Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Distopien abantaila eta zailtasunak

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Eta, berotze globalaren ondorio kaltegarri eta hilgarriei aurre egiteko, zientzialariek, hutsegite larri baten erruz, nahi gabe, Lurra izoztuko balute? Eta aberats batek, Wilford jaun txit gorde eta misteriotsuak, hori gertatuko zela aurreikusiz, mila eta bat bagoiko trena eraikiko balu, Noeren Ontziaren pareko, murriztuta eta egoera zailean bada ere gizakiak bizirik jarraitzeko aukera izan dezan? Eta tren hori etengabe ibiliko balitz mundu osoan zehar, une bakar batez ere gelditu gabe? Eta tren horren aurreko aldean aberatsak biziko balira, klase altuko jendea, eta atzealdean trenera baimenik gabe igotako klase baxuko biztanleak, preso hartuak, lanera behartuak eta zorrotz zainduak?

Horrelako zerbait planteatzen du Josh Friedman eta Graeme Manson-en Snowpiercer telesailak (Netflix, 2020-2021), Jacques Lob, Benjamin Legrand eta Jean-Marc Rochette-ren Le Transperceneige komikia (1982) eta Bong Joon-ho-ren Snowpiercer filma (2013) aurrekari eta oinarri dituela, bien elementuak nahastuz eta biekiko nahiko libre jokatuz baina argumentuaren oinarriari fidel eutsita.

Akaso hala izango zen komikia argitaratu zen garaian, baina gaur egun ezin esan oso originala denik telesail horren argumentua, genero bereko asko ekartzen baititu gogora. Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo, adibidez, film horretako zuloak Snowpiercer-eko trenaren antza baitu ezaugarri askotan.

Ez du, ordea, Snowpiercer telesailak El hoyo filmak adinako indarrik, El hoyo-ren soiltasun eta austeritate narratibo eta estetikoaren ordez era horretako distopien topiko ugari baitarabil bi denboraldiak osatzen dituzten hogei ataletan. Eskaintzen ditu ezusteko atseginak ere tarteka, pizten du une batzuetan ikuslearen jakin-mina, eta are txundimena eta aztoramena ere, baina tartekako txinpartak baino ez dira horiek, sekuentziarik gehienetan beste istorio askoren kopia dirudien istorio batean.

Ezagutzen ez dugun errealitate batean oinarritzen direnez, distopiek askatasun handia ematen dute sormenerako, irudimena hegan jartzeko. Baina hainbeste distopia ikusten ari gara azken urteetan non gero eta zailagoa gertatzen den irudimen horren emaitza benetan gogoangarria izatea. Snowpiercer-ek, bere alde onak baditu ere, ez du zailtasun hori erabat gainditzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.