ATZEKOZ AURRERA. Aritz Salamanca eta Gorka Dagerrezar. Tio Teronen Semeak taldeko kideak

«Oso informalak gara, eta horixe islatu nahi dugu plazetan»

'Festamentua' izeneko ikuskizun berriarekin bira egiten ari da Tio Teronen Semeak taldea: 'festa' eta 'testamentua' hitzekin egindako jokoa baliatu dute, berezkoa duten umorea galdu gabe.

BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Hamabost dantzarik eta lau musikarik osatzen dute Tio Teronen Semeak taldea, eta horko kide dira Aritz Salamanca (Lezo, Gipuzkoa, 1979) koreografo eta dantzaria eta Gorka Dagerrezar (Donostia, 1979) perkusionista. Freshcool izan zen taldearen lehenengo ikuskizuna, eta Festamentua estreinatu berri dute: bihar emango dute Andoainen (Gipuzkoa).

Kasualitatez, ez zaizue umore beltza gustatuko, ezta?

ARITZ SALAMANCA: Umoreak zoratu egiten gaitu: Freshcool-ek eta Festamentua-k komunean zerbait badute, hori umorea da, baita tradizioarekiko lotura bat ere. Euskal dantza tradizionalen musika eta pausoak dituzte biek, baina beti umoretik. Egiten dugunari ez dizkiogu umore zertzeladak ematen, hori baino gehiago baita; ez dakigu esaten gehiago ote den dantza emanaldi bat edo umorezkoa.

Zenbat du festatik Festamentua-k, eta zenbat testamentutik?

A. S.:Spoiler-ik egin gabe, Festamentua-n festa egiten saiatuko gara. Hitz joko bat da, ezin dugu kontatu zergatik, baina esan dezakegu oso ilun hasi arren nolabait saiatzen garela horri buelta ematen.

Kalean egin ohi dituzue saioak: zergatik?

A. S.: Hasieratik pentsatu genuen hala egitea, deskubritu genuelako publikoa desberdina zela. Dantza oholtzan egin izan dugu beti, edo antzokietan, baina gure saioek ondo funtzionatzen dute kalean, eta ez dugu planteatzen, inondik inora, antzokian egitea: sortu ere, helburu horrekin sortu genituen.

GORKA DAGERREZAR: Oztopo txiki batekin beti: euria [barreak]. Antolatzaileei askotan eskatzen diegu B plan bat izan dezaten badaezpada; bitan-edo saioak bertan behera utzi behar izan ditugu.

Musika eta dantza uztartzen dituzue; tradizioari eusten diozue, baina gaur egungo ukituekin. Nola moldatzen zarete biak sortzeko?

A. S.: Abiapuntu bat hartzen dugu beti, erabakiz pieza tradizionala izango den edo ez, eta bide bat edo beste hartzen dugu horren arabera. Pieza tradizionala bada, bestelakoekin fusionatzen saiatzen gara, beste ukitu bat ematen, aktualagoa, eta diziplina gehiagorekin nahasten. Eta alderantziz. Normalean, koreografia sortzen dugu lehenengo, eta gero uztartzen dugu musikarekin, proposamenak eginez.

G. D.: Musikarion kasuan, dantzariek egiten dituzten pauso edo keinuen arabera erabiltzen ditugu instrumentu batzuk edo beste batzuk.

Besteak beste, Michael Jacksonen abestiak godalet dantzarekin uztartu dituzue. Ortodoxorik etorri zaizue kontu eske?

A. S.: Egia esan, ez genekien jendeak nola hartuko zuen. Izatez, egun bakarrerako prestatu genuen hasieran, eta gero, izan genuen arrakastaren ondoren, hasi ginen Freshcool ikuskizun bezala prestatzen bira bat egiteko. Gure jarraitzaile guztiak edo ia gehienak dantza tradizionaletik datoz: ulertzen dute guk egiten duguna aparteko gauza bat dela, eta gertuago dagoela antzerkiaren eta umorearen eremutik.

G. D.: Lehen hura izugarri zabaldu zen sare sozialetan. Espainiara ere iritsi ziren bideoak: pentsa, Andaluziako lagunek idatzi ziguten.

Dantza tradizionalak zurrunegiak dira zuentzat, edo kontrakoa?

A. S.: Orokorrean, dantza oso solemneak dira; badauzkagu inauterietako dantzak, edo fandango eta arin-arinak, alaiagoak, baina normalean dantzak zehatzagoak dira. Guk hori hautsi egin nahi genuen Freshcool-en; egunerokoan ez gara hain serioak eta zorrotzak: askoz informalagoak gara, eta horixe islatu nahi dugu plazetan. Euskal Herrian, oso gutxitan ikus daitezke halako gauza umoretsuak dantzan.

Aurreskua entseatzeko kantatzen den letrarik gabeko abestiagatik hautatu zenuten taldearen izena, ezta? Nola erreakzionatzen du jendeak azaltzen diezuenean?

A. S.: Hala da, bai. Desberdin abesten da Euskal Herriko leku ezberdinetan, baina gure inguruan Tioteron, tirero tero tero ateratzen zaigu automatikoki. Tio Teronen Semeak esatea «dantzaren semeak» esatea bezala da guretzat, eta gustatzen zaigu gure abesteko modu horri erreferentzia egitea, gure inguruko dantzari komunitateak segituan identifikatzen baititu onomatopeia horiek.

G. D.: Jendeari esplikatzen diogunean, erreakzioa beti bera izaten da: «A, noski! Ez naiz konturatu, ze ona!». Esan behar dut batek baino gehiagok esan didala beraien iloba edo alaba txikiak euskal dantzak ikastera animatu direla gu ikusita.

A. S.: Euskal dantza tradizionalik gabe, taldea ez litzateke existituko: hori da gure oinarria. Oraindik jarraitzen dugu zenbait dantza taldetan, eta harro gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.