Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Rodrigo Cuevas. Diziplina anitzeko artista

«Erromerian inguruan duguna ospatzen da»

Folklorea «akuilatu» eta zabaldu nahi du Cuevasek; tradizioari «jostalari» eta konplexurik gabe heldu: «Orain tradiziora beldurrik gabe hurbiltzen gara». Horretarako erromeria «gozagarria» dakar.

IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2023ko irailak 19 - Iruñea

Kultura tradizionalari egun eskura dituen tresnekin heltzen dio, eta oholtzara igota zabaltzen du, konplexurik gabe. «Folklore akuilaria» dela dio Rodrigo Cuevas diziplina anitzeko artistak (Oviedo, Espainia, 1985). Kontzertuetan kabareta, madreña-k, muñeirak eta musika elektronikoa uztartzen ditu. Asteburuan Iruñean eta Errenterian (Gipuzkoa) aurkeztu zuen bere azken lana: La Romería (Erromeria).

Nork transmititu dizu asturiar kultura tradizionala?

Aitatxik tonada eta asturianada asko kantatzen zituen; oso ongi, gainera; baina ez nuen etxean jaso. Galiziako herritxo batean bizi izan nintzen zortzi urtez, eta panderoa oso ongi jotzen zuten bizilagunak nituen han. Haiekin jotzen hasi, eta ezagutu nuen musika tradizionala.

Joxan Artzek zioen ur berria edaten zuela betiko iturri zaharretik. Edaten duzun urak zer zapore du?

Kareduna da, kareharri asko baitago bizi naizen lekuan, eta basikoa. Kareharriak konplexu karstiko asko ditu tartean, erraz higatzen da eta leize eta zoko asko sortzen dira.

Halakoa da zure musika?

Bai, saiatzen naiz ñabardura asko egon dadin, eta estrukturak agerikoak ez izatea, irregularrak izatea...

Zer da tradizioa zuretzat?

Historian bete-betean kokatzen zaituen zerbait da, eta ohartzen zara hemen soilik denbora batez zaudela: jaso zenuen guzia emana zaizula, eta uzten duzun ondarea beste batzuek hartuko dutela.

Eta akuilari izatea zer da?

Deus ez; dibertitzea eta norberak nahi duena egitea —edo saiatzea—.

Zer irakasbide atera duzu kantatzen dituzun herri abestiez?

Edozein, on eta txar, dena esana baitago. Norberaren irakurketaren araberakoa da. Honela diote: kantatzen diren jota guziek badute oinarria; jota kantari batek barruan daramatzan bizipenak dira.

Ukitu elektronikoa emanda, tradizioa berritzen da, edo, besterik gabe, transmisioarekin jarraitu?

Elektronika erabiltzea da eskura dugun beste tresna bat erabiltzea, panderoa, koilarak edo beste zernahi erabiltzen zutenek bezala. Berritu hitza oso gaizki geratzen zaio tradizioari, horretarako zahar egon behar duelako, eta tradizioa ez da zaharra, antzinakoa baizik.

Globalizazio betean, tradizioak beste aukera bat lortu du?

Musika tradizionalak garai gozoa du, baina ez da lehen baino gehiago egiten delako. Kontua da oholtzan musika tradizionala egiten ari den jendeak sabai asko hautsi, nitxo askotatik atera eta askotariko espazioak hartu dituela.

Eta jende askoren interesa piztu.

Konplexu anitz galdu direlako, eta orain jendea beldurrik gabe hurbiltzen delako tradiziora. Lehen tradizioa zerbait totemiko, ukiezin eta sakratu moduan ikusten zen.

Ez da ukiezina, beraz?

Ez, ez. Tradizioa ukitu behar da.

Nola ikusten duzu foku eta oholtzatik kanpoko folklorea?

Garai gozoan da, karrikan geroz eta jende gehiago ari da, folklore talde batean egon gabe ere. Horrek bizitasun handia ematen dio. Jendeak ikusi du oso ongi pasatzen duela. Musika kode oso dibertigarria da; eta identitatea, autoestimua eta komunitate sentsazioa sortzen ditu.

Kontzertuak oso urruti ere eman dituzu. Nola hartu zaituzte?

Oso ongi. Kode erraz eta herrikoiak dira; edozeinek erraz uler ditzake.

Lan berrian ez zara hain tradizional janzten. Zergatik?

Madreña-k ez ditut utzi, baina gona tradizionala bai; aldatzeagatik. Berbena zaleago agertu nahi nuen.

Jantziak eta jarrerak baliatzen dituzu genero artean jolasteko.

Beti saiatzen naiz jostalari agertzen. Joko horrekin asko ikasten da, eta leku interesgarrietara irits gaitezke.

Zergatik ezkontzen dira hain ongi folklorea eta kabareta?

Biek bigarren zentzu eta pikardia handia dutelako, eta oso jostalariak direlako. Lehen zarzueletan nahasten ziren kuplea, kabareta... Bien arteko joan-etorri hori ohikoa zen.

Noiz aditu zenuen Rambal izena [1976an hil zuten transformista]?

Pilar Sanchez Vicenteren Mujeres errantes eleberriari esker, 2018an. Gijonetik kanpo [Asturias] ez zen ezaguna, eta haren memoria galtzen ari zen gazteen artean.

Beraz, kantu bat eskaini zenion.

Justizia poetikoa eman nahi izan nion, memoria kolektiboan merezi duen bezala jaso dadin.

La Romería diskoarekin zer dakarzu?

Oso gozagarria da. Erromerietan mundu guzia unean oso presente dago, dibertitzen eta inguruan duen guzia ospatzen: adiskidetasuna, paisaia, askatasuna... Oda bat egin nahi izan diot askeago eta zoriontsuago egiten gaituen horri.

Herri txiki batean bizitzeko hautua egin duzu. Musika tradizionala ere bada desazkunderako bidea?

Hirietan zailagoa da auzokoen arteko puntu komunak aurkitzea. Folkloreak bihur ditzake hiriak leku bizigarriagoak eta atseginagoak, eta gizatasuna harremanen eta aisialdiaren erdigunean paratu dezake.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.