Gasteizko jaiak

«Ikaragarria da zaleak ordezkatzea»

Arabako Garrasia harmaileko eta Iraultza 1921 taldeko kideak dira Ruiz de Apodaka eta Corralejo. Haiek arduratu ziren Gasteizko jaiei hasiera eman dien suziria pizteaz, zale guztien izenean.

BERRIA.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Gasteiz
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alaves futbol taldea animatzeaz arduratzen dira Arabako Garrasia harmaileko eta Iraultza 1921 taldeko Leire Ruiz de Apodaka (Gasteiz, 1999) eta Raul Corralejo (Gasteiz, 1980). Aurten, Gasteizko jaiei hasiera eman dien suziria piztu dute. Gizonezkoen taldea lehenengo mailara igo zen ekainean, eta giroan poztasuna nabaritu dute.

Noiz hasi zineten Arabako Garrasian, eta zergatik?

RAUL CORRALEJO: Sortzaileetako bat naiz. Orain dela ia hamabi urte hasi ginen. Talde ugari gainbeheran zeuden, eta elkartzeko beharra ikusi genuen.

LEIRE RUIZ DE APODAKA: Ni, berriz, orain dela gutxi hasi nintzen. Hemen, lagun talde berri bat eta nire lekua aurkitu ditut.

Zer esan nahi du zuentzat suziria jaurtitzeak?

CORRALEJO: Gasteiztar bezala, ikaragarria da, baina are ikaragarriagoa da Alavesen zaleak ordezkatzea. Ohorea da taldeak gu hautatu izana.

RUIZ DE APODAKA: Zale guzti-guztiak ordezkatu nahiko genituzke, baita zoritxarrez gurekin ez daudenak ere. Dauden lekuan daudela, esan nahiko genieke euren lekua daukatela gurekin batera balkoian.

Zer dira zuentzat Arabako Garrasia eta Iraultza 1921?

CORRALEJO: Familia. Bizitza guztia daramat hemen, txiki-txikitatik. Hemen hazi naiz. Gurasoek ekarri ninduten hona, eta nik semea ekarri dut. Beste zaleen seme-alabak nola hazi diren ere ikusi dut. Nire familia da.

RUIZ DE APODAKA: Bertan sortzen duzun familia da. Zortea daukat hemen egoteaz. Gauza berriak ikasten ditut egunero; bizikidetasuna, esaterako. Gainera, betiko izango diren harremanak sortu ditut.

Nola bizi izan duzue gizonezkoen taldea lehen mailara igotzea?

CORRALEJO: Aurten igotzea oso garrantzitsua izan da jendeak futbolaz gozatzen jarraitu dezan. Garai latza izan da guretzat: mendeurrena pandemian tokatu zitzaigun, eta baita emakumezkoen taldearen lehen mailarako igoera ere. Gizonezkoen taldea bigarren mailara jaitsi zen pandemiaren ondoren. Horregatik, garrantzitsua izan da aurten igotzea. Jendeak berriro ere futbolaz, giroaz eta laguntasunaz goza dezan. Poztasuna nabaritu da.

RUIZ DE APODAKA: Zelaian ikusteko ohorea izan nuen, eta emozio handiz bizi izan nuen. Gainera, denok elkarrekin, familian joan ginen Levantera [Valentzia, Herrialde Katalanak]; pozgarria izan zen batera gozatzea. Azkenean, denok aritu gara lanean taldea igo dadin; tifoak —kartelekin osatutako mosaikoak— egin ditugu, bete-betean animatu dugu urte guztian...

Garai zailak ere bizi izan dituzue.

CORRALEJO: Alavesen zaleak benetakoak dira, ez dio axola zer mailatan gauden. Egunez egun eta urtez urte pertsona gehiago batzen gara. Garairik zailenean sortu genuen Iraultza, 2. B mailan zegoenean, alegia. Halere, batzen jarraitu genuen eta jarraitzen dugu. Garai latzetan indartsuagoak gara. Adibidez, aurtengo igoera baino lehen, bete-betean animatu dugu. Jendeak gozatzen du bigarren mailan gaudenean, igotzeko grina hori baitaukagu. Halere, Arabako Garrasiak ez du inoiz huts egiten, gauden mailan gaudela.

Zer ekarpen egiten diozue Gasteizi?

CORRALEJO: Bertakoa aldarrikatzen dugu. Antzina, ohikoa zen umeak Real Madrileko edo Barçako kamisetekin ikustea. Gaur egun, berriz, alderantziz da: Real Madrileko kamiseta daramatenak dira arraroak. Oso polita da ume guztiak Alaveseko kamisetarekin ikustea. Aldaketa hori, neurri handi batean, Iraultzari esker gertatu da. Baliteke Alavesek titulurik ez edukitzea edota Europara ez joatea, baina arabarrak gara, eta gureaz harro egon behar dugu.

RUIZ DE APODAKA: Bestalde, Burgosen jokatu genuenean, Trebiñu Araba dela aldarrikatu genuen tifo baten bidez.

Emakumezkoen taldea lehen mailara igo zen 2021ean. Komunikabideetan ez da gizonezkoen igoera bezain beste agertu. Nola ikusten duzue egoera?

CORRALEJO: Zorionez, geroz eta gehiago hitz egiten da emakumezkoen futbolaz. Mendizorrotza haientzat ireki beharko lukete bi astean behin, bat gizonezkoentzat eta beste bat emakumezkoentzat izan dadin. Zoritxarrez, baina, ez dut uste gertatuko denik. Ez lirateke bigarren maila batean egon beharko, ordutegi eta instalazio aproposak eduki beharko lituzkete. Funtsezko gauzak dira, emakumezkoen futbolak ez dauzkanak. Aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu norabide horretan.

Orotariko jendea dabil harmailetan.

RUIZ DE APODAKA: Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den pasioa erakutsi nahi izan dugu txupinazoko ordezkaritzarekin. Hogei urteren aldea dago hiru ordezkarion artean.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.