oraindik ere.

Positiboa da instituzionalizatzea?

VIDAL-RIBAS: Saihetsezina da. Positiboa izan daiteke, edo ez, egoeraren arabera. 80ko hamarkadan, pertsona zuri eta dirudunen enpresek hip-hop kultura mediatizatu zuten, Bronxen bizi ziren [New Yorkeko auzoa] eta inork ezagutzen ez zituen gazteen lanari etekina ateraz. Horrela izan ez balitz, ez genuke ezagutuko, edo bai, baina agian beste uneren batean. Dilema ez da hainbeste problematikoa den ala ez eztabaidatzea. Nik uste dut gauzak nondik datozen ulertzeko ariketa egin behar dela.

Nola egin behar da ariketa hori?

VIDAL-RIBAS: Egiletza legitimatu eta aitortu behar dugu. Dantza urbanoetan memoria bizi bat dago, pertsona batzuen bizitzeko era erakusten duena. Ez badakit nola eta zer testuingurutan bizi ziren, nortzuk ziren eta zein ziren euren borrokak eta nahiak, ez dut ulertuko zer dantzatzen ari naizen. Tiktok sare sozialarekin erraz ezagutu dezakegu egilea, erabiltzailea etiketatu daitekeelako. Duela hogei urte, bideoklip bat ikus zenezakeen, baina oso zaila zen jakitea koreografia norena zen. Gaur egun askoz errazagoa da arrastoari jarraitzea, komunikabideei eta teknologiari esker.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Musika ekoizleok artistak ere bagara»

Unai Etxenausia

Musika urbanoa ekoizten hasi zen Denso duela bost urte. Euskal Herrian indarra hartzen ari den generoa dela nabaritzen du. Horregatik, estudio profesional bat irekitzeko apustua egingo du.
Ezkerretik eskuinera, Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal eskolako zuzendaria, Eñaut Agirre eta Zineb el-Ghaouti gurasoak, eta Karmele Perez Huheziko irakaslea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskola denentzat izan dadin

Ane Insausti Barandiaran

Eskolako funtzionamendua euskaraz izan dadin, baina, era berean, edukiak guraso guztiek uler ditzaten, proiektu bat abiarazi dute Zaldibiako eskolan. Guraso euskaldunak eta migratzaileak elkarrekin ari dira baliabideak sortzen. Orain arte egindako bidea aztertu dute, jardunaldi batzuetan.
 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

«Ipuinetako lizentziak hartu dituzte bertsolariek»

Urtzi Urkizu

Bertsolari Txapelketa Nagusiko ETBko emanaldietan analisiak egiten aritu da Martin, Ilaski Serrano esatariaren alboan. Hala arituko da hilaren 18ko finalean ere, Iruñean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Olatz Silva Rodrigo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...