ATZEKOZ AURRERA. Ane Ortiz. Sexologoa

«Sexologoaren irudia, desagertzea onena»

Pornografiaren bidez balio eta praktika okerrak jaso ditzakete gazte eta nerabeek. Horri aurre egiteko, sexu heziketa orokor baten beharra aldarrikatu du Ortizek. Gai horretan nola esku hartu azaldu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Eskoletan edota tailerretan, tratu onei eta sexualitateari buruz aritzen da Ane Ortiz (Bilbo, 1989), Emaize zentroko sexologoa. UEUk antolatutako ikastaroa eman du Iruñean aste honetan: Pornografiaren aurrean nola esku hartu. Sare sozialekiko beldurra eta arriskua baztertuta egiten dute lan.

Pornografia, sexualitatea... Ikastaroa gazteleraz balitz, elkarretaratzea izanen zenuke atarian.

Gertatuko litzateke, bai, eta pena da. Sexualitatea jaiotzatik hil arte gurekin dagoen ezaugarri bat da, eta gizarte guztietan eta momentu historiko guztietan landu behar izan da. Sex hitz erroa entzuten dugunero beldurrak eta arriskuak etortzen zaizkigu burura, eta debekuak.

Hori zergatik?

Aurrerapauso asko eman dira, eta, hemen, Nafarroan, lan handia egin da —Harrotu zerbitzua, legeak...—, baina oraindik gaiarekiko tabu handiak eta beldur asko dago.

Sexu heziketa da pornografiaren bidez jasotzen diren mezuen kontrako txertoa?

Bai, argi eta garbi. Ukaezina da pornografiak gizartean daukan eragina; hortaz, kalitatezko sexu heziketa bat izatea ezinbestekoa da. Europan bestelako ereduak ditugu, haur hezkuntzatik sexu heziketa derrigorrezkoa da, eta curriculumaren barruan dagoen ikasgaia da.

Berez, pornografia txarra da?

Esango nuke mainstream pornografia txarra dela eredu erotiko zehatz bat sustatzen duelako: emakumearen plazera ez du kontuan hartzen eta haren kontra egiten du. Baina, berez, pornografia ez da ez ona ez txarra. Arazoa da sexu hezkuntzarekin ez bada laguntzen. Erotikaren zientzia fikzioa dela ulertu behar dugu, eta, horretarako, sexu hezkuntza programa egonkorrak eta kalitatezkoak behar ditugu.

Zenbateko zabalpena du pornografiak nerabeen artean?

Orain dela gutxiko ikerketa baten arabera, batez beste 8 urterekin hasten da kontsumoa. Baina kontuan hartu behar dugu kontsumitzaileak bi motatakoak izan daitezkeela: aktiboak eta pasiboak. Normalean, 8 urtekoak pasiboak dira: hau da, Interneten agertzen zaie pornografia, edo lagun edo lehengusu batek erakusten die bideo bat. Horren helburua ez da kitzikatzea. Dena den, kontsumitzen dute? Bai. Guk eskoletan esku hartzea egiten dugunean ikusten dugu. DBHn batez ere, mutil gehienak kontsumitzaileak dira, eta neskak geroz eta gehiago.

Nola har liteke esku hain eskura dagoen zerbaitetan?

Azken finean, mainstream pornografia goitik behera deseraiki behar dugu. Gorputz ezberdinak erakutsi behar dira, eta sexu praktiken eta osasuna zaintzearen inguruan hitz egin. Plazera erdigunean jarri behar da, eta ez bakarrik gizonena. Gure gorputza den bezalakoa onartzea da helburua, baina pornografiaren ereduekin oso zaila da. Azkenik, gure erotika eta desirak adierazteko gai izan behar gara.

Heldu askok kontsumitzen dute pornografia. Hipokrisia dago kezka horien atzean?

Bai, badago. Pornografia historikoki gehien kontsumitu den baliabidea da: koltxoi azpiko aldizkariak edo Egiptoko papiroetan dauden iruditegi pornografikoak. Azken hamarkadetan, kapitalismoak bere egin, eta heldu askok kontsumitzen duten produktua bihurtu da.

Gazteek bestelako pornografia kontsumituko balute kezka sortu beharko litzateke ere?

Hasteko, gazteek ez dute bakarrik mainstream pornografia kontsumitzen. Pornografia atari nagusienetan kategoria pila bat daude. Hala ere, hori da gehien kontsumitzen dena. Zoritxarrez, gizartea kezkatuko litzateke, sex erroa duen guztiak eta sexualitatearen inguruko guztiak beldurtzen gaituelako.

Baina sexologo gisa kezkagarria litzateke?

Ez. Eta mainstream-a kontsumitzen badute ere ez, zer ikusten ari diren baldin badakite.

Kontrola, xantaia, intimitatearen inbasioa... Teknologiek errazten dituzten gauzak dira. Nola heltzen zaio gaiari?

Askotan, sare sozialen lanketa egiten da arrisku eta beldurretatik. Plano digitalean izaten diren jokabideak plano analogikoetan izaten direnaren isla dira. Sare sozialetan ezberdintasun bat dago: magnifikatzeko gaitasuna eta arintasuna. Tratu onetan oinarritutako harremanak bultzatu behar ditugu.

Sexu hezkuntza ez da ongi garatu eskoletan? Zer falta da?

Aurrerapausoak eman dira, baina lan handia dago egiteko. Esku hartzeak gehienetan oso mugatuak dira, zertzelada txikiak, eta ez dute jarraipenik. Onena litzateke sexologoaren irudia desagertzea, hau da, sexologook eskoletan sartu behar ez izatea. Sexualitatea haur hezkuntzatik batxilergora arte landu beharko litzateke, zeharka. Baina,horretarako, irakasleen eta gurasoen inplikazioa eta formakuntza beharrezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.