ATZEKOZ AURRERA. Anna Agudo. Escamot Catalako kidea

«Hizkuntza bera hitz egin ez arren, dantzaren bidez elkar uler gaitezke»

Iruñean, Altsasun, Elgetan, Durangon eta Zarautzen izan da egunotan Escamot Catala: musikari eta dantzariek osatzen dute taldea, inguruan harrapatzen dituztenak ere dantzan jartzeko asmoz.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Musika oso presente dago Anna Agudoren bizitzan (Sabadell, Katalunia, 1979). Musika irakaslea da, eta, gainera, Escamot Catala taldeko kidea. Leku bat aukeratu, eta dantzan jartzen dira, ingurukoak ere dantzara animatuz; denetarik dago haien artean, dantzari profesionalak dira batzuk, amateurrak beste batzuk. Agudok panderoa jotzen du, dantza egiten du, eta, azkenaldian, abestu ere egiten du: Euskal Herrian izan dira ostegunetik igandera, eta oso pozik itzuli direla nabarmendu du. Whatsapp taldea «sutan» omen dute oraindik.

Katalanak Euskal Herrian eta ez castell bat egiten: ez zaituztete arraro begiratu?

[barreak] Ez, ez, baina egin genezakeen, taldekide bat casteller baita! Izatez, oraingoan ez dugu egin, baina gogoan dut beste batean egin genuela, zutarri egiturakoa.

Lortu duzue Euskal Herriko gerriak dantzan jartzea?

Bai, bai! Etorri aurretik, batek baino gehiagok esan izan digu: «Ikusiko duzue, oso zaila da euskaldunei dantza eginaraztea». Baina ezta hurrik eman ere: dantzetako batean, borobiletik atera nintzen boluntario baten bila, eta segituan topatu nuen!

Harrera ona egin dizuete, beraz.

Oso ondo, oso pozik gaude. Aurten, gainera, sekulako zortea izan dugu: elkarte gastronomikoetara gonbidatu gaituzte, eta horrek jendea gehiago ezagutzeko aukera eman digu. Igandean balorazio bilera egin genuen, eta asko hitz genuen horiei buruz: afariaz gain, dantza eta musika ere partekatu genituen. Oso polita izan da: Zarautzen [Gipuzkoa] esan ziguten 07:00etan esnatu zirela guretzako marmitakoa prestatzen hasteko... Izugarri ona zegoen, eta oso eskertuta gaude: etxean bezala sentiarazi gaituzte.

Besteak beste, Altsasun egon zarete, elkartasun keinu gisa.

Katalanek eta euskaldunek ondo ulertzen dugu elkar. Euskal Herrian aspalditik ezagutu duzuena orain bizitzea egokitu zaigu guri, eta oso garbi geneukan Altsasuri babesa eman nahi geniola. Zapiak erabiltzen ditugu dantzarako, eta, aurten, horiak egin ditugu, gure preso politikoen aldeko keinu gisa. Besterik ez bada ere, injustizien aurkako protesta egin nahi genuen, eta gure babesa erakutsi gaizki pasatzen ari direnei.

Dantzaren bidez egin ere: leku batera iritsi, eta dantza egiten duzue, besterik gabe. Zein helbururekin?

Zoriontasuna partekatzeko modu bat eskaintzen dit dantza egiteak. Dantza nahiko errazak egiten ditugu, eta oso erraza da jendea eroso sentitzea: segituan ikusten dituzu irribarreak, konplizitatea, jokoa... Talde baten parte izatearen sentsazioa ere ematen du: nahi duzunean atera zaitezke, nahi duzunean sartu, eta beti zara ongietorria. Teknologiak nagusi diren garaiotan, zentzuen bidez jendearekin konektatzeko behar handiagoa sentitzen dut: dantza egitean ukimena erabiltzen da, entzumena... Hizkuntza bera hitz egin ez arren, dantzaren bidez, elkar uler gaitezke: magia da.

Zuenaren gisako talde asko daude Katalunian?

Egia esan, ez. Igandeko bileran komentatzen genuen, ez dela oso arrunta egiten duguna. Niri neuri asko laguntzen dit taldeak: ez dago entsegurik; beraz, dantza egitera ausartu behar dut aldi bakoitzean, eta ahal dudan ondoen egiten dut. Eta, orokorrean, ez gaude horretara ohituta: gauzak oso landuta izan arte ez dira plazaratzen normalean.

Izango da, ordea, dantzan ez dakielako lotsatuta izkina batean begira geratzen denik...

Guk egiten ditugun saioak ikusita, jendea konturatzen da edonork parte har dezakeela: oso irekiak gara. «Dantza gutxi egiten duzu? Lasai, ez da ezer pasatzen, nik erakutsiko dizut: zuk, ondo pasa». Hobeto edo okerrago, baina mundu guztiak kantatu edo abes dezake, zoriontasuna ematen baitu.

Euskal dantzarik ikasi duzue?

Gutako batzuk euskal dantzekin maiteminduta gaude, eta udan Euskal Herrira joan eta ikastaro bat egiteko gogoz gaude: astebetetxo bat egon nahi genuke gutxienez. Joaten garen bakoitzean, dantza desberdin bat ezagutzen dugu, eta gogotsu gaude gehiago ikasteko.

Zein da gehien gustatzen zaizun dantza?

Ziurrenik, zirkulu zirkasianoa: dantzakidez aldatzen zoaz denbora guztian, eta oso dibertigarria da. Oso berdinzalea da, gainera: zirkuluan sartu berri den norbaitek dantza egin dezake, ideia askorik eduki gabe, dantzari oso on bat ondoan duela. Nire ustez, oso polita da hori.

Zer eraman duzu Kataluniara?

Elkarte gastronomikoekin gelditzen naiz. Ongi jan eta dantza egiteko leku paregabeak dira, eta guk ez daukagu halakorik: jan ostean mahaiak eta eserlekuak albo batera jarri eta dantza egitea izugarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.