Nafarroako Miranda Arga herrian jaio zen Pato Mikeleiz. Mundua ezagutzeko grina izan du beti, eta, furgonetaren laguntzaz, asko dira bisitatu dituen herrialdeak. Bere burua ezagutzeko asmoz antolatzen ditu irteera denak, baina helmugara iritsi eta bertako hizkuntzak eta musikak aztoratuta itzultzen da.
Kontzertu bira egiten ari da orain: Himalaiara furgonetan. Egindako hamaika bidaiatan bildu dituen argazki, musika tresna eta narrazioak uztartuta ondu duen ikuskizunean. Aste honetan Erandion egin du emanaldia (Bizkaia).
Zer ikusiko du publikoak oholtzan?
Nahasketa arraro bezain polita. Oinarrian kontzertu bat da. Gitarrarekin joko ditut zenbait abesti, eta, gero, tartekatuz joango naiz bidaietan bildu ditudan hainbat musika tresna: didjeridua, esaterako. Txalaparta ere izango da, izugarri gustatzen zait. Horrekin batera, egin ditudan bidaietako argazkiak proiektatuko ditut aldi berean.
Argazkilaria baino gehiago musikaria naiz. Baina bidaiari sena daukadanez, gogoko dut joaten naizen lekuak erregistratzea, oroitzapen gisara bereziki, baina baita artistikoki ere.
Zerk bultzatzen zaitu bidaia bat hastera?
Senak gidatuta irteten naiz, ezer prestatu gabe. Himalaiara egin nuen bidaia errepide maparik eta biderik begiratu gabe egin nuen. Bisarik ere ez nuen atera lehenago. Gustatzen zait abentura, neure burua ezagutzeko aukera ematen didalako. Pertsona gisa, dudarik gabe, baina baita bidaiari gisa ere.
Lau urteko bidaia kontatzen duzu ikuskizunean. Nola laburtu daitezke lau urte?
Sintesi lana erraza da finean: akordatzen naiz bidaietako inflexio puntuez, edo asko markatu nauten jazoerez, eta horiek bihurtzen ditut kantu. Lau hilabetez egon naiz Himalaiako basoan bakarrik, adibidez. Hori nahiko narratiboa da bere horretan. Indian ere pare bat erromesaldi ikusi nituen, eta horrek asko eragin zidan. Nepalen, berriz, lurrikara izan zenean egon nintzen. Berreraikitze lanetan aritu nintzen han.
Lau hilabete egin dituzu Himalaian bakarrik, basoan bizitzen. Bizirik irauteko ikasketa berezirik egin al zenuen?
Plazer hutsa izan da. Kostatu zitzaidan basorako bidea egitea, oso inguru jendetsua delako. Baina, behin oihanean sartuta, izugarri gozatu nuen. Bi astean behin irteten nintzen kanpora janari bila. Ez dut inolako kurtsorik egin bizirauteko, senak hala aginduta aritu naiz animalia basatien artean. Pozik.
Nola egiten da txikota askatu eta hainbeste denbora kanpoan egiteko. Itzultzeko gogoa izaten al duzu?
Furgonetarekin erraza da askatasuna izatea, eta nahi duzunean itzul zaitezke.
Nafarroan ere lau hilabete egon zinen borda batean. Nola lortzen duzu zeure buruarekin hainbeste denboraz bakarrik egotea?
Kaier bat idazten hasi nintzen bordan. Noizbait berriro hartu beharko nuke. Oso lasai egon nintzen. Natura gordina da. Zu bakarrik zaude, zeure buruarekin. Horrek badu alde ona gero; prozesua gozatu ondoren, askoz hobeto egoten zarelako taldean zuk aukeratzen dituzunekin eta zure lagunekin. Aberasgarria da.
Hamaika herrialdetan musikaren bila aritu eta gero, topatu al duzu antzekotasunik herrialdeen artean?
Hizkuntzak aztertzea asko gustatzen zait. Noan lekura noala, beti hartzen dut tarte bat bertako hizkuntza ikertzeko. Georgierari euskararen antzekotasunak topatu nizkion. Tbilisin, musikaren museoan egon nintzen, eta badituzte alboka eta trikitiaren antzekoak.
ATZEKOZ AURRERA. Pato Mikeleiz. Musikaria
«Senak gidatuta irteten naiz. Ezer prestatu gabe aldez aurretik»
Bueltako txartelik gabe egiten ditu bidaiak Pako Mikeleizek. Furgoneta hartu, eta senak gidatzen duen lekura joaten da. Hizkuntza aberastasuna maite du. Edozein lekutan lasaitasuna izatea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu