Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Koldo Tellitu. Idazlea

«Jugonostalgiko asko dago gure artean ere»

Nostalgia bada ariketa bat, eta Jugoslaviari buruzko ariketa hori egin du Tellituk bere lehen liburuan: 'Mi Yugoslavia, tan incomprendida'. Bidaia bat da, eta gida bat, herrialde hark utzitako arrastoetan barrena.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko abenduak 20 - Donostia

Josip Broz Tito eta Fidel Castro, Vlade Divac eta Drazen Petrovic, Mostarreko zubia, emakume partisano bat... Koldo Tellitu (Barakaldo, Bizkaia, 1966) Ikastolen Elkarteko lehendakariaren lehen liburuaren azala Haize Bilbaok ilustratu du, eta ematen ditu mamiaren pistak. Mi Yugoslavia, tan incomprendida (Nire Jugoslavia, horren gaizki ulertua): jugonostalgia ariketa bat.

Gazteleraz, zergatik?

Nire lehen proiektua da, eta hemendik kanporako proiekzioa eman nahi nion. Ongi baloratu nuen. Agian gero euskaraz aterako dut.

Jugoslavia, zergatik?

Hango kirola eta politika izan ziren honen guztiaren abiapuntuak.

Futbol partida bat, alegia.

Espainia-Jugoslavia partida, Frankfurten, 1974an, Munduko Koparako sailkatzeko. Espainian dena geldiarazi zuten partida hura ikusteko. Aitarekin ikusi nuen. Ezker abertzaleko familia zen gurea. Pentsa dezakezu norekin gindoazen. Jugoslaviak irabazi zuen. Hamarkada horretan beste hiru aldiz ere aritu ziren elkarren kontra. Jugoslavia bihurtu zen Espainiako kirol prentsaren etsairik handiena. Hor jaio zen Jugoslaviarekiko nire zaletasuna.

Esperientzia politikoaz gain, Jugoslavia esperientzia kulturala, soziala eta kirol arlokoa izan zela diozu liburuan.

Esperientzia sozialista autogestionarioa izan zen Jugoslavia, eta ezaugarri propioak izan zituen kirolean, kulturan eta arlo sozialean.

Libururen tituluan diozu gutxik ulertu zutela haren balioa.

Hala da, eta mendebaldean oso nabarmena da hori. Egia da oso sarri idazten dudala Jugoslaviari buruz sare sozialetan, eta geroz eta zale gehiago ari direla agertzen, baina ezkutuan daude: zaletasun ezkutua izan da Jugoslavia.

Zergatik? Adibideren bat?

Gatazka bat itsusten denean, askok esaten dute: 'Gatazka balkanizatu egin da'. Badago Jugoslaviafobia gure gizartean, Serbiafobia bihurtu dena orain.

Jendeak ba ote daki Koldo Tellituk Baskonian jokatu zuela?

Ongi azaldu behar da hori [barrez], baina bai, bi partida jokatu nituen ACBn, Baskoniarekin. Oso gazte debutatu nuen. Junior mailan oso ongi aritzen nintzenez, noizean behin talde nagusiarekin joaten nintzen, nahiz eta garai hartan ez zen ia aldaketarik egiten.

CAI Zaragozaren kontra izan zen?

Erabakita zegoen jada partida, eta uste dut partidako aldaketa bakarra izan zela nirea. Minutu bat falta zen, eta 25 puntu behera gindoazen. Oraindik gogoan daukat Kevin Magee historikoak nola begiratu zidan kontrarioen aulkitik: «Umemoko halakoa», esanez bezala.

Zer dio Los Chikos del Maiz taldearen abestiak?

La vida sense tu izeneko abestian ari dira Jugoslaviari buruz. Besteak beste, zera diote: «Jugoslavia gabe, saskibaloia jada ez da berdina, eta Olinpiar Jokoak, txerrikeria». Txantxa modura, lagunei bidali nien letra, libururako egindako abestia zela esanez, eta sinistu egin zuten batzuek [barrez].

Musika presente dago liburuan.

Oso presente. Benetan ezezaguna baita Jugoslaviako new wave mugimendua, eta izugarria izan zen hura: milaka talde izan ziren; Ingalaterraren atzetik, munduko eztandarik handienetan bigarrena izan zen.

Jugoslaviari antzekotasun asko topatzen dizkiozu liburuan Euskal Herriarekin.

Kooperatibismoa, autogestioa, hezkuntza, autodeterminazioa... Jugoslaviako kooperatibismoa izan da gure artean ziurrenik ezagunena, baina beste alor askotan egiten du gure historiarekin bat.

Ongi amaitu zen Jugoslavia?

Ez, ez zen ongi amaitu. Horregatik izena du liburuko kapitulu horrek Abertzale baten kontraesanak. Subiranotasun eskubidearen aldekoa naiz, eta hura ere izan balitz herrialde sozialista txiki bat sortzeko... Baina sortu zutena, bereziki Kroaziarena... Badaude hor kontraesan batzuk, eta esplikatzen ditut liburuan. Esperientzia sozialista autogestionario ederra izan zen Jugoslavia, ezaugarri bereziak zituena. Garbi daukat kanpoko eraginarengatik joan zela pikutara; eta Alemania seinalatzen dut liburuan.

Non gelditu da hura? Nola dago gaur egun Jugoslavia zena?

Aurten izan gara Belgraden, Spliten, Mostarren... Nola dauden? Serbiarrak bereziki oso harro daude euren esperientziarekin. Jugonostalgia oso barneratuta dago han, baita eskuineko alderdiak bozkatzen dituztenen artean ere. Beraiek badakite garai haiek hobeak izan zirela, bereziki Serbiarentzat, baina ez dute lortzen hori artikulatzea. Kroazia, berriz, zatituta ikusten dut erabat, eta pintaketa naziz betea. Portzierto, Luca Modric da ia denetan protagonista.

Jugonostalgia, beraz, kontzeptu bat baino gehiago da.

Bai, bai. Eta ez da nik asmatua. Oso estandarra da. Jugonostalgia haiek erabiltzen duten kontzeptua da, oso barneratuta dutena, eta gure artean ere Jugonostalgiko asko daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.