ATZEKOZ AURRERA. Alvaro Garde. Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea

«Besta hau ezin da itzaltzen utzi»

Baztandarren Biltzarra bizi du, eta triste dago, festa antolatzeari uko egin behar izan diotelako, urteetako zamak nekatuta. Norbaitek lekukoa hartuko duela uste du, «bestak eta bailarak merezi baitute».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Baztandarren Biltzarra gehiago ez antolatzea erabaki du azken urteetako festa egunen antolaketaz arduratu den taldeak. Aste honetan jakinarazi dute erabakia. Urte asko daramatzate festa antolatzen, eta ez dute antolaketa lanak eta ardurak partekatzeko edo hartzeko erreleborik. Baztandarren Biltzarra elkarteko kide horietako bat da Alvaro Garde (Arraioz, Nafarroa, 1994).

Nola sentitzen zara?

Triste eta frustrazio pixka batekin. Gorputzaldi txarra dut, zeren, azkenean, elkarteko kide izan garenontzat Baztandarren Biltzarra festa bat baino gehiago da, familia bat. Sekulako ilusioa, gogoa eta motibazioa jarri ditugu besta honen antolakuntzan, eta pena dugu, azken urteetan ez delako iritsi ikus-entzuleengana eta ez dugulako kide berririk lortu. Duela urte batzuetako jende berak jarraitzen du elkartean?

2017an ultimatum bat eman genuen, eta hamabost kide berri sartzeko eskatu. Sartu ziren hamabost bat, baina, gaur egun, horietatik hiruk bakarrik jarraitzen dute. Iaz,beste kide bat sartu zen.

Erreta, aspertuta... zaudete?

Nekatuta. Ez dugu geure burua ikusten besta honen zama guk bakarrik eramaten. Egokiena 30 bat kide izatea litzateke, ardurak banatzeko; baina oraintxe hamabost gaude.

Gutxi batzuek dena eman behar duzue?

Elkarrekin bildu ginen egunean ikusi genuen hamabost lagunon egoera ez zela berdina, eta gerta zitekeela bestaren antolakuntzan erretzea eta geure artean tirabirak sortzea. Hori gertatzea saihestu nahi genuen, oroitzapen on bat izan nahi dugu.

Sartu zinetenean baino urte batzuk gehiago dituzue, eta ardura eta lotura gehiago ere bai.

Kide askoren egoera aldatu da: batzuk ama izan dira, beste batzuk jada ez dira bertan bizi, eta, azkenean, urte asko dira. Urte gehien daramatzatenek hamabost urte egin dituzte elkartean. Hau nire hamaikagarrena izanen litzateke.

Jende askorentzat egun bateko festa da, baina noiz hasten zarete zuek lanean?

Urtarrilean erabakitzen dugu ea besta egonen den edo ez. Indarra badugu, bai; aurten, ez.

Jende askorentzat erraza izan daiteke egunean bertan laguntzea. Zuek zerbait gehiago eskatzen duzue, ezta?

Guk eskatzen duguna da ardurak hartzea. Baztandarren Biltzarrak ardurak hartzeko prest dagoen jendea behar du, guk motorra deitzen dugunaren parte izatea. Tren batek, motorrik gabe, ez du aurrera egiten, eta, kasu honetan, motorra falta da. Norbait bestaren gidaritza hartzeko prest balego, gu gogotsu geundeke laguntzeko eta aholkuak emateko.

Gero eta zailagoa da jendea inplikatzea? Auzolan hitzak indarra galdu du?

Agian bai. Hala ere, Baztanen auzolana oso garrantzitsua da, eta gauza asko egiten dira auzolanari esker. Gustatuko litzaiguke auzolan erraldoi hau bizirik mantentzea eta60. urteurrena ospatzeko aukera izatea. Bestak eta ibarrak merezi dute.

Zer eman dizu Baztandarren Biltzarraren antolakuntzan aritzeak?

Sekulako gauza onak: pertsona ezberdinak ezagutzea, eragile pila batekin lan egitea, gure arteko harremana, besta egunetan gozatzea... Bestela ezagutuko ez genukeen jendea ezagutu dugu.

Arduradunok gozatzen duzue festaz?

Beste ikuspegi batetik, baina asko. Sekulako poztasuna ematen dizu jendeak nola gozatzen duen ikusteak, 1.700 pertsona elkarrekin bazkaltzen ikusteak eta horren guztiaren antolaketaren parte zarela sentitzeak.

Ibarra saretzeko festa bat da?

Urteko bestarik bereziena da baztandar askorentzat. Baztandar guztiok elkartzeko aukera izaten dugu.

COVID-19aren pandemiak bi urteko etena eragin zuen, ez zen ohiko festarik egin. Eten horrek antolakuntzaren transmisioan ere eragin zuen?

Pandemian besten antolaketa guztiak nahiko itzalita egon dira, eta horrek ere ez du lagundu jendea erne egoten eta jendea antolakuntza ezberdinetara biltzen. Baztandarren Biltzarrari ere eragin dio.

Festa egingo da? Baduzue itxaropenik?

Bai. Pentsatzen dugu honek oihartzuna izango duela, jendeak ez duela hain erraz galtzen utziko baztandarrentzat hain garrantzitsua den besta hau, eta zerbait piztuko dela inguruan. Besta hau ezin da itzaltzen utzi.

Zuen agerraldiak eta erabakiakizan dute eraginik?

Oraingoz, baztandarren ahotan eta pantailetan ibili da gaia. Zabaldu da. Hortik hasten da. Ea zer eragin izaten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.