ATZEKOZ AURRERA. Jorge Lopez de Gereñu. Artista

«Surfaren klixeak desegitea oso zaila da»

Lopez de Gereñuk bere pasioetako bi uztartu ditu aurreneko aldiz: artea eta surfa. 'Surf Like You Are, Live Like You Surf' erakusketa jarri du Bilboko Itsasmuseumen. Erretratuak paperezko poltsetan egiten ditu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Topatu du formula Jorge Lopez de Gereñuk (Bilbo, 1963). Nola egin asmatu ezinda zebilen, baina bere pasioetako bi uztartu ditu: artea eta surfa. Besteak beste, margotutako surf oholak, paperezko poltsetan egindako erretratuak, eskulturak eta ikus-entzunezkoak daude Surf Like You Are, Live Like You Surf (Nolakoa zaren, halaxe egin surfean; nola egiten duzun surfean, halaxe bizi) erakusketan, Itsasmuseumen.

Diozunez, nolakoa zaren, halaxe egiten da surfean; nola egiten duzu zuk?

Surflari ona ez da akrobazia eta maniobra zailenak egiten dituena. Naturaren opari hori hartu eta olatuak are politago egiten dituena baizik. Are, ez dauka zertan olatua hartu ere: saiatze hutsarekin nahikoa da. Ez dakit nola egiten dudan surfean, baina olatuak berez diren baino politagoak egiten saiatzen naiz.

Eta nola egiten duzun surfean, halaxe bizi behar dela uste duzu. Nola bizi zara?

Egun bakoitza abentura baten gisa bizi dut. Sartu naizen azken abentura honek hori erakusten du.

Surfean ari zinela bururatuko zitzaizun, noski?

Erakusketaren proiektua, hasieran, ez zegoen zuzenean surfarekin lotuta. Galdetu didazun arte, ez nintzen gogoratzen non sortu zen guztia.

Eta non sortu zen?

Arte eskola bat daukat, eta uda baliatu genuen bikotekideak eta biok barrutik margotzeko. Dena ordenatu genuen. Zorua garbi-garbi utzi zuen hark, eta, ordenaren psikopata bat denez, mehatxu egin zidan. Beraz, koadro bat hartu eta zintzilikatu nuenenean, azpian paperezko poltsa bat jarri nion zinta batekin lotuta, zorua ez zikintzeko, eta lanean hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen paperak zer-nolako efektua egiten zuen horman. Getxoko Jazzaldian aurkeztu nuen aurreneko proiektu hura, duela bi urte.

Baina haiek jazz musikariak ziren?

Bai, eta Getxoko lagun batek —Reef surf enpresako ordezkaria da—, esan zidan: «Txo! Bizi guztia daramazu jazz musikariak marrazten, baina zu surflaria zara! Neuk emango dizkizut paperezko poltsa batzuk, eta ea zer egiten duzun».

Eta erakusketa da egin duzuna.

Aurrenekoz jarri ditut elkarrekin nire bi pasioak: artea eta surfa. Aurretik ez dut egin, ez ez nuelako nahi, baizik eta ez nuelako asmatzen nola egin. Anika Von Schuetz izan zen tematu zen bigarrena, eta asko gustatu zitzaion egindakoa. Erakusketako film laburra harena da. Haren eragina nabarmena izan da nire lan honetan.

Badago surfaren inguruan halako iruditeria bat ere...

Eta asko kostatzen da klixe horiek desegitea, oso zaila da. Esango dizut zeinek izorratzen nauen gehien?

Zein?

Esaten dizutenean: «Hori aberaskumeen kirola da». Bai? Gaur uretatik kanpora bi edo hiru gradu zeudela irten eta neoprenozko jantzia kendu dudanean?

Zergatik aurpegi horiek eta ez beste batzuk?

Agertzen diren horien biografianedo jarreran badagoelako zerbait arreta piztu didana.

Adibidez?

Kepa Acero. Maila gorenera iritsi zelako, eta bat-batean esan zuelako: «Nik ez dut hau egin nahi. Lehiatzea kaka zaharra da». Munduan zehar bidaiatzen eta olatuak bilatzen hasi zen, kultura berriak deskubritzen, turistarik gabeko hondartzak topatzen... Surfarekin beste era batera erlazionatzen.

Beste adibideren bat?

Mike Fanning eta Kelly Slater. Jendeak esango du: «Bi ezagunenak direlako jarri ditu». Hor daude, baina arrazoiak bestelakoak dira.

Zeintzuk?

Jendeak ez du haien biografia ezagutzen. Nik biak ezagutzen ditut bertatik bertara. Badakit Kelly Slater nondik datorren, adibidez, eta haren jatorria erabat pobrea da, familia apurtu batetik dator, miseriatik. Fanningek ere badu bere tragedia: haren anaia zen izarra, baina 18 urterekin hil zen, auto istripuan, eta haren tokia hartzeko lehiatu da.

Eta Thelonious Monkek eta Charles Mingusek notekin egiten zuten surfa? Jazza da zure beste pasioa?

Surfean bakarka aritzen naiz normalean, eta beti daukat musika buruan. Badago gauza bat oso kuriosoa erakusketaren aurkezpenean kontatu ez nuena.

Kontatu orain, orduan.

Jorge Imbert, nire lagunik onenetako bat izateaz gain, Europan inoiz egon den surflaririk onena da. Jendeak esan izan dit: «Zer harreman txikia duen zure obrak surfarekin». Eta Imbert izan zen bakarra esan zuena: «Hori ergelkeria bat da. Surfean aritzen den edonork daki, Jorgeren horma irudiak ikusten dituenean, hondoan agertzen direnak olatuak direla beti». Txundituta utzi ninduen. Lehen aldia zen inork halakorik esaten zidana. Biharamunean, Bilbora sartu nintzenean lanera, nire horma irudiei begiratu nien, eta pentsatu nuen nire baitan: «Kabroi halakoa, arrazoia dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.