ATZEKOZ AURRERA. Michel Ocelot. Marrazki bizidunen egilea

«Zuei on egitean datza ene ofizioa»

'Le Pharaon, Le beau sauvage et la Princesse' animazio film berria aurkeztuko du Ocelotek bihar Baionan. Zati bat Egiptoko marrazki lauak animatuz egin du. Kiriku pertsonaiak egin zuen ezagun Ocelot.

MICHEL OCELOT.
Ainize Madariaga
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Michel Ocelot (Villefranche-sur-Mer, Okzitania, 1943) jinen da bihar bere lan berriaren aurkezterat Baionako Atalante zinema aretorat, 15:00etan: Le Pharaon, Le beau sauvage et la Princesse (Faraoia, Salbaia ederra eta Printzesa). Kiriku eta Sorgina lanak egin zuen ezagun, zeina euskaraz ere bai baitago. Lan berriak badu artistaren marka: kolore biziak, erritmo organikoa, marrazki biziki landuak, kolore ezin biziagoak eta giza balioen transmititzeko nahikeria.

Lehen irudia urbanoa da.

Kontalaria da egin dudan lehen marrazkia konfinamendu garaian, herri osoa geldi-geldia baitzen, lanetik gelditua, ni bezalakoak salbu. Lanik egiten ez zuten langileak ordaintzeko diru anitz isuri da, gero itzuli beharko dena, karrika guziak hustuak... Aztoratua nintzen. Ene buruari erran nion: «Eritasun sinestezin hau gaindituko dugularik arraeraiki beharko da dena». Horregatik egin nuen berreraikuntza obra bat, eta hor langile jantzi urdinez beztitutako ipuin kontalari emazte garaikidea. Langilez jantzia bai, baina kriketa, ez baitu zertan itsusia izan! Badu fular dotorea, eta bere gisako orrazkera. Beraz, berreraikuntzan ari bagara, egin dezagun ipuinak elkarri kontatuz.

Zerk zaitu akuilatu hiru ipuin hauek hautatzera: Egiptokoa, Auverniakoa (Okzitania) eta XVIII. mendeko Otomandar Inperioan girotutakoa? Ongi akitzen diren amodio istorioak kontatzen dituzu. Baina kontrastea ere egiten: borreroa agertzen baita, urkatzea, ziega, traizioa, botere abusua...

Halakoak dituzu ene ipuinak oro: norabait daramaten ipuin txiki ederrak. Beti asko dut kontatzeko. Hiru istorioek ez dute zerikusirik elkarren artean, manera batez edo bertzez iritsi zaizkidanak dira. Faraoiarena, adibidez, Louvre museoko zuzendariak eskatu zidan. Oso baldintza onetan landu ahal izan dut. Bigarrena, irakurritako ipuin batetik bildu dut, gainean idatzi nion: «Filmatzekoa». Eta azkenekoa, ez hain serioa, jostatzeko amiñi bat, aspalditik banuen enbeia baliatzeko apainketa eta kostuma turkiarrak; horri gehitu diot fantasia.

Zer dakar berri obra honek zuretzat? Atzealde batzuk irudi errealistekin egin dituzu adibidez.

Ez du gauza handirik berri, baina lan ederra egin dugu Egiptorekin, hango murruetako marrazkiak imitatu ditugu, irudi lauak animatu ditugu, arte egiptoarra animatu dugu, sekula egin ez genuena. Bigarrenean, silueta baliatu dut, laket dut tarteka horren erabiltzea. Eta hirugarrenean, tresna informatikoei esker animatutako txotxongiloak dira; apaindu dut anitz: brodatuak, bitxiz eta kolorez gainezka...

Hainbat sari errezibitu duzu. Zer espektatiba duzu lan berriarekin?

Oren bat eta hogei minutuz zuek denak uros egiteko egin dut. Hortan datza ene ofizioa: animazio filmak egitea zuei on egiteko, bukaeran atseginak emanez, azalean nahiz sakonean.

Adierazgarria da zure lanetako aniztasun kulturala. Ginean iragan duzun haurtzaroaren herexagatik dea?

Ez dakit azaltzen. Ene haurtzaroa Ginean eta Frantzian iragan ditut. Bi herri horiek elkar ezagutzen ez bazuten ere, ni bietan eroso nengoen. Abiatze ona zen: bainekien bazirela herri zinez ezberdinak. Horrela segitu dut, edonora joanez eta edozer ikasiz. Ontsa baliatu naiz, nazioarteko arrakastari esker munduko herri kasik guziak bisitatu ditut, Australia izan ezik. Uste dut berriz eginen dudala aldi honetan ere.

Sentitzen duzua Afrikarekiko zorrik, han bizi izan baitzara baina kolore kolonialekoa baitzara?

Ez. Uros naiz ene haurtzaroaz etaAfrikako mezularia erreusitu izanaz: Kiriku eta sorgina. Afrika ene baitan dut. Onginahiaz inguratua nintzen, garaian ez baitzen batere bortizkeriarik, eta ene baitan dut jendearen edertasuna; besten karietara zeinen ongi beztituak ziren, zenbat forma eta kolore...

Zer diozu jabetze kulturalaz?

Egin ditudan ipuinak herri orotatik jin zaizkit, eta eneganatu ditut. Ene herria lurra da. Ez diot poxelurik ikusten bertze nehork frantses ipuinak hartuko balitu. Ez dut uste egiten dudana jabetze kulturala denik. Ez diot nehori debekatzen landu dudan istorio baten hartzea, mugimenduan diraute.

Kiriku eta Sorgina euskaraz ere badugu.

Kiriku zinez trebea da lengoaiendako. Ez dut kontatu zenbat dakizkien, baina guzietan ezagutzen dut.

Gorputz biluziak erakusten dituzu, Kaledonia Berriko egoera politikoa islatu izan duzu... Balioz beteriko mezuak dauzkate zure obrek.

Bai; Kirikuk transmititu nahi ditu onginahia eta gorputz biluziak ikustearen ahalkerik ez izatea, ene haurtzaroko balioak ziren. Afrikan gorputzak existitzen ziren, nehorjenatua izan gabe. Uste dut hori ere afrikarrei helarazi diedala, ene iraganean ezagutu dudana ez baita gehiago oraingo bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.