Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Arriskua

2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Arteak sentimendu asko sor ditzake: nazka, tristura, asperdura, gorrotoa, maitasuna edota antsietatea. Sentimenduak helarazteko sortzen da artea, eta modu askotan ikusi dugu gizakiaren historian zehar. Margolanak, eskulturak, arkitektura edota zinema emozioak eta istorioak kontatzeko bideak izan dira. Aurreko astean Euphoria (HBO Max) telesailak egin zuen geldiuneaz idatzi nuen. Telesaila Lexiren antzezlanaren barruan sartu zen zazpigarren kapituluan. Horren bitartez, ikus-entzuleoi arnasa eman zigun. Antsietate maila jaitsi ostean, azken kapitulua indartsu etorri da, eta protagonista batzuk film batean bezala sentitu direla esan dezakegu.

Telesailak geldiune beharrezkoa eduki eta gero, azken kapituluetan ikusi dugun antzezlanak geldiune arraro bat izan du. Lexiren ahizpa eszenatoki gainera igo da, eta aktore bati eraso egin ondoren, iskanbila sortu da bere lagunekin. Lexi antzezlan horren zuzendaria da; bere ahizpak sortatuko gertakarien ostean, gela batean itxi da. Antzezlanarekin jarraitzeko beldur da, eta bere laguntzaileak gako hitzak eman dizkio aurrera egin dezan. Artea arriskutsua izan daitekeela esan dio. Lexik arriskua aurretik hartu zuen, antzezlana idazten hasi zenetik bazekien ez zela bere ahizparen gustukoa izango. Hori jakinda ere, aurrera egin zuen castingarekin: eskola guztiaren aurrean aurkeztu du lana.

Azken kapituluan, protagonista askok arrisku desberdinak hartu dituzte. Erabaki horien ondorioz, batzuk txalotuak izan dira eszenatokiaren aurrean, eta beste batzuek beren bizitzak guztiz aldatu dituzte. Telesaila bizitzan dauden gauza arriskutsu askoren inguruan mintzo da. Droga-mendekotasuna izan da nabarmenena, baina azkeneko kapituluetan armen presentzia handitu egin da, eta eskolatik kanpo tiroketa bortitz bat ikusi dugu. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga fina agerian geratu da; biolentzia fisiko eta psikologikoa presente egon da.

Lexiren ahizpak, aldiz, komunean amaitu du, bere lagunekin. Aurretik hartutako erabaki arriskutsu batek eraman du egoera horretara. Bere lagun onenarekin haserre amaitu du mutil batengatik. Bere lagunaren kolpea jaso ostean, errealitatea zein den ikusi du. Arriskutik urrundu dela dirudi, baina inoiz ez dakigu noiz itzuliko den gurera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.