Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Juan Antonio Antero. Musikaria

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko urtarrilak 31 - Donostia

Gaur egun ezagunak dira Euskal Herriko hainbat txokotako inauteriak, baina zein da euren jatorria? Juan Antonio Antero (Donostia, 1947) Donostian inauteriak nolakoak ziren ikertzen hasi zen, eta informazioa biltzen. Ikerketa horren emaitza da. Eraldeak. Donostiako inauteriak XIX. mendean liburua (Kutxa fundazioa). Joan den astean aurkeztu zuen.

XIX. mendera arte jotzen duzu, inauterien inguruan hitz egiteko.

XIX. mendea aukeratu dut, 1813. urtean Donostia erre zutelako, eta urte hori baino lehenagoko informazio eta dokumenturik ez dagoelako. Horrek ez du esan nahi aurretik inauteririk egon ez zenik. Inauterien lehen erreferentzia 1595ekoa da.

Nolakoa zen garai hartako gizartea, sutearen ondoren?

Garai hartako informazioa biltzeaz arduratu diren pertsonek badakite Donostiako gizartean harresi barruan bizi zen jendea goi mailakoa zela, eta kanpoan bizi zena, aldiz, maila apalekoa. Harresi barruko jendeak negozio handiak zituen, eta harreman handia izaten zuten Europarekin, produktuak saldu eta erosteko. Euren seme-alabak kanpora bidaltzen zituzten ikastera, dirua zutelako. Seme-alaba horiek hasi ziren inauteriak ospatzen 1816. urtean, estudiantina batekin.

Zer da estudiantina bat?

Andaluziatik zetorren tradizio bat da. Kantatzen ibiltzen zen talde bat da. Gerora, euskal giroarekin lotutako konpartsak etorri ziren. Konpartsak euskararekin lotuago egon ziren, XIX. mendearen lehen erdian. Bigarren erdian, ordea, ideia liberalagoak nagusitu ziren, eta gaztelania gehiago erabili zen. 1880. urtetik aurrera desfileak antolatzen hasi ziren, kontzeptua askoz ere handiagoa zen.

Liburuan azaltzen duzu urte horretatik aurrera inauteriek itzal handiagoa lortu zutela, eta kanpoko jendea etortzen hasi zela. Zergatik?

Udako festetan jende asko etortzen zen hirira, eta agintariek neguan ere festaren bat egin beharra zegoela pentsatu zuten, jendea erakartzeko. Beste hiri batzuetan zer-nolako festak egiten ziren begiratu zuten; Nizan eta Erroman egiten zituzten inauterien parean jarri nahi zituzten hemengoak. Jendea etortzeko beste arrazoietako bat trena Donostiaraino iristea izan zen. Ipar Euskal Herriko jende asko etortzen zen; zezenak ikustera etortzen ziren, bereziki. Lehenbizi, desfileak itzuli bat ematen zion zezen plazari, eta, gero, zezenak egoten ziren.

Egun garrantzitsua zen, beraz.

Bai, egun bat edo bi izaten ziren. Ekintzaz betetako egunak ziren.

Bazegoen inauterien eguna aukeratzeko irizpiderik, agian Aste Santua kontuan hartuta edo?

Ez, baina gauza bat jakin beharra dago: Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren, hau da, urtarrilaren 20an. Urtarrilaren 20tik aurrera, jaiegunetan eta igandeetan sokamuturra egoten zen goizez, arratsaldez eta gauez. Danborradaren eta inauterien artean hiritarrek festak izan zitzaten, kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsak ateratzen ziren, zubi moduan edo.

Liburuan tarte bat eman diozu garai hartako inauterietan erabiltzen zen musikari ere. Bildutako kanten artean San Sebastian martxaren lehen bertsioa dago.

Bai, hala da. Ez du zerikusirik gaur egungoarekin. San Sebastian martxa ez zen danborradarako idatzi; Donostiak, beste hiri edo herri batzuek bezala, martxa bat izan zezan idatzi zuen Sarriegik. Liburuan ageri diren doinu batzuk oraindik ere mantentzen dira, baina beste batzuk galdu egin dira.

Nolatan hasi ziren, bada, San Sebastian martxa danborradan erabiltzen?

Martxa 1861ean idatzi zen, eta danborradak 1880koak dira. Danborradak desfileetako konpartsa bat ziren. 36ko gerraren ostean, inauteriak ezin ziren ospatu, eta San Sebastian egunean danborradak ateratzen hasi ziren, hori baimenduta zegoelako.

Garai hartako inauterietatik gaur egungo inauterietara pauso handi bat dago.

Ez nuke «pauso» esango, mozketa handi bat baizik. Hautsi egin da lehengo istorioa, eta, orain, beste istorio bat da, guztiz desberdina.

Agian ez dago hainbesteko tradiziorik?

Garai batean, konpartsetako kantetarako hitzen egileak zeuden, karrozak egiten ziren desfileetarako... inauterietako elementu bakoitzerako pertsona bat zegoen lan hori egiteko. Ez dut esan nahi atzera egin behar dugunik lehen bezalako inauteriak egiteko, baizik eta eskura ditugun elementuak erabili, eta eguneratu gaur egungo errealitatera. Beste inauteri bat sor daiteke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Assata Shakurren irudi ezagunetako bat, garai batekoa. ©BERRIA

Iraultzaile beltzaren ametsa

Miel A Elustondo

Hamaika libururen artean publikatu zen iazko udazkenean AEBetako Pantera Beltzen Alderdiko kidearen autobiografia, Danele Sarriugartek itzulirik. Nahi beste ditu gaiak. Arrazakeria, kontzientzia hartzea, militantzia politikoaren goiti-beheitiak, askapen mugimenduen kriminalizazio orkestratua, espetxea eta espetxe industria... Denak har, inoren bizialdiari lotuak diren neke eta pena guztiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Jimenez Larrea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...