Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Iciar Sanchez. Diseinatzaile industriala

«Objektuek emozioak sortu behar dituzte»

Diseinatzaile freelancea da Sanchez, eta diseinatzen dituen objektuek «ilusioa» sortzea izaten du helburu. Uste du zerbait jasangarria izan dadin iraun egin behar duela eta konpontzeko modukoa izan behar duela.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2023ko ekainak 8 - Donostia

Objektu tradizional bat birdiseinatzea proposatzen du San Telmo museoaren Hau diseinu lehiaketak. Sehaska izan da aurten aukeratutako objektua, eta Iciar Sanchez diseinatzaile hondarribiarraren (Gasteiz, 1991) Kabi proiektua izan da garailea. Sehaska habia baten modura irudikatu du, haurrentzat aterpea baita. Proiektuak museoan daude ikusgai, irailaren amaierara arte.

Kabi izena du zure sehaska gaurkotuak. Zergatik izen hori?

Produktuaren formagatik, aterpe bat gogorarazten zidalako. Eta haur batentzat habia bat delako aterpe bat. Gainera, gurasoek eraikitzen dute sehaska, txoriek beren kumeentzat eraikitzen dituzten bezala. Beraz, formagatik eta eraikitzeko moduagatik jarri nion izen hori.

Nondik hasi zinen berritzen, gero berreraikitzeko?

Lehiaketan eskatzen zuten tradizioa eta garaikidetasuna uztartzeko. Pertsonen benetako beharrak aurkitzen saiatu nintzen. Nik egin nuena izan zen garaikidetasunean pentsatu, baina erabiltzaileen ikuspuntutik. Kasu honetan, erabiltzaileak haurrak dira, baina gurasoak ere bai. Alde batetik, etxe moderno batekin bat egingo zuen objektu bat egin nahi nuen.

Eta, bestetik, poltsikoari ere begiratu diozu?

Bai. Sehaskak alokatzeko zerbitzu bat diseinatu nuen, familiei laguntzeko: haur bat jaiotzeak poza ematen duelako, baina kontu korrontean zulo bat ere sortzen du [barrez].

Sehaska familiaz familia pasatzea tradizioa izan da. Horri eutsi nahi izan diozu?

Lehiaketan, San Telmo museoan dagoen sehaska aipatuz, azaltzen zuten lehen baserrietan sehaska propioak egiten zituztela. Orain, ordea, jendea etxez aldatzen da, familia edo lagunak ez dituzte gertu... Zailagoa da gauzak oinordetzan jasotzea. Horrez gain, gauzek ez dute hainbeste irauten. Beraz, nik sortu nahi nuen objektu bat pertsona batetik bestera pasa zitekeena eta irauten duena. Niretzat, zerbait jasangarria baita irauten duena eta konpon daitekeena.

Erabiltzaileek zorroa eta lastaira erosi beharko dituzte, baina ez egitura.

Sehasken alokairu zerbitzua da proposatutakoa: behar duzunean, egitura alokatuko duzu, eta, ez duzunean behar, deitu eta bueltan eramango lukete. Apartekoa litzateke zerbitzua gizarte segurantzak eskaintzea. Lanpostu batzuk ere sortuko lirateke: bezero arreta, zorroak egitea... Dena bertan egina.

Diseinuari dagokionez, zertan eman diozu ukitu garaikidea?

Estetikan, minimalista delako. Hondartzako hamaka batean inspiratu naiz, hodizko egitura bat eginez, olana batekin. Beraz, ehuna ere egitura bezala erabiltzen du sehaskak. Begiz oso arina da, eta horrek ere ematen dio ukitu garaikidea. Hasieran, hodia industrialagoa zen, altzairuzkoa, baina, haur batentzako zenez, ez zen geratzen hain goxo.

Zer garrantzi du jasangarritasunak diseinuaren arloan?

Oso garrantzitsua da, eta kontu handiz ibili behar da. Produktu jasangarri bat diseinatu behar dugunean egin behar den lehen gauza da erabileran pentsatzea. Zer erabilera izan behar du? Laburra izango da, edo erabiltzaileak mantendu nahi izango du? Mantendu nahiko badu, iraupen luzeko produktu bat diseinatu behar dugu, eta emozioak sortu behar ditu. Beraz, kontuan hartu behar da iraunkortasuna eta tokiko materialak erabiltzea. Eta objektuak erabilera bakarra izango badu, zerbitzu izaera har dezan pentsatu behar dugu, kasu honetan bezala.

Zergatik erreparatu behar zaie emozioei?

Nire ustez, oso garrantzitsua da. Sekulako ilusioa egiten dizuten bota batzuk askoz ere hobeto zainduko dituzu beste batzuk baino. Beraz, benetan maiteminduko zaituen zerbait sortu behar da. Eta, gainera, beste marka batzuekin lehiatzen ari zara, zu bezain onak edo hobeak direnak. Hortaz, modu batera edo bestera, ilusioz erabil dezaten saiatu behar duzu.

Zergatik erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Begiz jota nuen lehiaketa, baina data pasatzen zitzaidan beti. Diseinatzaileok erronkak behar ditugu. Freelance gisa lanean hasi nintzen iaz, eta aukera ona iruditzen zitzaidan nire proiekturen bat ikusarazteko. San Telmo museoa erakusleiho bikaina da horretarako.

Erraza da diseinuaren arloan freelance gisa lan egitea?

Ezer ez da erraza. Eroso egon behar duzu ziurgabetasunean, beste edozein freelance edo autonomo bezala. Lan asko egin, asko mugitu eta dituzun kontaktuak erabili. Besteren kontura ere lan egin izan dut, eta hori ere zaila iruditzen zait.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Sancheskiko skateak ere diseinatzen ditut. Tecnun Nafarroako Unibertsitatearekin ere kolaboratzen dut. Eta etorkizuneko lankidetzei irekia nago.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mahats bilketan parte hartu zuten BERRIAlagunak, atzo, El Mozo Wines upategiko mahastietan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Edan bai, bildu ere bai

Olatz Enzunza Mallona

BERRIAlagun batzuek mahats bilketa egin dute Lantziegoko El Mozo Wines upeltegian. BERRIAren 20. urteurrenaren harira antolatu dute ekitaldia, eta abenduan Hatsa ardo propioa ekoitziko dute.
 ©BERRIA

«ETAren armagabetzea kontatzea amesten nuen, eta lortu nuen»

Unai Etxenausia

«Irratiaren magiak konkistatu» zuen behin. Ordutik, lau hamarkada eman ditu Cobok SER irratian Euskal Herriko politika kontatzen. Joan den urtea amaitzearekin bat utzi zuen irratia, baina argi dauka ez duela kazetaritza sekula utziko.
 ©HITZETIK HORTZERA

«Bertso mundua etxea bezalakoa da niretzat»

Beñat Mujika Telleria

Hil honetan abiatu da 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldi berria. Zenbait berrikuntzarekin itzuli da saioa; horietako bat, aurkezlea: Mirari Martiarenak hartu du Eider Perezen tokia saioaren gidaritzan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane�Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.