EKOGRAFIAK

Hurrengorako

Lander Arretxea -

2019ko ekainak 4
Akabo Autentikoak. Mikel Pagadi eta Fermin Etxegoienek aurkeztutako late night formatuko saioak zazpi atal izan ditu, eta ez ditu gehiago izango. Hala iragarri dute: etzi emango diote amaiera, Mikel Aiestaran eta Moriartiko lantaldearen bisitarekin. Heriotza goiztiarra azaltzeko bi aitzakia edo motibo eman ditu —edo hala eman dizkio— ETBk saioa egiten duen Orio ekoiztetxeari: ikusle datu kaskarrak lehenik —%1,36ko kuota, ETB1en batezbestekotik behera—, eta bigarren, helburu zuten tonura iritsi ez izana.

Zenbakiei dagokienean, aurreikustekoa zen: eredu gisa Movistar+en La Resistencia saio hartu dute (besteak beste), eta halako edukiak Youtuben edo gisakoetan ikusten dira batik bat. Edo atal laburretan, zuzenean Facebooken edo Twitterren, estekarik gabe. ETBk, salbuespenekin, ez ditu baliabide horiek erabiltzen. Ikusle datuak baino erreferentzia esanguratsuagoa dira Nahieran-en izan dituen ikustaldiak, esaterako; Autentikoak saioaren xede taldea izan daitezkeenak —gaitezkeenak— ia ez dute zuzeneko telebista ikusten. Eta ikusten badute, gero eta gutxiago.

Argigarriagoa da bigarren azalpena: tonuarena. Zuzentasun politikoaren mugak —kasu gehienetan, gizontasun kasposo samarretik— desafiatzen dituzten Espainiako umoregileen eredua jarraitu nahi izan dute, baina ez dute lortu lur labainkor horietan erritmo aproposa eta helduleku sendoak aurkitzea. Lehen atalean joera hori gonbidatuekin orekatu bazuten, ondorengoetan nabarmenagoa izan da kontrapuntu horren falta. Neurria hartzeko astirik ere ez dute izan, dena esan behar bada.

Motiboa gorabehera, ETB umorea ardatz duen late night saiorik gabe geratuko da, etorriko direnen zain. Hurrengo saiakerarako —eta temati Espainiara begiratzen jarraitu nahi izanez gero ere— badira Autentikoak-ek bilatu duena baino tonu interesgarriagoak. Euskal Berto, euskal Broncano edo euskal Coronas sortzeak ez baditu fruituak eman, zergatik ez saiatu euskal Bob Pop, Isa Calderon edo Patricia Sornosarekin? Edo are, zergatik ez, Espainiako telebista behingoz ahaztuta, umoregile eta tonu berriak bertako antzoki txiki, sare edo gaztetxeetan bilatu? Erradikalak ginen, Barrexerka, Bakean dagoenari bakean utzi!, Napardeath... Ez da izango non begiratu ez dagoelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna