ATZEKOZ AURRERA. Albaro Soule. Hargina, ehorzlea eta bideogilea

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Arizkun
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Klin, klin. Mailuaren eta zizelaren hotsa argi aditzen da Arizkungo Bozate auzoan (Nafarroa). Harri batean Ibil Bedi taldearen izena zizelkatzen ari da Albaro Soule (Arizkun, 1992). Arizkun Rock jaialdian ariko diren taldeentzako oparia da. Hilarriz inguraturik ari da lanean; eskulturak dituzte etxe inguru guzian. Aitatxi eta aita bezala, hargina da Soule. Etxean, hirugarren belaunaldikoa.

Harria inguruan izan duzu beti?

Txikitatik ikusten nituen harriak, hilarriak... Aitak harritxo batean marrazten zizkigun izarrak edo lauburuak, eta ematen zigun erreminta zerbait egiteko. Naturala zen.

Horregatik hasi zinen hargintzan?

Berez, aisialdiko begiralea naiz, eta oso gustura nengoen horretan. Afera da aitari jubilatzeko adina hurbildu zitzaiola. Banuen halako sentimendu erromantiko bat etxeko lan honekin: harria, hilerrietako gauzak... Kristoren dilema nuen. Etxean gelditzea erabaki nuen azkenik.

Zama gisa bizi izan zenuen?

Duda aunitz izan nituen: «Ez badut hartzen lan hau, galduko da». Baina ez naiz damutzen erabakiaz.

Zure adineko harginak ezagutzen dituzu?

Ez. Iruritako fabrikan 40 urteko inguruko bat dago. Bertzenaz, ez.

Azken mohikanoaren sindromea duzu?

Orokorrean, bai. Artisau lan hauek dekadentzian ikusten dira. Lehen, etxe berri bat egiten zenean, guzietan jartzen zen armarri bat; baina azkena egin genuela ia bi urte dira. Mantso-mantso ari da galtzen, eta galduko da. Agian jendeak ez du baloratzen zer lan baden atzetik.

Zer da gehien egiten duzuna?

Hilarriak. Gehiena granitoan egiten da, makina batekin, nahiz eta detaileren bat eskuz sartzen dugun. Hortik goiti, zaharberritzea: garbitzea, lixatzea, leuntzea...

Eskuak nola dituzu?

Bueno, ba, kailuz beteak, bai. Zaintzen ditut aunitz; maite dut eskularruak erabiltzea, baina zertarako den; hor berean ari nintzela harritxo bat zizelkatzen, eskularruekin irristatzen da, eta ez da goxoa ere.

Nahiago duzu eskuz egin, edo makinekin?

Saiatzen naiz beti eskuz egiten. Nahiz eta zailagoa eta aise luzeagoa izan, badu magia hori. Baina, adibidez, granitoan gauza batzuk eskuz egitea ia ezinezkoa da.

Hargintzan zein da gakoa?

Pazientzia, gehienbat. Pazientzia aunitz, eta hartu behar da denboratxo hori lasai egoteko. Egia esan, erlaxatzen nau aunitz. Hori harrietan, baina ehorzten ere aritzen gara. Hor alderdi humanoa ateratzen zait.

Nola heltzen diezu ehorzketei?

Momentu gogorrak dira. Oso gazte hasi nintzen, 16-17 urterekin, aitari laguntzen. Hasieran oso-oso gaizki pasatzen nuen; ikustea familiaren dolua, mina, negarra... baina uste dut moldatu naizela egoera horretara. Hala ere, gogorra da gertuko kasuak tokatzen direnean. Saiatzen zara zure lana ahalik eta txukunena egiten, errespetu guziarekin.

Mina sarri aterako dute bezeroek.

Zenbat aldiz gertatu zait: bezeroa hilarria hartzera etorri, eta negarrez. Hor ateratzen zait besotik hartu eta animoak ematea.

Heriotzaren bueltan lan egiteak naturalizatzen du heriotza?

Bai, egunerokoan ikusten dut, eta uste dut gizartean gehiago solastatu behar dela heriotzaren gaiaz, denen onerako: bai helduekin, bai gaztetxoekin. Denak sortu eta hilko gara.

Zure lana aldatuko da?

Uste dut baietz. Hilarriak ere aldatu dira. Lehenago bizpahiru aukera ziren; orain, abaniko zabala. Adibidez, bertze kolore argiagoak eskatzen dituzte. Lehen, gurutze kristaua beti; orain, marrazki bat edo argazki bat paratzen diote. Gauza diferenteak eskatzen dituzte: hilarri bakoitza mundu bat da orain.

Zein da egin duzun lanik bitxiena?

Iparraldeko herri txiki batean panteoi bat egin genuen. Etxe horretako aitatxi hil zen, eta etxearen argazki bat nahi zuten; dronearekin egin nuen, eta gero hilarrian zizelkatu.

Bideogintzan ere aritzen baitzara. Hargintza analogikoa da; hau, teknologikoa. Oreka bila ari zara?

Beti gustatu zaizkit ikus-entzunezkoak. Dronearekin lehenbiziko hegaldia belai horretan egin nuen, eta, etxea gainetik ikusita, perspektiba guzia aldatu zitzaidan. Lantxo batzuk atera zitzaizkidan gero: baserrien bideoak, lasterketak, Hatortxun boluntario sartu nintzen...

Perspektiba inportantea da?

Aitak harria paratzen du, eta mugitzen da aldez alde; buelta ematen dio. Hortik ikasi dut. Dena ikusi behar da; ez bakarrik aitzinekoa.

Azkenengo Arizkun Rock duzue aurten. Zer sentsazio duzue?

Oso kontent gaude. Bederatzi aldi egin ditugu, bi lagun ginen, eta kristoren nekea. Egia errateko, oso kontent gaude egin dugun lanarekin, eta kristoren gogoa dugu akitzeko.

Pena ematen du?

Guri ez. Saiatu gara ahalik eta ongien egiten, eta ez dago segidarik. Naturala da. Batzuei agian bai, jende aunitzi jaialditxo bat paratu diogulako etxeko atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.