ATZEKOZ AURRERA. Iker Sukia. Artzaina

«Gazte askok dute gustuko artzaintza»

18 urte bakarrik zituela, Ixidro Gaztak enpresaren jabe bilakatu zen Sukia. Egunero ardiz inguratuta bizi da, 22 urte ditu, eta gaur egun ez du beste leku batean ikusten bere burua.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Naroa Rios
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Artzaintzan aritzen den laugarrenbelaunaldikoa da. Hiru anai-arrebatan gazteena da Iker Sukia (Lazkao, Gipuzkoa, 2001). 16 urte zituela, ikasketak utzi zituen artzain eskolan sartzeko. 18 urte zituela, aitak erretiroa hartu zuen, eta enpresaren buru bilakatu zen. Gaur egun 22 urte ditu Sukiak, eta, haren esku, Ixidro Gaztak-en ondareak iraun egiten du. Idiazabalgo gazta egiten dute.

Ixidro, gaztaren izena, aitarena den arren, azaleko argazkian Iker Sukia agertzen da. Ardi eta mendi tartean gustura sentitu da beti, eta betidanik jakin du bere etorkizuna gazta artean zegoela.

Zer dio jendeak artzaina zarela esaten duzunean?

Galdetzen dute ea merezi duen hainbeste lan egitea. Nik baietz esaten diet. Gaur egun, gazta egitetik bizitzea errentagarria da. Gustatzen zait, gainera. Esnea salduz bakarrik, ez hainbeste, produktuak oso garesti daude eta.

Nola dago artzain mundua gazteen artean?

Gazte askok dute gustuko artzaintza. Adibidez, Aralarren, gazte pila bat ibiltzen dira ardiekin mendian. Baina askok ez dute dirurik, eta horrek konplikatu egiten du egoera. Egia esan, orain, produktuak garestitu egin dira. Hori dela eta, are zailtasun gehiago daude. Garai txarra da inbertsio batean sartzeko.

Nola egiten dira bateragarri gazte izatea eta artzain gisa ordu askotan lan egin beharra?

Ongi. Artzain lana denboraldiz denboraldi doa. Orain, udan, adibidez, ez dut lan handirik. Aurrekoan lagunekin ibili nintzen trago batzuk hartzen eta afaltzen, arazorik gabe. Zailagoa da hori urritik aurrera egitea. Negua lana egiteko garaia da: egunero ardiak jetzi behar dira, esnetako proteina landu gazta egiteko... Orduan, arratsaldean ateratzea zaila izaten da; baina berdin-berdin ateratzen naiz zerbait hartzera eta afaltzera, baita parrandan ere. Hurrengo egunean bete beharreko orduak luzeagoak izaten dira, ordea.

Egunean zehar zenbat orduz egiten duzu lan?

Lan garaiaren araberakoa da. Negua da sasoirik gogorrena, baita ordu gehien egitekoa ere. 06:30ean hasten dut eguna. 07:00etatik 08:30era aritzen naiz, gutxi gorabehera, ardiekin mendian. Ondoren, ardiei jaten ematen diet, eta gaztak egiten, jezten, garbitzen... lan egiten dut. 08:30etik 21:00etara lanean, beraz. Batzuetan hamalau orduz lan egiten dut, eta beste batzuetan sei orduz.

Zer gustatzen zaizu gehien artzain lanean, eta zer gutxien?

Gehien, gazta egitea, eta mendian ibiltzea ardiekin paseatzen. Eta gutxien, izapideak egitea: fakturak, tiketak, ordainketak...

Zure ardi guztiak ezagutzen al dituzu?

Ezinezkoa da; ardi gehiegi ditugu horretarako. Batzuk bakarrik ezagutzen ditut. Adibidez, badaukagu ardi beltz bat oso ona dena; esne asko ematen du, eta oso ondoportatzen da. Gainera, oso maitagarria da, eta beti hurbiltzen du muturra, laztan egin diezaiozun. Ezberdinak direnak bakarrik ezagutzen ditut.

Zenbat langilek lan egiten duzue enpresan?

Hasieran, neu nintzen bakarra, eta, denera iristen nintzen arren, lan gehiegi zen. Orain, beste pertsona bat kontratatu dugu. Batez ere ardiekin laguntzen dit. Gaztak eta gainerakoak egiten ni bakarrik aritzen naiz.

Zergatik mantendu zure aitaren izena gaztan?

Batek baino gehiagok esan dit gauza bera. Baina ez dut aldatzeko asmorik. Gazta izen horrekin ezagutzen du jendeak, eta aldatzea nahasmena izango litzateke. Gainera, ni produktuaren argazkian ateratzen naiz. Horrekin nahikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.