ATZEKOZ AURRERA. Juan Mari Tolin. Argazkilaria

«Txirrindularitza oso geurea den kirola da»

Txirrindularitza eta argazkilaritza ditu pasio Tolinek, eta milaka kirolariren ilusioa jaso du iruditan 30 urtean, lasterketetan ateratako argazkietan. Egun, kirol argazkilaritzako ikastaroak ematen ditu.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Zarautz
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Txirrindularitzari lotuta, 30 urteanateratako argazkiak bildu ditu Juan Mari Tolinek (Zarautz, Gipuzkoa, 1970) Txirrindularitza eta argazkilaritza, bi pasio eta helmuga bat erakusketan, Zarauzko Photomuseum argazki eta zinema museoan. «Ohorea» da harentzat bertanerakusketa jartzea, eta pasioz kontatzen ditu argazkien atzeko istorioak, erakusketan alde batetik bestera mugitu bitartean. Apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai. «Itzulia hasi baino egun bat lehenagora arte», zehaztu du.

Zein da erakusketako zure argazki kuttuna?

Jendeari erorketarena gustatzen zaio, eta zirrara eragiten dute beste hainbatek, artistikoagoak direlako eta txirrindulariak nabarmentzen direlako. Baina ni ezin naiz bakar batekin geratu.

13 urterekin hasi zinen zure herriko txirrindulari taldean. Hori izan al zen abiapuntua?

Bai, afizionatuak arte aritu nintzen. Azken bi urteetan, nire taldekideei-eta argazkiak egiten hasi nintzen. Gero, profesionalei argazkiak egitera pasatu nintzen, baina kamera txar batekin. 1992an-edo erosi nuen nire lehen reflex kamera, eta handik gutxira hasi nintzen motorrera igota argazkiak egiten, kolaborazioak egiteko. Italiako agentziekin-eta lan egiten nuen.

Lehiaketetan ere parte hartzen hasi zinen, ezta?

Bai, Internetik ez zegoenez, atzerriko argazkiak eta katalogoak ikusteko. Sari batzuk irabazi nituen, baina utzi egin nuen. Erakusketak ere egiten hasi nintzen. Hortaz, prentsarekin kolaboratzen nuen, baina argazkilaritzaren ikuspuntu artistikoa beti izan dut hor.

Helmugako argazkiak egiteko gailu bat ere eraiki zenuen.

Euskal Herriko Itzulian, Italiako argazkilari bat etorri zitzaidan, Gian Franco Soncini, eta esan zidan saiatu behar nuela helmugako argazkia Euskal Herrian sartzen, Italian gaztetxoen lasterketetan eta guzti erabiltzen zutelako. Nahikoa trebea naizenez, proiektu gisa hartu nuen, eta hau eraiki nuen [erakusketako gailua seinalatu du]. Handia da, ohiko karrete bat baino argazki gehiago behar direlako; ez da soilik irabazlearen argazkia atera behar, txirrindulari guztiena baizik.

Berehala hasi zinen lasterketetara eramaten?

Kadete eta gazteen lasterketetan hasi nintzen probak egiten, eta federazioak karrera baterako edo besterako kontratatu gintuen. Helmugako argazkiak ateratzera joaten nintzenean, batzuek esan zidaten gazteei argazkiak ateratzeko, gero haiei saltzeko. Profesionalen argazki pila bat egoten dira, baina gazteenak ez. Helmugako argazkiez gain, podiumekoak egiten hasi nintzen.

Zenbat lasterketatara joan zinen?

2001etik 2010era arte, gutxi gorabehera, mila lasterketetara joan ginen emaztea eta biok. Urterik politenak izan ziren, mailarik politenak niretzat gazteenak-eta direlako. Profesionalak ikustea ondo dago, baina gazteek ilusio berezia dute, haien gurasoek Gipuzkoa ezagutzen dute, eta ederki pasatu genuen.

Jende askorekin egin zenuten harremana?

Lagun asko egin genituen, bai, eta gaur egun oraindik kalean geratzen naute orduko txirrindulari gazteek. Batzuk profesionaletara iristen ikusi ditut, baina beste batzuk ez, eta oso ederra da kalean geratzea. Batzuekin bazkariak eta afariak egin ditugu, oporretara joan gara besteekin... Hori da saririk handiena.

Hortik jaio zen Emoción (Emozioak) liburua?

Burua berotzen hasi zitzaizkidan. Neukan artxiboarekin liburu bat egiteko esaten zidaten. Proiektua oso polita zen, baina oso zaila da horrelako liburu bat argitaratzea. Zerbait desberdina egin nahi nuen, eta, azkenean, 20 txirrindulari profesionalen argazkiak eta istorioak bildu nituen bertan. Pasadizoak eta haien bizitza pertsonala kontatu nahi nituen gehienbat, eta asko ireki ziren nirekin. Lau urte eman nituen liburua prestatzen, eta Durangoko Azokan aurkeztu nuen, 2018an.

Azken asteetan, gazteen hainbat lasterketa bertan behera geratu dira, boluntario faltagatik. Zer iritzi duzu horri buruz?

Segurtasunik gabe ezin da lasterketarik egin; oso arriskutsua da. Ondo egituratu behar da dena. Beste kirol batzuetarako dirua jartzen dute erakunde publikoek, kirol instalazioak eraikitzeko edo azpiegituretarako, baina txirrindularitzan ez dute laguntzen. Azpiegituretan ordaintzen ez den hori ordaindu beharko lukete gauza horietan. Gazteen txirrindularitzarik gabe, ez dago Tourrik, eta txirrindularitza oso geurea den kirola da, pilota edo arrauna bezala.

Ikastaroak ere ematen dituzu?

Kirol argazkilaritzako ikastaroak ematen hasi naiz, bai. Erretratuei, paisaiei, gauari, txoriei... lotutako ikastaroak egoten dira, baina kirolari lotutakoak oso gutxi. Asteburuan, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean izango naiz, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.